Futbola

Espainiako Lehen Mailako euskal taldeek badute egutegiaren berri

Gizonezkoetan, Alaves-Getafe, Bartzelona-Athletic, Celta-Osasuna eta Real Madril-Reala partidak jokatuko dituzte lehen jardunaldian. Emakumezkoetan, berriz, Alaves-Valentzia, Athletic-Levante Badalona, Eibar-Espanyol eta Reala-Logroño.

Athletic-Reala. ARITZ LOIOLA / FOKU
Athleticek eta Realak aurreko denboraldian Lezaman jokatutako derbia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 30a
21:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi guztietan dago lehen egitekoa: egutegia zozkatzea. Ekitaldi horrek ematen dio hasiera hurrengo sasoiari. Gaur egin dute zozketa, Madrilen, eta horretan ezagutu dute taldeek euren bide orria. Horien artean daude Espainiako bi maila nagusietan ariko diren euskal taldeak. Zortzi dira guztira: gizonezkoen Lehen Mailan, Alaves, Athletic, Osasuna eta Reala; eta emakumezkoen Lehen Mailan, Alaves, Athletic, Eibar eta Reala. Iaz baino bat gehiago dira, Alavesen emakumezkoen taldeak maila nagusian jokatuko baitu, Bigarren Mailan hiru urtez aritu eta gero.

Gizonezkoak izango dira sasoiari ekiten aurrenekoak, abuztuaren 15eko asteburuan. Alavesek bakarrik jokatuko du etxean lehen jardunaldian: Getafe hartuko du Mendizorrotzan. Athletic, Osasuna eta Reala, berriz, etxetik kanpo ariko dira. Zuri-gorriek eta txuri-urdinek oso lehia zailak izango dituzte, Bartzelonari eta Real Madrili egingo baitiete bisita, hurrenez hurren. Gorritxoek, berriz, Celtaren zelaian jokatuko dute. Bigarren jardunaldian ariko dira lehen aldiz etxean Athletic eta Osasuna, abuztuaren 22ko asteburuan: zuri-gorriek Sevilla hartuko dute, eta gorritxoek Levante. Anoetan egin beharreko obrak direla-eta, Realak hiru jardunaldi itxaron beharko du etxean jokatzeko: Espanyol hartuko du hirugarren saioan, abuztuaren 29ko asteburuan. 

Azken jardunaldiari dagokionez, Athleticek, Osasunak eta Realak etxean jokatuko dute: bizkaitarrek Rayo hartuko dute, nafarrek Valentzia eta gipuzkoarrek Vila-real. Alavesek, berriz, Espanyoli egingo dio bisita. Maiatzaren 29ko asteburuan jokatuko dute azken jardunaldia.

Bada zaleen artean ikusmira sortzen duen bestelako partidarik: derbiak. Laugarren jardunaldian izango da aurrenekoa, irailaren 5eko asteburuan. Alaves eta Osasuna izango dira aurrez aurre, Mendizorrotzan. Beste 11 derbi jokatuko dituzte guztira.

Emakumezkoek, berriz, abuztuko azken asteburuan hasiko dute liga, abuztuaren 29koan. Lau euskal taldeek etxean jokatuko dute lehen partida: Alavesek Valentzia hartuko du, Athleticek Levante, Eibarrek Espanyol eta Realak Logroño.

Azken jardunaldian, berriz, Athleticek Madril CFF hartuko du, Alavesek Real Madrili egingo dio bisita, Eibarrek Levante Badalonari eta Realak Sevillari.

Gizonezkoetan bezala, hamabi derbi jokatuko dituzte. Lehena, laugarren jardunaldian jokatuko dute, irailaren 20ko asteburuan. Eibarrek Athletic hartuko du Ipuruan.

DERBIAK GIZONEZKOEN LEHEN MAILAN
4. jardunaldia (irailak 6).
Alaves-Osasuna.
7. jardunaldia (irailak 20). Athletic-Alaves.
11. jardunaldia (azaroak 11). Athletic-Reala.
12. jardunaldia (azaroak 8). Osasuna-Athletic.
18. jardunaldia (urtarrilak 3). Reala-Osasuna.
19. jardunaldia (urtarrilak 10). Alaves-Reala.
23. jardunaldia (otsailak 7). Athletic-Osasuna.
27. jardunaldia (martxoak 7). Alaves-Athletic.
29. jardunaldia (martxoak 21). Reala-Alaves.
33. jardunaldia (apirilak 21). Osasuna-Alaves
34. jardunaldia (maiatzak 2). Reala-Athletic
35. jardunaldia (maiatzak 9). Osasuna-Reala.

DERBIAK EMAKUMEZKOEN LEHEN MAILAN
4. jardunaldia (irailak 20).
Eibar-Athletic.
9. jardunaldia (azaroak 1). Alaves-Reala.
10. jardunaldia (azaroak 8). Eibar-Reala.
11. jardunaldia (azaroak 15). Alaves-Eibar eta Reala-Athletic.
13. jardunaldia (abenduak 9). Athletic-Alaves.
18. jardunaldia (urtarrilak 31). Reala-Eibar.
20. jardunaldia (otsailak 14). Athletic-Reala.
24. jardunaldia (martxoak 28). Eibar-Alaves.
26. jardunaldia (apirilak 11). Reala-Alaves.
27. jardunaldia (maiatzak 2). Alaves-Athletic.
28. jardunaldia (maiatzak 9). Athletic-Eibar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA