Apirilaren 18an Sevillako (Espainia) Cartuja estadioan Realak eta Atletico Madrilek jokatuko duten Espainiako Kopako finalerako sarrera egokitu zaien Realeko bazkideek martxoaren 30eko 10:00etatik apirilaren 5eko 23:59 arte izango dute epea sarrera erosteko. Bazkide horiek mezu elektroniko bat jasoko dute, eta horretan, Espainiako Futbol Federazioak sarrerak saltzeko duen plataformara sartzeko esteka eta pasahitza igorriko zaie. Plataforma horretan aukeratuko dute zein sarrera erosi. Ondoren, erosi egingo dute.Â
Jokin Aperribai Realeko presidenteak gaur azaldu duenez, bazkide guztiek sarrera merkeak erosteko aukera bera izateko, klubak sarrerarik garestienak erosi ditu, eta, horrez gain, lehen egunean sarrera garestienak jarriko dituzte salgai, 200 eurotik gorakoak. 25 urtetik gorako antzinatasuna duten bazkideek soilik erosi ahal izango dituzte sarrera horiek. Bazkide horiek egunero erosi ahalko dituzte sarrerak. Beste bazkideek, berriz, euren txanda izango dute astean zehar.
Aperribaik azpimarratu du sarrerak ezin direla saldu, eta martxoaren 30etik apirilaren 5erako tartean sarrera erosi ez duten bazkideak gabe geratuko direla; erosi gabe geratutako sarrera horiek zozkatu egingo dituzte lehen zozketan sarrerarik egokitu ez zitzaien bazkideen artean.