Txirrindularitza

Espainiako Vueltako hirugarren etapa bertan behera geratu da, eguraldi txarragatik

Etapa amaitzeko hamasei kilometro inguru falta zirela, sekulako kazkabar zaparrada bota du, eta txirrindulariek aterpea bilatu behar izan dute zenbait ostatutan.

Espainiako Vuelta. BERRIA
Espainiako Vueltako txirrindulariak Font Romeu mendateko ostatu batean, aterpe bila, gaur. BERRIA
Julen Etxeberria.
2026ko abuztuaren 24a
17:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Vueltako hirugarren etapa bertan behera geratu da gaur, eguraldi txarragatik. Hain zuzen, etapa bukatzeko hamasei kilometro inguru falta zirela, eta Font-Romeu mendatea igotzen ari zirela, euria hasi du, eta, jarraian, kazkabarra. Sekulako kazkabar zaparrada bota du, eta txirrindulariek babesa bilatu behar izan dute zenbait ostatutan. Hori ikusita, Vueltako epaileek etapa bertan behera uztea erabaki dute. Beraz, ez da ez etapa irabazlerik egon, eta ez dituzte aldeak kontuan hartu sailkapen nagusirako. 

Lasterketa bertan behera geratu denean, bi txirrindulari zeuden ihes eginda: Lorenzo Fortunato (Astana) eta Mats Wenzel (Kern Pharma). Haiek harrapatu nahian ari zen tropel nagusia, eta begi bistan zituen, minutu erdi ingurura. Tadej Pogacar (UAE) liderra zihoan tropelaren buruan. Hain zuzen, hark agindu die beste txirrindulariei lasterketa eten eta babesa bilatzeko.

Bihar, mendiko lehen etapa jokatuko dute: Andorra la Vellan hasi eta bukatuko da. 105 kilometro egingo dituzte, eta lau mendatetara igo: aurreneko hirurak lehen mailakoak dira, eta azkena, hirugarren mailakoa. Ikusteko dago Pogacarrek beste kolpe bat emango duen edo ez. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA