Tokion urrezko bost domina kolkoratzeko ametsa zuen Katie Ledecky igerilari estatubatuarrak, baina ez du beteko. Ariarne Titmus australiarrak aurrea hartu zion emakumezkoen estilo libreko 400 metroko finalean, eta gaur ere Titmus gailendu da estilo libreko 200 metrokoan. Australiarrak urrats bat egin du, eta igerilekuko izarra izaten ari da. Areago, Ledecky ez da podiumera ere igo proba horretan: Rion irabazle izan, eta Tokion bosgarren postuan amaitu du. Siobhan Haughey izan da bigarren, eta Penny Oleksiak hirugarren.
Geroago, baina, arantza kendu du igerilari estatubatuarrak: urrezko domina eskuratu du estilo libreko 1.500 metroko finalean. Lehen aldiz jokatu da proba hori Jokoetan. Zilarrezkoa Erica Sulivanentzat izan da, eta brontzezkoa Sarah Kohlerrentzat.
Igeriketako final gehiago ere jokatu dira gaur. Pronostikoak bete dira gizonezkoen 200 metroko tximeleta estiloan, eta Kristof Milak nagusitu da. Tomoru Hondak amaitu du bigarren, eta brontzezko domina Federico Burdissok eskuratu du.
Yui Ohasi japoniarrak irabazi 200 metroko estilo proba, joan den igandean 400 metrokoan nagusitu ondoren. Azken metroetan gailendu zaio Alex Walsh estatubatuarrari. Kate Douglasek osatu du podiuma.
Azkenik, gizonezkoen estilo libreko 4x200 metrokoan, txandaka, Erresuma Batuak lortu du urrezko domina. Europako errekor berria ezarri dute. Azken lau Jokoetan garaile izandakoak, AEBak, ez dira igo podiumera. Errusia izan da bigarren, eta Australia hirugarren.