Bukatu da Euskotren liga, eta gertu du akabera Eusko Label ligak ere. Dena ondo bidean, Orio txapeldun izango da asteburuan matematikoki, eta baliteke markak hausten jarraitzea: zortzi estropada irabazi ditu jarraian, eta gizonezkoetan halakorik ez zuen inork lortua orain arte. Horri segida ematen saiatuko da. Bestalde, ikusi beharko da zer talde jaisten den mailaz eta zer traineruk jokatu beharko duen kanporaketa. Eta, noski, zer ontzi libratuko den. Oraintxe, honela dago panorama: Chapela dago azken postuan, 49 puntu bilduta; Ares du gainean, 54 punturekin; eta San Juan dago hamargarren, 60rekin. Koska bat gorago dago Santurtzi, baina, badaezpada ere, hobe du ezer ziurtzat ez eman: bederatzigarren dago, 63 puntu eskuratuta.
Zalantzarik gabe, galiziarrak daude kinkarik larrienean, baina bizirik daude oraindik. Eta bada kontuan hartu beharreko zerbait: etxean ariko dira, Galizian. Gaur Boiron jokatuko dute estropada (18:15, ETB1), eta bihar Aresen (12:15, ETB1). «Bi estropadetan dena emango dugu, eta saiatuko gara San Juan harrapatzen eta kanporaketa jokatu beharrik ez izaten. Oso zaila izango da, baina ezinezkoa ez», adierazi du Antonio Teijeiro Aresko arraunlariak. Eta argi esan: «Irabazteko asmoz aterako gara. Ez du ezertarako balio suposiziotan aritzeak. Irabazteko asmoz arituta, askoz errazagoa da emaitza ona lortzea».Â
Zaleen bultzada izango dute igandean, eta garrantzitsutzat jo du hori ere: «Plus bat ematen dizu errendimenduan; ez dagoen tokitik ere ateratzen duzu zerbait». Gainera, ondo ezagutzen dute lekua. Estropada eremuak aztertu ditu Teijeirok, eta, haren esanetan, kale batetik bestera ez da alde handirik egongo ez Boiron eta ez Aresen.  «Sakonera handia dago, eta, beraz, korronteek ez dute hainbeste eragiten». Baliteke haizea nabaritzea, batez ere Aresen, baina traineruak ez ditu askorik baldintzatuko: «Lehen kaleak babes pixka bat izan dezake lehen metroetan, baina tranpatia da; izan ere, ez baduzu arraunkera hartzen, handik irtendakoan haizea eta olatuak bat-batean hasten dira jotzen. Aukeratu beharko banu, nahiago nuke bietan erdiko kaleetan aritu».
«Besteek ere lan egiten dute, eta ezin gara despistatu, baina uste dugu gurea ondo egiten badugu lor dezakegula helburua»
ANTONIO TEIJEIRO Aresko arraunlaria
Taldea «motibatuta eta gogoz» dagoela nabarmendu du. «Konfiantza osoa dugu egiten ari garen lanean. Besteek ere lan egiten dute, eta ezin gara despistatu, baina uste dugu gurea ondo egiten badugu lor dezakegula helburua».Â
Zarautzen modua egin zuten azken postua atzean uzteko, eta, beraz, «lasaiago» daude orain. Baina segidan esan du lasaitasun hori «faltsua» dela: «Bi estropadetan edozer gerta daiteke».
Martxa hartuta
Denboraldi honetan mailari eustea zen Aresen helburua, eta lehia horretan dabiltza. Teijeirok adierazi duenez, bazekiten «urte zaila» izango zela. «Sailkapenaren behealdean oso estu daude gauzak. Uste dut aurreko urtean baino maila handixeagoa dagoela. Iaz Cabo eta Kaiku oso azkar geratu ziren atzean, baina aurten ez da hala izan. Asko borrokatu gara atzean ez geratzeko. Txandako guztiek lan gogorra egin dugu, eta oraindik ez dago ezer erabakita».
Behetik gora egin du Aresek. Pattal hasi zuen sasoia, baina ondo ari da azkenaldian. Horren erakusgarri, emaitzak: lehen sei estropadetatik hirutan geratu zen azken postuan, bitan azken-aurrekoan, eta batean bederatzigarren. Hortik aurrera, baina, sendoago aritu da. «Entrenamenduetan ondo aritzen ginen hasieran ere, ontzia ondo sumatzen genuen, baina gero estropadetan ez ginen kapazak hori erakusteko. Erritmoa hartu ezinda ibili ginen».Â
Arrazoiez galdetzean kontatu duenez, uste du trainerua aldatu izanak baduela zerikusia: «Kostatu zitzaigun puntua hartzea. Arraun egiteko modua oso diferentea da, baina, gure arraunkeran eta entrenatzaileak esandakoan konfiantza izanda, hobetuz joan gara, eta abuztuan nabaritu dugu. Gustura gaude. Hobeto ibil gintezkeen, baina okerrago ere bai». Horiek horrela, azken txanpari ekiteko prest daude. Mailari eutsi nahi diote, eta, zenbat eta lehenago lortzen badute, hobe.