Euskal Herriko kirolariak hasi dira lehiatzen Tokioko Olinpiar Jokoetan. Unai Simonek, Mikel Merinok, Mikel Oiartzabalek eta Jon Moncayolak Espainiako futbol selekzioarekin jokatu dute gaur, Sapporon (Japonia), Egiptoren kontra, ligaxkako lehen jardunaldian, eta partida hutsean amaitu da. Espero bezala, Espainiarena izan da baloi jabetza, baina ezin izan du aukera oso argirik sortu, eta horietan ez du atearen aurrean asmatu.
Simonek, Merinok eta Oiartzabalek titular jokatu dute. Realeko erdilariak eta aurrelariak 68 minutu jokatu dituzte. Moncayola ez du hasieratik zelairatu Luis de la Fuente Espainiako selekzioaren hautatzaileak, baina azkenean bigarren zati osoa jokatu du. Martin Zubimendi ere Olinpiar Jokoetan dago, baina gaur ez dute deialdian sartu.
Dominen lehian egoteko faboritoetako bat da Espainiako selekzioa. Australia eta Argentina dira C multzoko beste bi selekzioak, eta, hain zuzen, Australiaren kontra arituko da hurrena, igandean, 12:30ean —Euskal Herriko ordua—. Multzoko aurreneko biak sailkatuko dira final-laurdenetarako.