binakako txapelketa

Etxeberriak eta Rezustak bigarren puntua lortu dute; Larrazabalek eta Mariezkurrenak, bosgarrena

Peio Etxeberriak eta Rezustak txapelketako bigarren puntua eskuratu dute, Zabalari eta Martijari 22-21 irabazita. Larrazabalek eta Mariezkurrenak espero baino aiseago menderatu dituzte Peña eta Imaz, Etxebarrin: 22-14.

Larrazabal, pilota jotzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Larrazabal, pilota jotzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon eskudero
2026ko urtarrilaren 10a
21:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garesti daude puntuak aurtengo Binakako Txapelketan. Estatistikei erreparatu besterik ez dago. Besteak beste, Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak izerdia latz bota behar izan zuten atzo Jokin Altunari eta Joseba Ezkurdiari 22-21 irabazteko, Luzaiden (Nafarroa). Orain arteko partidetan landuena izan zen, 871 pilotakada jo baitzituzten, zaleen gozamenerako. Bada, neurketa hari inbidiarik ez gaur Logroñoko Adarragan jokatutakoak. Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak txapelketatik kanpo izan dute hanka eta erdi tarte batez, 12-18 ibili baitira atzetik, baina, azkenean, tanto bakar baten aldeaz garaitu dituzte Javier Zabala eta Julen Martija. Lau pilotariek lan handia egin dute, 836 pilotakada jo baitituzte. Azkenean, puntu garrantzitsua eskuratu dute Etxeberriak eta Rezustak, txapelketan bizirik irauteko baliagarria.

Meritu handikoa izan da Aspeko bikoteak lorturiko garaipena. Lehen zatia estua eta landua izan da, baina, bigarrenean, Zabala eta Martija gehiago izan dira. 12-18 aurreratu dira, eta bazirudien txapelketako bosgarren puntuak ez ziela ihes egingo. Etxeberriak eta Rezustak eutsi egin diote, ordea, eta amore eman ez. Bazekiten partida galduz gero txapelketan jarraitzeko ia aukerarik gabe geratuko zirela, eta buelta eman diote egoerari. 22-21 irabazita, bigarren puntua lortu dute. «Puntuari baino gehiago, hura lortzeko moduari ematen diot garrantzia. Amildegi ertzean ikusi dugu geure burua, baina jakin dugu sufritzen, eta merezita eskuratu dugu bigarren puntua. Ea mugarria izaten den», adierazi du Etxeberriak.

Partidak denetarik izan du: kalitatea, distira, lana eta emozioa. Hasieran gehiago izan dira Zabala eta Martija. Ohikoa ez izanagatik, atzelari nafarrak parean eutsi dio Rezustari. Piloten bizitasunak ez dio batere eragin. Ondorioz, Zabala eroso ibili da, eta diferentziak markatu ditu. Urdinak aurretik ibili dira lehen tantoetan: 0-2, 3-4 eta 4-6. Etxeberria eta Rezusta partidan sartu dira pixkanaka, eta olatu polita hartu dute tarte batez. Bost tanto jarraian eginda, 9-6 ere aurreratu dira. Baina oreka izan da nagusi lan erdiak bitarte. Baita gogortasuna ere. 11na berdinduta zeudela, ia bostehun pilotakada zituzten joak.

Bigarren zatian aldatu dira kontuak. Aurrelari errioxarrak bizitasunari eutsi dio, eta, jarraitzaileen animoek lagunduta, bereak eta bi egin ditu aurreko koadroetan. Pilota gogor astintzeaz gain, ondo bukatu ditu tantoak. Garaipena poltsikoan izan dute urdinek, 12-18 ez ezik, 15-19 eta 19-21 ere izan baita markagailua, haien alde. Gainera, tarte horretan, Etxeberriak falta bat egin du sakez. Baina ez du amore eman Aspeko bikoteak, eta, ausardiari esker, urreak adina balio duen garaipena eskuratu dute Etxeberriak eta Rezustak.

Bosgarren puntua

Erosoago gailendu dira Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena, Etxebarrin (Bizkaia), Jon Ander Peñaren eta Ander Imazen kontra: 22-14. Peña II.ak Iñaki Artolaren ordezko lanak egin ditu. Lehen tantoetan nagusitu ezinda ibili dira bi bikoteak, eta berdintasuna izan da nagusi: bina, launa eta seina. Hortik aurrera erabatekoa izan da garaileen nagusitasuna. Mariezkurrenak nabarmen agindu du atzean, eta Larrazabalek ez du konplikazioetan sartu beharrik izan. Hala, bosgarren puntua eskuratu du Baikoko bikoteak. Lau punturekin jarraituko dute sailkapenean Artolak eta Imazek.

Bederatzigarren jardunaldia bihar amaituko da, Gasteizko Ogeta pilotalekuan (17:15, ETB1). Erik Jakak eta Martxel Iztuetak ezustea ematea izango dute helburu Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurka. Azken bikote horrek, irabaziko balu, urrats handia egingo luke lehen bi postuetan sailkatzeko bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.