Futbola

Espainiak eta Belgikak egin dute aurrera, eta elkarren aurka ariko dira final-laurdenetan

Portugalek eta Espainiak oso partida estua jokatu dute, baina lehia bukatzear zela, 91. minutuan, Mikel Merinok neurketako gol bakarra sartu du: 0-1. Belgikak nagusitasunez irabazi dio AEBetako selekzioari: 1-4.

Mikel Merino. FIFA
Mikel Merino berak sartutako gola ospatzen. FIFA
Julen Etxeberria - Ekain Tolaretxipi
2026ko uztailaren 6a
23:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainia eta Belgika Munduko Kopako final-laurdenetarako sailkatu dira. Luis de la Fuentek zuzentzen duen taldeak azken minutuetan Mikel Merinok erdietsitako gol bati esker lortu du aurrera egitea. 0-1 hartu du mendean Portugal, eta, hamasei urteren ondoren, zortzi onenen artean izango da. Belgikak garaipen erosoagoa lortu du: 1-4 irabazi dio AEBetako selekzioari. Belgika markagailuan aurretik jarri bada ere, Mauricio Pochettinok zuzentzen duen selekzioak berehala erantzun du, eta partida berdintzea lortu du. Baina Europako selekzio horrek Senegalen aurkako kanporaketaren azken txapan izan zuen izaera lehiakorra erakutsi du beste behin, eta azkenerako nagusitasunez gailendu da. Horrenbestez, Espainia eta Belgika nor baino nor gehiago izango dira final-laurdenetan. Partida hori ostiralean jokatuko dute, 21:00etan.

PORTUGAL 0-1 ESPAINIA

Espainiako selekzioak gaizki ekin zion Munduko Kopari, eta hutsean berdindu zuen Cabo Verderen aurka. Afrikako selekzio hori txapelketak aurrera egin ahala oso lehiakor aritu izanagatik ere, lehen partida horretan oso itxura eskasa eman zuen Espainiak. Hiru aste pasatu dira orduz geroztik, eta, tarte horretan, Espainiak bidea zuzendu du. Pausoz pauso ari da bidea egiten, eta jada final-laurdenetan dago.

Gaur gauean sailkatu da kanporaketa horretarako: 0-1 irabazi dio Portugali Dallasen (AEB), final-zortzirenetan. Hortaz, hobetu egin du duela lau urte Qatarren jokatutako Munduko Kopan egindako lana: orduko hartan, final-zortzirenetan joan zen kalera. Portugalek, aldiz, Qatarren baino bide laburragoa egingo du oraingoan, eta kanporaketa bat lehenago esango du agur.

Bi selekzioetako hautatzaileei, Luis de la Fuente Espainiakoari eta Roberto Martinez Portugalgoari, gustatu egin zaie euren jokalariek final-zortzirenetan egin duten lana, eta zera pentsatu dute: ez aldatu ondo dabilena. Hala, ia ez dute aldaketarik egin hasierako hamaikakoetan. De la Fuentek azken partidan hasieratik zelairatu zituen 11 jokalarien alde egin du berriro. Martinezek, berriz, aldaketa bakarra egin du: Joao Felix jarri du hasieratik, Rafael Leaoren ordez.

Apustua hobeto atera zaio Espainiari lehen minutuetan. Baloiaren jabe egin da, eta, bizi-bizi jokatuta, arriskua sortzen hasi da. Lehen ordu laurdenean hirutan egon da gola sartzekotan, baina ez Oiartzabalek, ez Lamine Yamalek, ez Alex Baenak ez dute asmatu. Oiartzabalek izan du aukerarik garbiena, baina kanpora bidali du baloia Diogo Costa atezain portugaldarraren aurrean bakar-bakarrik zegoela.

Gogotik sufritu du Portugalek neurketa hasieran, baina, pixkanaka-pixkanaka, gai izan da Espainiarekin nor baino nor gehiago aritzeko. Lehen zatiaren azken minutuetan estutu du gehien aurkaria, eta, horri esker, aurreneko gol aukerak izan ditu. 38. minutuan, Unai Simonek geldiketa ona egin dio Cristiano Ronaldori. Askoz argiagoa izan da 41. minutuan Nuno Mendesek izan duen aukera. Area kanpotik jaurti du, eta baloia sareetara zihoala, Pedro Porrok buruz ukitu du, eta baloiak langa jo du.

Aurrenekoz partidan bere burua larri ikusi arren, Espainiak ez du atzera egin, eta bi selekzioek erasora jokatu dute lehen zatiaren amaieran. Hala ere, ez batak, ez besteak ez du jaso ahaleginaren saria, eta golik gabe amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatiari ere erasokor ekin diote bi selekzioek. 54. minutuan, albiste txarra jaso du Portugalek, Nuno Mendesek min hartu baitu, eta zelaia utzi. Ezker hegaleko atzelaria oso ondo ari zen: defentsan, bikain ari zitzaion eusten Lamine Yamali; eta, erasoan, arriskua sortzen ari zen. Martinezek Nelson Semedo zelairatu du haren ordez.

Aldaketa horrek apur bat desorekatu du ordu arteko oreka Espainiaren alde, eta, pixkanaka, selekzio hori hasi da zelaian gailentzen. Hori gelditzeko asmoz, 71. minutuan, Portugalgo hautatzaileak Diogo Dalot eta Rafael Leao zelairatu ditu Joao Canceloren eta Joao Felixen ordez. Aldaketak egin eta hurrengo jokaldian, ordea, Lamine Yamalek estu hartu du Diogo Costa falta jaurtiketa batean. Beste horrenbeste egin du Bruno Fernandesek Unai Simonekin handik gutxira, baina haren jaurtiketa kanpoko sarera joan da. 

Azken txanpari ahalik eta freskoen ekiteko, De la Fuentek eta Martinezek aldaketa dezente egin dituzte: Espainiako selekzioan, Ferran Torresek, Fabian Ruizek eta Mikel Merinok Baena, Pedri eta Dani Olmo ordezkatu dituzte, eta, Portugalen, Bernando Silva eta Francisco Conçeiçao Bruno Fernandesen eta Pedro Netoren ordez zelairatu dira. Hain zuzen, zelaira irtendako bi jokalariri esker sartu du gol erabakigarria Espainiak, 91. minutuan: Torresek pase zehatza eman dio Merinori, eta hark ez du huts egin. Gutxi falta zen neurketa bukatzeko, baina Bernando Silva eta Joao Neves berdintzekotan egon dira. Ez dute asmatu, eta hortxe amaitu da neurketa. 
 

(ID_16259858) FIFA WORLD CUP 2026
Romelu Lukakuk sartu du Belgikaren laugarren gola. STEPHEN BRASHEAR / EFE
AEB 1-4 BELGIKA

Inor gutxik pentsatuko zuen Belgika Munduko Kopako zortzi onenen artean sartuko zela. Aro loriatsua izan zuen selekzio horrek. Baina egun Rudi Garciak entrenatzen du, eta aldaketa garai betean dago. Hala ere, nagusitasunez irabazi dio AEBetako selekzioari: 1-4. Belgika markagailuan aurreratu bada ere, Mauricio Pochettinok zuzendutako multzoak norgehiagoka berdintzea lortu du, baina hortik aurrera Europako selekzio hori nagusi izan da.

Aurretik izandako polemika batekin hasi da norgehiagoka. Donald Trumpek, AEBetako presidenteak, Gianni Infantino FIFAko presidenteari deitu zion, Balogun aurrelariari txartel gorria kentzeko. Jakina da bi presidenteek harreman estua dutela. Eta, azkenik Balogunek jokatu egin du, UEFA bera horren aurka egon arren. Dena den, ez dio ezetarako balio izan.

Norgehiagoka hasi eta berehala, Castagnek korner batean aldaratzea hartu, eta areaz kanpotik egindako jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Freesek. Hori izan da Belgikaren lehen abisua, eta Pochettinoren jokalariek ikusi dute atzean sendo aritu beharra zeukatela aukerak eduki nahi bazituzten. 9. minutuan iritsi da partidako lehen gola: Richardsek ez du baloia ongi urrundu, eta akats hori baliatu du Raskinek; De Ketelaereri pasea eman, eta hark maisutasunez sarean sartu du baloia: 0-1.

31. minutuan iritsi da berdinketaren gola. Tillmanek falta bat jaurti du, baloiak Belgikako jokalari baten buruan jo du, eta sare barrura sartu da. Gol garrantzitsua izan da etxekoentzat, partidan sartzeko balio izateaz gain, hauspotzeko ere balio izan dielako. Pozak, baina, ez dio asko iraun Pochettinoren taldeari; izan ere, Trossardek barrualdera egindako jokaldi batean erdiraketa on bat egin du, eta De Ketelaerek buruz egindako errematea sareetara joan da: 1-2.

Belgikak min egiten jarraitu du, eta AEBetako selekzioak sufritu egin du lehen zatiko azken minutu horietan. 57. minutuan, Belgikak baloi luze milimetriko bat jarri, eta, atezainak eta atzelariak egindako akats baten ondorioz, Vanakenek 1-3koa jarri du markagailuan. Ordurako estu zeuden AEBak. Bada, gol horrek, bai emaitzagatik zein jasotzeko moduagatik, erabat atera ditu norgehiagokatik. Horren ondoren, ez dute kolpeari aurre egiteko modurik aurkitu.

Berhalterrek ere izan du aukera areaz kanpotik 79. minutuan, baina baloia kanpora joan da. Balogun protagonista izan da norgehiagoka aurretik, eta pase luze eta on baten ostean aldeak murrizteko zorian egon da, baina Courtoisek ondo erantzun dio jaurtiketari. Partidaren hondarrean, AEBak atzean bigun zebiltzala baliatuz, Romelu Lukakuk baloia lapurtu du, eta laugarrena sartu du Belgikarentzat. Horrela amaitu da norgehiagoka.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA