Olaizola II.aren ostean lau eta erdiko txapel eta final gehien dituen Altuna III.a kaleratuta pasa da Peio Etxeberria 2026ko Lau eta Erdiko Txapelketako finalera. Finalerdi zirraragarria izan da Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatutakoa, eztabaida sortu duten erabakiez josia, eta 22-15 irabazita pasa da zenoztarra azaroaren 22ko finalera. Bilbon izango da final handia, eta bigarren finalista bihar erabakiko da, Javier Zabalak eta Ander Muruak Gasteizen jokatuko baitute beste finalerdia (17:15, ETB1).
Etxeberria oso bizi ibili da, eta Altuna III.ak agindu duen tantoetan oso ondo aritu da defentsan. Amezketarra, berriz, motel ibili da jokaldi batzuetan, eta tantoa egiteko aukera garbiak zituen pilotakada askotan ez du asmatu. Hala ere, minutu onak izan ditu, eta estualdian jarri du nafarra.
Ez zuen partida erraza aurrean zenoztarrak, belaunaldiko pilotari onena baitzuen aurrean. Baina Etxeberria ere ez da aurkari makala, azken hiru finalak jokatu baititu, eta azkena irabazi. Gaurko partidaren aurretik, zortzi aldiz jokatu zuten elkarren kontra, launa garaipenekin; gaur, beraz, balantza hori zenoztarraren aldera jarri da.
Maila handiko finalerdia izan da, final zaporekoa —2023ko finala 22-9 irabazi zion Altuna III.ak Etxeberriari—, eta pilotariek ez diete frontoira gerturatutako pilotazaleei hutsik egin. Hala ere, epaileen erabaki batzuek eta bi pilotariek hainbat tantotan elkar traba egin izanak tentsioa areagotu dute Atano III.ean. Hala ere, partida amaitu bezain laster, elkar besarkatu dute pilotariek, eta elkarrizketetan giroa baretu dute: Altuna III.ak esan du Etxeberria oso ondo aritu dela defentsan, eta zenoztarrak barkamena eskatu dio amezketarrari, une batean keinu txarren bat egin duelako.

Hasieratik izan da nagusi Etxeberria. Lehen sakea berari eman dio zoriak, baina segituan galdu du, hormabiko bat gaizki erantzun ostean. Hala ere, hurrengoan berreskuratu du sakea zenoztarrak, nahiz eta tantoa errepikatu behar izan duten, eta gero 6-0eko partziala egin du Etxeberriak atsedena eskatu aurretik.
Amezketarra ez da fin aritu, eta Etxeberriak txokoan zigortu du. Eta lehen zati horretan izan da lehen tanto polemikoa: Altuna III.ak tanto bat egin du, baina epaileek kendu egin diote, iruditu baitzaie amezketarrak une batean bigarren punparen ostean jo duela pilotakada bat. Ostera, errepikapenean bazirudien ez duela bigarren botea jo, nahiz eta ez zen guztiz ondo ikusten.
6-1 galtzen zela, atsedenaldia eskatu du Altuna III.ak, eta bueltan sakea berreskuratu eta tartea txikitu du. Beste bi egin ditu jarraian amezketarrak, baina hurrengo sakea luze joan zaio, eta Etxeberriak hiruko tartea berreskuratu du, 7-4koa jarriz markagailuan.
Berehala iritsi da partidako tanto polemikoena, bi akats posible egin baitituzte epaileek: lehenik, Etxeberria kexu izan da, iruditu zaiolako bi punpa jo ostean egin duela pilotakada Altuna III.ak, eta gero zenoztarrari iruditu zaio amezketarraren errematea zabalegi joan dela eta marra pasa duela, baina Altuna III.ari eman diote tantoa.
Nagusitasunari eutsi dio
Kexek ez diote ezertarako balio izan Etxeberriari, eta sakea berreskuratzean zentratu da. Eta ongi egin du, tantoa egin eta 10-5era eraman baitu markagailua. Hala ere, hor iritsi da hirugarren eztabaida, Altuna III.ari iruditu baitzaio Etxeberriaren pilotakadak txapa jo duela, nahiz eta tantoa nafarrari eman dioten. Txapa-kolpe soinurik entzun ez bada ere, errepikapenean bazirudien txapa jo duela. Txistukatu egin du publikoak, eta kantxara izotzak ere bota ditu baten batek.
Partidaren ostean, Altuna III.a kexu izan da: esan du partidak zortzina joan behar zuela une horretan, eta epaileen akatsek 10-6 jarri dutela. Epaile batek izandako arazoak gogorarazi ditu amezketarrak, eta horregatik esan du epailea ulertzen zuela, tentsio handiko partida izan delako. Baina kritikatu ere egin du: «Epailea jokoz kanpo zegoen guztiz». Hala ere, aipatu bezala, Etxeberria kaltetu duen erabakirik ere izan da.
Hala iritsi dira hurrengo atsedenera, baina bueltan Altuna III.ak lortu du sakea, eta pilota aldatu du berriro. Tartea pixka bat txikitzea lortu du amezketarrak, 11-8ra, baina Etxeberriak berriro txokoan zigortu du Altuna III.a, eta beste atseden bat hartu dute, 12-8 zirela. Itzuleran, Etxeberriak tartea handitu du beste behin, eta berriro hartu dute atsedena. Eta une horretan izan dira Altuna III.aren minutu onenak: sake oso bortitzak egin ditu, eta Etxeberria alde batetik bestera korrika ibili du. Hala ere, ondo eutsi dio zenoztarrak, baina tanto gehienak amezketarrak egin ditu. Orduan gerturatu da gehien Altuna III.a, 17-15 jarri baitu markagailua, baina hortik aurrera ezin izan du tanto gehiagorik egin partida amaitu arte.
Bost tanto jarraian egin ditu Etxeberriak, batez ere Altuna III.aren hutsengatik. Batzuk huts ulergaitzak izan dira, eta partidaren ostean amezketarrak onartu du normalean barruan sartzen dituenak huts egin dituela.
Zabala-Murua, bihar
Gauzak hala, Etxeberriak bere laugarren finala jokatuko du bi aste barru, denak jarraian, eta Altuna III.ak ezin izan du bi urteko lehortearekin amaitu. 2016tik 2023ra bitartean, zortzi final jarraian jokatu zituen amezketarrak, eta lau irabazi, baina azken hiru txapelketetan kanpo geratu da. Bihar erabakiko da Etxeberriaren aurkaria zein izango den: Javier Zabalak eta Ander Muruak Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuko dute bigarren finalerdia. Errioxarra da faborito, baina Muruak espero baino txapelketa hobea egin du, eta ezustekoa eman dezake finalera sailkatuz.