Lan erdiak datorren asteburuan egingo ditu Eusko Label ligak, eta egoera krudela du Kaikuk. Orain arte jokaturiko zortzi estropadetan ez du espero bezalako mailarik eman, eta azken-aurreko postuan da sailkapen nagusian, soilik hemeretzi puntu bilduta. Hori nahikoa ez, eta oso urrun dauka Ondarroa, jaitsiera postuen muga markatzen duen taldea: hogeita bost puntura. Hainbat arraunlariren hutsunea tarteko, espero izatekoa zen sailkapenaren erditik behera ibiliko zela Bizkaitarra ontzia. Ez hain behean, ordea, eta dagoeneko mirariren bat behar du mailari eusteko. Bolada zaila dutela aitortu du Jon Elortegi entrenatzaileak (Barrika, Bizkaia, 1977), baina ohartarazi du borrokan jarraituko dutela bizirik dauden bitartean. Esperantzara kondenaturik dago Kaiku.
Gutxienez, asteari irribarre batekin ekiteko modua izan du Elortegiren taldeak. Joan den larunbatean azken postuan sailkatu zen Getxoko estropadan (Bizkaia). «Oso gaizki jardun genuen, eta etxera penaz eta amorruz itzuli ginen». Ordea, atzo arantza ateratzeko modua topatu zuten, hamargarren sailkatu baitziren Castron (Espainia). «Behintzat zertarako gai garen erakutsi genuen. Txukunago moldatu ginen ontzi barruan, eta begien bistan geratu zen erakutsi dugun baino gaitasun handiagoa dugula. Orain arteko estropadarik onena egin genuen». Elortegik nahi luke mugarria izatea. «Ea hemendik aurrera bestelako itxura bat ematen dugun eta maila ez galtzeko borrokan murgiltzen garen gutxienez».
«Ea hemendik aurrera bestelako itxura bat ematen dugun eta maila ez galtzeko borrokan murgiltzen garen gutxienez»
JON ELORTEGIKaikuko entrenatzailea
Izan ere, borroka horretatik kanpo dago Kaiku, zortzi estropada besterik jokatu ez eta. «Ez genuen inondik espero hain goiz borroka horretatik at geratzea. Bagenekien azken bi postuak saihesteko lehian ibili beharko genuela, baina gu ere ezustean harrapatu gaitu egoera honek». Galdera bati erantzun ezinda dabil Elortegi: zergatik dihardu Kaikuk hain pattal? «Jakingo bagenu... Errekan ongi moldatu gara, baina ez dugu lortzen itsasoan erritmo jakin bati eustea eta arin arraun egitea. Neguko prestaketa aitzakiarik gabea izan da, eta baikor nintzen denboraldiari begira. Baina konfiantza galduta gaude, urduritasuna nabaria da ontzian, eta horrek guztiak segundo asko galtzea dakar».
Elortegiren esanetan, konfiantzarik eza gehiago igartzen da talde gazte batean. Eta udan izandako hutsuneak tarteko, gazte ugariz osaturiko taldea du Kaikuk. Besteak beste, goi mailako zazpi arraunlarik utzi zuten taldea. «Kalitatea galdu genuen, baina iruditzen zitzaigun harrobiko gazteen ekarpenarekin lehiakorragoak izango ginela, eta pozik geunden. Egoera zaila dugu lehen estropadatik, eta nor bere onena eman ezinda dabil. Zeure burua hain behean ikusten duzunean, ez da erraza ontzi barruan gozatzea, eta psikologikoki nahiko jota daude arraunlariak».
Beldurrik ez
Horregatik, entrenatzailearen lana funtsezkoa da orain. «Batez ere animoa ematea eta konfiantza transmititzea da nire zeregina. Arraunlariak ohituta daude sufritzen; iaz ere hamargarren postuan amaitu zuen Kaikuk, eta ez da berria sufritzen ikasi beharra. Teknikoki hobetzen segitu nahi dugu, eta animoz gora egiten dugunean beste irudi bat emango dugu. Talde borrokalaria gara, eta azken hitza ez dugu esan oraindik».
Kaiku ez ezik, Elortegiren izena ere historikoa da arraun munduan. Entrenatzailearentzat atzerapausoa al litzateke maila galtzea? «Nik ez diet nire interesei begiratzen. Egia da titulu artean ohitu naizela urte luzez, baina sufritzeko ere prest nago. Arraunlarien egoerak ematen dit minik handiena, eta Kaikuk ere klub gisa merezi du gorago egotea». Eusko Label Ligan Oriok segitzen du lehen tokian.
Euskotren Ligan, berriz, gauzak oso estu daude. 57 puntu dituzte mArraun Lagunak-ek eta Oriok, lehen sailkatuek. Atzo Orio gailendu zen Castron, donostiarrek ziabogan egindako akats bat baliatuz. Gainera, hiru segundoren zigorra jaso zuen Arraun Lagunak-ek, Tolosaldearen kaletik behar baino denbora gehiago joa-
teagatik. Zigorra handiagoa izan behar zuela uste du Tolosaldeak, eta helegitea jarri du.