Enric Mas (Movistar) onik atera da Vueltako erlojupeko luzetik. Primoz Roglicen (Red Bull) esparruan aritzea egokitu zaio gaur, eta erlojuaren kontra aritzeak ez dio estresik eragin. 32 kilometroko saioa laua izan da, eta Masek espero zena baino galera murritzagoa izan du: 33 segundo besterik ez dizkio atera Roglicek. Esloveniarra ez da garai batekoa, ez maldan gora, ezta erlojuaren aurka ere. Felix Galli (Decathlon) sailkapen nagusiko bigarren postua kendu dio gaur. Bada zerbait. Ordea, ez du ezbaian ipini Masen lidertza. Hartara, okerrik ezean, Movistarreko lemazaina Vueltako txapeldun bilakatuko da igandean. Datozen egunetan are gehiago atzera dezake Roglic, etapa menditsuak baitatoz.
Espezialisten artean onena, eta etapako garailea, Stefan Kueng (Tudor) izan da. Otsailean izandako eroriko batek hankaz gora ipini zuen suitzarraren denboraldia, baina indartsu itzuli da: erlojupekoa irabazi zuen Poloniako itzulian, eta gaur ere, arrastoa utzi du diziplina horretan. Bigarren garaipena du Vueltan –lehena 2024ean eskuratu zuen–. Atzetik Callum Thornley (Red Bull) izan du, eta hirugarren Joao Almeida (UAE) sailkatu da. Kuengek bi eta zortzi segundo atera dizkie, hurrenez hurren. Haien atzetik onena, Roglic izan da, gainontzeko faboritoei gailenduta. Haatik, nahi baino gutxiago hurbildu zaio Masi sailkapen nagusian. Esloveniarrarentzat zaila izango da mendateetan liderra presiopean ipintzea, hura baino gutxiago izan baita orain arte.
Bestela zatekeen hasieran gertatu denak jarraipena izan balu. Lehen mugarrian, Roglicek 22 segundo atera dizkio Masi, eta azeleragailua are gehiago sakatu ezkero, minutu bat baino gehiago atera zekiokeen gorriz jantzitako ziklistari. Bada, kontrakoa gertatu da. Masek bikain neurtu ditu indarrak, eta behetik gora egin du: 36 segundoko galera zuen bigarren mugarrian, eta Roglic baino azkarragoa izan da azken kilometroetan, aldea 33 segundoan uzteraino. Esloveniarraren esperantzari danbateko batez itxi dio atea. Bere txarrean, Red Bullekoak 1.28ko hozkada eman dio Galli, eta bigarren postuan ipini da.
Hala ere, Roglicentzat oso zaila izango da Vuelta bosgarrenez irabaztea. Mas, aldiz, lehen garaipena lortzeko bidean da lasterketa horretan: 1.37ra du Roglic, eta 3.01era Gall.
Azparren, hamargarren
Oso saio azkarra izan da. Ordekan aritu dira txirrindulariak, haizea nagusiki alde zutela. Irteten lehena Mathias Norsgaard (Lidl) izan da, eta hortik gutxira, aintzat hartu beharreko lehen marka ezarri du Thornleyk. Roglicen taldekidea da, eta langa nahiko goian ipini dio bere liderrari, baita gainontzeko txirrindulariei ere. Eskoziarrak 35.25ean geratu du kronometroa, saioa orduko 54 kilometroko abiaduran osatuta.
Joao Almeida (UAE) are azkarragoa izan da lehen hamabi kilometroetan –bertan zegoen lehen mugarria–, baina sei segundoko atzerapena izan du Jerez de la Fronterako helmugan. Xabier Mikel Azparren (Pinarello) ere 36 minututik behera aritu da: 35.55. Ibilbidea egokia zen harentzat, eta lan txukuna eginda, laugarren ipini da behin behinean. Hamargarren egin du azkenean. Wout van Aertek (Visma), berriz, azkenaldiko erlojupekorik onena osatu du, baina garaipenetik 20 segundora geratu da, bosgarren postuan.
Kuengek, bere aldetik, gainditu egin ditu aurrez jardun diren ziklista guztiak –Tornleyren denbora ozta-ozta hobetu du–, eta eutsi egin die haren ostean helmugaratu direnei. Lehen mugarrian ez da azkarrena izan, baina bai, ordea, bigarrengoan; baita helmugan ere, azken txanpan sufritu egin duen arren. Gauzak hala, indar betean eta konfiantzaz iritsiko da Munduko Txapelketako erlojupeko probara –hilaren 20an jokatuko da–.
Bi etapa menditsuk emango dute azken epaia sailkapen nagusiari dagokionez. Hasteko, 189 kilometroko saioa jokatuko da bihar, Velez-Malaga eta Peñas Blancas mendatearen artean. Azken igoera hori hemeretzi kilometro da luze, eta bataz beste %6,5eko pendiza du. Lehenago, bigarren mailako bi mendateri egingo diete aurre.