Betis-Alaves

Etxetik kanpo ere irabazi egin nahi du Alavesek

Gasteiztarrek ligako bigarren garaipena lortu nahi dute gaur Betisen aurka, eta ahalik eta puntu gehien bildu lehen jardunaldietan. Sevillarrek, berriz, lehen partida irabazi nahi dute.

Alaveseko jokalariak entrenamendu batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko jokalariak entrenamendu batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ligako lehen jardunaldian Levanteri irabazi ostean, Alavesek bolada onari eutsi nahi dio, eta beste hiru puntu garrantzitsu eskuratu nahi ditu gaur Sevillan; Betis izango du parean. Tenagliak larunbatean luzapenean sartutako golak adorea eman die gasteiztarrei. Gainera, aurkariak atseden hartzeko denbora gutxiago izan du, eta etxe berrira egokitzen ari da. Hori aprobetxatzen saiatuko da Alaves.

Izan ere, La Cartuja estadioan jokatuko dute partida (21:30, Movistar+). Betisen betiko estadioa, Benito Villamarin, obrengatik itxita egongo da hurrengo bi denboraldietan, eta, ondorioz, zuri-berdeek Espainiako Kopako azken sei finalen egoitzan jokatuko dituzte etxeko partidak. Gutxienez 200 eserleku hutsik egongo dira, Espainiako Futbol Federazioak zigortu egin baitu kluba otsailean Athleticen aurkako partidan egindako oihu arrazista eta xenofoboengatik. Jazotakoa ikertzen ari ziren, eta federazioak aste honetan jakinarazi du zigorra.

Garrantzitsua izan zen Alavesentzat sasoiko lehen neurketa irabaztea. Eduardo Coudetek zuzendutako jokalariek 2-1 irabazi zioten Levanteri, ligan aurkari zuzena duen taldeari. 92. minutuan sartu zuen Tenagliak gasteiztarrei hiru puntuak eman zizkien gola.

Alavesek oraindik fitxaketak egin behar ditu taldea ixteko, batez ere atzeko lerroan. Levanteren aurka Facundo Garcesek eta Nahuel Tenagliak jokatu zuten erdiko atzelari gisa, hau da, eskuin alboko atzelari argentinarrak erdian jokatu behar izan zuen. Hugo Novoa ez da deialdian egongo, orkatilan min hartuta dagoelako; udan Abdel Abqar Getafera joan zen; eta Santiago Mouriño Atletico Madrilek berrerosi zuen, ondoren Vila-reali saltzeko.

Aurrean ere jokalari bila dabiltza arabarrak —Lucas Boye fitxatu berri dute, 2029ra arte—. Iaz denboraldia hasi zuten aurrelari guztietatik bik bakarrik jarraitzen dute taldean: Toni Martinezek eta Carlos Vicentek. Kike Garcia, debalde, Espanyolera joan da; Villalibrek, utzita, Bigarren Mailako Racing Santanderren jokatuko du; eta joan den sasoian Mirandesen utzita egon zen Panichelli Estrasburgok fitxatu du, 16,5 milioi euroren truke.

Oraintxe, Toni Martinez eta Mariano Diaz ditu punta aurrelari postuan. Martinez ongi ibili zen bere lehen denboraldian, eta hark sartu zuen lehen gola Levanteren aurka. Mariano Diazi dagokionez, berriz, oraindik ez dago argi zertarako gai den. Ez zuen talderik izan aurreko sasoian, eta aurrez Sevillan eta Real Madrilen egon arren, minutu gutxi jokatu zituen. Dominikarrak 2022an sartu zuen azken gola Espainiako ligan.

Eduardo Coudetek atzo esan zuenez, aurkari izango duten taldeak jokalari «oso onak» ditu. Hala ere, baikor da: «Badakigu Betisen aurka jokatzea zaila izan daitekeela, baina gure asmoa partida guztietan protagonistak izatea eta irabaztea da».

Europara itzultzea

Betisek 1-1 berdindu zuen lehen jardunaldian Bigarren Mailatik igo berri den Elxen aurka. Sevillako taldea Europa ligarako sailkatu zen joan den denboraldian, eta seigarren aldiz jarraian Europarako sailkatzea du helburu.

Betisek ezin izan dio bizkarrezurrari eutsi: Johnny Cardoso erdilaria Atletico Madrili saldu dio, eta Jesus Rodriguez hegal gaztea Italiako Como taldeari. Gainera, oraingoz ez dute lortu Antony berriz ere ekartzea. Brasildarra urtarrilean iritsi zen Betisera, Manchester Unitedek utzita, eta taldeari iraulia eman zion. Hala ere, beste jokalari garrantzitsu batzuek taldean jarraitzen dute: hala nola Iscok, Lo Celsok eta Diego Llorentek.

Saldutako jokalariak ordezkatzeko, fitxaketak egin dituzte: Nelson Deossak ordezkatuko du Johnny, eta Rodrigo Riquelmek, Jesus. Horrez gain, atean Alvaro Valles eta Pau Lopez ekarri dituzte, defentsan Valentin Gomez eta Natan —iaz utzita egon zen—, eta ezker alboan Junior Firpo. Posizio berean Javi Lopez fitxatu nahi dute, Alaveseko jokalari ohia eta Realeko jokalaria. 

Manuel Pellegrinik ezin izango du bere izarra zelairatu: Iscok orkatila hautsi zuen denboraldiaurrean, eta azarora arte egongo da jokatu gabe. Abde, Diego Llorente, Marc Roca eta Deossa ere min hartuta daude, eta ez dute Alavesen aurka jokatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.