Espero zuen partida

Jon Jaunarenak Lehen Mailan tokia baduela erakusteko aukera du gaur, Hendaian, Xala ordezkatuz

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Lehen Mailako atea aspaldi ari zen jotzen Jon Jaunarena (Leitza, Nafarroa, 1992), eta azkenean Xalaren lesioak ireki dio. Urte berean Bigarren Mailako hiru txapelak irabazi ondoren, Aspek binakako txapelketan sartu du, askok —tartean Jaunarena bera— uste baino goizago. «Xalaren ordezkoa Idoate edo Retegi Bi izango zela uste nuen», aitortu du. Baina ez, bera izango da Abel Barriolaren alboan gaur Hendaiako Beltzenia pilotaleku bizian (20:30), Pablo Berasaluze eta Jon Ander Albisuren aurkako partidan.

Txapelketako ligaxkako 6. jardunaldiko lehen partida izango da, eta aurrelariak ikusmina sortu du. Aurreikusten zaion etorkizun handi hori gertu edo urrun dagoen neurtzeko aukera da. «Gogo handia dut Lehen Mailan nola moldatzen naizen ikusteko. Urduri nago, inoiz ez baitut maila horretako partidarik jokatu».

Hala da, eta horregatik da ustekabekoa Jaunarena hautatu izana, ez baititu partida asko jokatu Lehen Mailako beste hiru pilotarirekin. Barriolarekin, esaterako, behin jokatu du, debutean hain zuzen, duela bi urte, eta 22-14 galdu zuen. Biak leitzarrak dira, eta harreman estua dute, Barriola Jaunarenaren botilleroa baita.

Garaipenaz gain, Xala hiru partidetan ordezkatzea du jokoan gazteak. Hala uste du behintzat hark. «Ez dakit nik hirurak jokatuko ditudan, edo beste norbait ariko den. Ziurrenik, gaurko partidaren araberakoa izango da».

Aurkariei dagokienez, Berasaluze VIII.a eta Albisuk txapelketa hasiera okerra zuzentzen jarraitu nahi dute.Joan den astean lortu zuten ligaxkako lehen puntua Gonzalez-Zubietaren aurka, eta bigarrena dute helburu. Eurak dira faborito Internet bidezko apustu etxeetan.

Apraiz, Ibai Zabalaren ordez

Jaunarena ez da izango jardunaldi honetan beste pilotari bat ordezkatuko duen bakarra. Alexis Apraizek Ibai Zabala ordezkatuko du etzi, Eibarren. Berrizko atzelariak mina du ezkerreko eskuan, eta atzo pilota aukeraketa amaituta hartu zuen asteburu honetan ez jokatzeko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.