Etapa, Van Aertentzat; Tourra, Pogacarrentzat. Atzoko erlojupekoaren kronikaren goiburua izan zitekeen, baina ez, Eliseoko Zelaietako etapa mitikoarena da. Balentria egin du Wout Van Aertek (Jumbo), eta inor gutxik lortu duena egin du aurtengo Frantziako Tourrean: lasterketa-aldi berean mendiko etapa bat, erlojupeko bat eta esprint bat irabazi ditu.
Tadej Pogacar (UAE), berriz, bi Tour irabazi dituen txirrindularirik gazteena bilakatu da, 22 urterekin, eta nola, gainera: bere aurkarien gainetik pasatu da esloveniarra, eta ez die ogi apurrik ere utzi. Gaur hiru aldiz igo da podiumera, maillot horia, mendikoa eta gazte onenarena jasotzera. Bostetik hiru.
Sailkapen nagusiko podiumean, alboan izan ditu Jonas Vingegaard (Jumbo) eta Richard Carapaz (Ineos). Danimarkarrak goi mailako txirrindularia dela erakutsi du Tour honetan. Talderik onena Pello Bilbaoren Bahrein izan da; nagusian bederatzigarren amaitu du gernikarrak, eta euskaldunik onena izan da. Jonathan Castroviejok (Ineos) 23. amaitu du, eta 26. Ion Izagirrek (Astana).
Azken maillota, berdea, aurtengo Tourrean berpiztu den Mark Cavendishentzat izan da (Quick Step). Britainiarrak, ordea, ezin izan du bere balentria errematatu. Aurten irabazi dituen lau etapekin, 34 ditu denera Tourrean, inork inoiz eskuratu duen gehien, Eddy Merckxekin berdinduta. Gaur aukera bikaina zuen Merckxen gainetik jartzeko; bera zen faboritoa, baina Van Aert aurreratu zaio. Jasper Philipsen (Alpecin) izan da bigarren, eta Cavendish hirugarren.