Txirrindularitza

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du onartu Vueltako protestak ikertzeko ACOM elkarteak egindako eskaera

Auzitegi Nazionalak azaldu duenez, ez du eskumenik salaketa ikertzeko, hasieratik ez baita egon delitu bat egiten ari ziren zantzu argirik. ACOMen arabera, gorroto delitua egon zitekeen protesta horietan.

Palestinaren aldeko protesta. ARITZ LOIOLA / FOKU
Israel taldearen aurkako eta Palestinaren aldeko protesta, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko irailaren 12a
13:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek ez ditu ikertuko Espainiako Vueltan egiten ari diren Israel Premier Tech taldearen aurkako eta Palestinaren aldeko protestak. Auzitegi Nazionaleko epaileak azaldu duenez, ez du eskumenik salaketa ikertzeko, hasieratik ez baita egon delitu bat egiten ari ziren zantzu argirik. Pedrazek galdera egin zion asteazkenean fiskaltzari, jakiteko eskumena ote zuen ACOM Ekialde Hurbilaren Aldeko Ekintza eta Komunikazioa elkarteak jarritako salaketa ikertzeko.

ACOMen arabera, gorroto delitua egon zitekeen protestetan. Vueltako «protestak antolatu dituztenak eta horiek bultzatu dituzten erakunde, elkarte eta alderdi politikoak» jarri zituen jopuntuan epaitegietan aurkeztu zuen salaketak. Horien artean aipatu zituen, besteak beste, EH Bildu, Podemos, Ezker Batua eta Sumar; baita Kiko Garcia, Vueltako zuzendari teknikoa ere. Gorroto delituaz gainera, desordena publikoa, lesioak eta beste delitu batzuk ere egitea egotzi zien elkarteak. Elkarte horrek honela arrazoitu zuen salaketa: «Protestek arriskuan jarri dituzte kirolarien, antolatzaileen, ikusleen eta segurtasun indarren segurtasuna». Eta horri lotuta, kargu hartu zion Espainiako Gobernuari. Gainera, Jose Manuel Albares eta Sira Rego ministroen jarrera salatu zuen, «Israel taldea lasterketatik kanpo uztearen alde» azaldu direlako. 

ACOMek horrela definitzen du bere burua: «Espainiako erakunde bat gara. Espainiaren eta Israelen arteko harremanak bultzatzen ditugu, eta antisemitismoaren aurka borroka egiten dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.