Txirrindularitza

Etapa ez da osorik jokatu, eta Egan Bernal da lider berria

Errepidearen egoera arriskutsuaren ondorioz, Iseran mendateko tontorrean amaitu da etapa. Thibaut Pinotek Tourra utzi du.

Julian Alaphilippe etapa amaitutakoan. YOAN VALAT / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 26a
09:48
Entzun

Egan Bernal (Ineos) helmugaratu da aurrena Alpeetako bigarren etapan, Tourreko hemeretzigarrenean, eta bera da lider berria. Simon Yates (Mitchelton Scott) izan da bigarren. Iseran mendateko tontorrean eman dute amaitutzat etapa, kazkabarraren ondorioz errepidearen egoera arriskutsua zela-eta. Antolatzaileek, egokiena etapa bertan behera uztea zela erabaki dute. Sailkapen nagusian, Julian Alaphilippek lidergoa galdu du, eta Bernalek Parisera maillot horiarekin iristeko aurrerapauso sendoa eman du.

Etapa motza bezain gogorra zen gaurkoa. Bada, espero baino motzagoa izan da. Saint-Jean-de-Mauriennetik abiatu da, eta Tignesen amaitu behar bazuen ere, Iseraneko tontorrean eman dute amaitutzat etapa.

Eraso ugarirekin hasi da lasterketa. Tropela oso aktibo mantendu da. Lau txirrindularik egin dute ihes hasieran: Pello Bilbaok (Astana), Daniel Martinek (UAE), Vincenzo Nibalik (Bahrain) eta Jesus Herradak (Cofidis). Eguneko lehen mendatea igotzearekin batera multzokatu da tropela. Ihesaldikoen bila abiatu dira hogei txirrindulari, eta 34. kilometroan harrapatu dituzte. Hortik aurrera, ezarritako erritmo biziaren ondorioz, aldaketa ugari egon dira lasterketa buruan. Bernalek, Iseraneko mendatea igotzen ari zela jo du erasoa, tontorrerako bost kilometro falta zirela. Berehala harrapatu ditu une horretan lasterketa buruan zeuden lau txirrindulariak: Warren Barguil (Arkea), Simon Yates, Vincenzo Nibali eta Rigoberto Uran (EF Education First). Bi kilometro faltan S. Yates eta Bernal bakarrik zeuden jada lehian, eta bakarrik joan da azken kilometroan Bernal. Bost segundotara helmugaratu da S.Yates. Nagusitasunez gailendu da Bernal, eta bere da Tourreko lider berria. Sailkapen nagusian, 45 segundotara du Alaphilippe, orain arte maillot horia jantzi duen txirrindularia. Sufritzea tokatu zaio gaur Alaphilipperi.

Alaphilippez gain, Thibaut Pinotek (Groupama) ere jaso du kolpea. Ezkerreko hankan arazoak izan ditu, eta Tourra utzi behar izan du. Negarrez jaitsi da bizikletatik. Sailkapen nagusian bosgarren postuan zegoen Pinot, eta podiumerako faboritoetako bat zen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.