Espainiak 2-1 irabazi dio Belgikari. Munduko Kopako final-zortzirenetan, Mikel Merinoren gol batek eman zion Espainiari hurrengo faserako sailkapena, Portugalen aurka jokaturiko partidan. Gaurkoan berriz ere Merino agertu da azken txanpan gol bat sartu eta espainiarrei finalerdietarako sailkapena emateko.
Partida borrokatua, taktikoa eta orekatua jokatu dute biek. Luis de la Fuenteren selekzioak hartu du aurrea, baina, atsedenaldiaren atarian, berdinketaren gola sartu du Rudy Garciaren taldeak. Bigarren zatia askoz berdinduagoa izan da, joan-etorriz betea. Bada, bazirudien luzapenean erabakiko zela lehia, baina ez. Merino agertu da berriro. Dani Olmoren ordez, 85. minutuan zelairatu da, eta ederki baliatu du aukera. Aldaratze baten ondoren, 2-1ekoa sartu du 88.ean, eta finalerdietan Frantziaren aurka jokatuko du Espainiak, datorren asteartean.
Hasierako hamaikakoei dagokienez, orain arteko bideari eutsi diete bi selekzioetako entrenatzaileek, baina Espainiak berritasun bat izan du, Fabian Ruizek hartu baitu Pedriren lekua zelai erdian. Bada, esperotako gidoia izan du partida hasierak. Espainiak izan du baloia oinetan gehienean, baina sakontasun handiagoa falta izan zaio erasoan. Sakontasuna, eta sormena. Zelaiaren hiru laurdenetara erraz ailegatu da, baina hortik aurrera komeriak izan ditu arrisku jokaldiak osatzeko. Hein handi batean, Belgikaren meritua izan da hori. Launa jokalariko bi lerro osatuta, defentsan gogor jardun da Rudy Garciak zuzentzen duen selekzioak, eta ongi ikasita eraman du lezioa etxetik. Metro bakar bat ere ez diete utzi espainiar jokalariei, eta gertutik zaindu dituzte guztiak, kontzentrazio eta intentsitate izugarria mantenduta. Batez ere, Lamine Yamal eta Dani Olmo lotu dituzte kate motzean. Hori bai, erasoan mehatxu gehixeago egitea falta izan zaie belgikarrei.
Orekatua eta lehiatua izan da lehen zatiaren lehen erdia, baina hidrataziorako baliatzen duten etenetik aurrera aldatu egin dira kontuak. Beste martxa bat sartu dio lehiari Espainiak, eta usu-demonio jaso ditu fruituak. Temati ibili da Lamine Yamal eskuin hegaletik, bere boladarik onenean egon ez arren, saiatu eta saiatu ibili baita. Hegal horretatik ailegatu da 1-0ekoa, 30. minutuan. Bartzelonako jokalari gazteak bere tokitik atera ditu Belgikako bi defentsa, eta horixe baliatu du Pedro Porrok baloiarekin sukalderaino sartzeko. Pasea atzera eman ondoren, Dani Olmok egin du errematea, eta Courtoisekin egin du topo, baina aldaratzean Fabian Ruizek ez du barkatu. Luis de la Fuentek eman dion aukerari golarekin erantzun dio erdilariak.
Golaren ondoren aldatu egin da norgehiagoka. Hazita jokatu du Espainiak, eta oso nagusi izan dira luzaroan. Lamine Yamalek birritan probatu du Courtoisen sasoia, eta atezaina bikain aritu da. Falta bat geratu du lehenbizi, eta ondoren baloi zail bati egin behar izan dio aurre. Real Madrileko atezainak mantendu du bizirik bere selekzioa. Hori bai, Espainiaren agintea handia izan da, Belgikak ez baitu gaitasunik izan zelai erdia igarotzeko ere. Doku izan da babak eltzetik ateratzen saiatu den bakarra, kalitatea lagun, baina oso bakarrik sentitu da gehienetan.
Bada, Espainiak boladarik gozoenean zegoenean iritsi da banakoa. Atsedenaldia ate joka zegoen, eta, adoreari esker, berdinketaren gola sartu du Garciaren multzoak. Jokaldia nahasia bezain trabatua izan da. Baloia ezker-eskuin ibili da arearen inguruan, eta Belgikak ez du amore eman une bakar batean ere. De Bryuneren oinetara iritsi da baloia, eta haren erdiraketa zoragarria sareetara errematatu du De Ketelaerek, buruz. Aurrelariak bikain hartu dio aurrea Cubarsiri, eta ez du barkatu. Hortxe amaitu da, beraz, Unai Simon atezainaren marka. Athleticeko jokalaria jarraian 650 minutuz egon da golik hartu gabe Munduko Txapelketan.
Courtoisen lesioa
Bigarren zatiak bestelako itxura izan du. Nor baino nor gehiago aritu dira bi selekzioak, Belgikak aurrerapauso nabarmena eman baitu. Oso biziak eta ikusgarriak izan dira lehen minutuak, joan-etorriz beteak. Nonbait, joko hori ez zaio askorik gustatu De la Fuenteri, eta azkar egin ditu aldaketak. 54. minutuan, Pedri eta Ferran Torres zelairatu ditu. Jokoaren kontrola eskuratzea izan du xede hautatzaileak. Dena den, Belgikak azkar erantzun du, eta 58.ean hiru aldaketa egin ditu Garciak. Bi areetan izan dira gol aukerak, baina atezainek ederki bete dute euren lana.
Bada, atezain bat bihurtu da protagonista, Courtoisek ezin izan baitu zelaian jarraitu 70. minututik aurrera. Min hartu du ezkerreko hankan, eta benetan hutsune garrantzitsua izan da Belgikarentzat. Fisikoki ere behera egin dute belgikarrek, eta berriro defentsako lanean murgildu behar izan dute buru-belarri. Espainiak ez du aparteko gol aukerarik sortu, baina aurkariaren area inguruan ibili du baloia. Inspirazio bila, Nico Williams ere zelairatu da 80. minutuan. Hori bai, aldaketarik garrantzitsuena 85.ean izan da, Mikel Merino zelairatu denean. Zelaira sartu eta berehala aukera bat izan du buruz, baina bigarren aukeran sartu du gola.
Hain zuzen ere, Cubarsik jaurtiketa bortitza egin du areaz kanpotik, eta aldaratzean hantxe agertu da Merino. Gol usainean dohain apartak dituela erakutsi du berriro. Azken minutuetan ahalegindu da gogotik Belgika berdinketaren gola egiten, baina oso seguru egon da Unai Simon. Hala, Espainia finalerdietan ariko da, Frantziaren kontra, datorren asteartean. Partida erakargarria jokatuko dute bi selekzioek.