Golak. 0-1: Balotellik (20. min.). 0-2: Balotellik (36. min.). 1-2: Oezilek (92. min.). Epailea: Stephane Lannoy (Frantzia). Txartel horiak: Alemaniako Hummelsi; eta Italiako Balotelli, Bonucci eta De Rossiri. Bestelakoak: 50.000 ikusle inguru Varsoviako Estadio Nazionalean.
Euroa gora eta euroa behera, eta kopa ahaztu azkenean. Europa guztia Alemaniari begira dago azken hilabeteotan. Erreskatea, eurobonuak, bankuen batasuna, batasun fiskala, zorra... Denek ez bada, gehienek barneratu dituzte hitz horiek. Baina saltsa handia dago atzean. Joko arriskutsua. Eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra da epailea. Egin behar dena eta ez dena, bere esku. Europa guztia Alemaniari begira jarri du krisiak. Erreskatea eskatu, eta final-laurdenak eskaini zizkion Eurokopak Greziari. Epailea Merkel, ordea.
Eta erreskatea eskatu, ez eskatu dabilela, finalerdiak eskaini zizkion Eurokopak Italiari. «Finalerdietako partida ez dugu ikusiko». Merkelenak dira adierazpenak. Bazekien zerbait. Europako Kontseilua goi bilera egiten ari da Bruselan, eta beste txapelketa batzuetan ez bezala, agintariak ez zirela telebistari begira egongo jakinarazi zuen Alemaniako kantzilerrak. Euroa bakarrik dauka buruan, saltsa eta liskar giroan eurogunea indartzea.
Baina saltsa eta liskar giroan beste bat da nagusi: Mario Balotelli. Ez eurobonu, ez zor eta ez banku batasun. Balotelli da benetako erreskate plana Italiarentzat. Gola sartuta ere irribarrerik ez egiteko gai den jokalari bakarra; gola sartu eta taldekideek ahoa estali behar izaten dioten jokalari bakarrenetakoa. Santu-santua ere ez da, baina Balotelliri esker jokatuko du Italiak, etzi, Eurokopako finala, Espainiaren aurka. Kirol erreskate eske hasiko da laster Alemania, zortzi aldiz jokatu duelako Eurokopako edo Munduko Txapelketako azken fasean, eta inoiz ez baitu irabazi. Atzo ere ez.
Joko politaren alde egin dute Alemaniak eta Italiak aurtengo Eurokopan. Cesare Prandellirekin urruti geratu da Italiaren hamar atzelariko sistema. Lehen minututik bertatik nabaritu zen aurkariari baloia kentzea izango zela lehen borroka argia. Eta, ezustean, Italiak irabazi zuen dema hori. Zoragarria da italiarren atzeko lerroko lana, eta kalitatea irabazi dute zelai erditik aurrera.
Hori bai, kontrola Italiarena bazen ere, Alemaniak sortu zituen lehen hiru aukera argiak. 5. minutukoa izan zen onena, Pirlok atepetik atera zuelako Hummelsek korner batean buruz egindako errematea. 12. minutuan, Khediraren jokaldiaren ondoren, Boatengek erdiratu, eta Barzaglik gutxigatik ez zuen sartu gola bere atean. Hurrengo jokaldian, berriz, Kroonek egin zuen oso jaurtiketa ona, baina ez zen okerragoa izan Buffonen erantzuna.
Azken uneko penaltia
Hiru jokaldi horien ondoren, desagertu egin zen Alemania. Desagertu, eta huts harrigarriak egiten hasi. Aparta izan zen 20. minutuan Pirlok Chielliniri bidali zion baloia; aparta Cassanok Hummelsi gerria txikitzeko modua; eta aparta erdiraketa. Baina huts handia egin zuen Badsturberrek, eta nahi izan zuen moduan bidali zuen baloia sareetara Balotellik. 36. minutuan, berriz, are huts larriagoa egin zuen Lahmek urrutitik zetorren baloia urrundu ezinda, eta misil geldiezina sareetara bidali zuen Balotellik. Bigarrenez. Podolskik eta Khedirak aurretik banakoa lortzeko aukera eduki zuten arren, 0-2, eta Alemania erantzun ezinik.
Klose eta Reus zelairatuta ere, lehen bost minutuetako sua besterik ez zuelako izan Alemaniak bigarren zatian, Reusek berak eta Lahmek egindako jaurtiketa banatan. Kontraerasorako partida aparta geratu zitzaion Italiari, eta Marchisiok eta Di Natalek asmatzea bakarrik falta izan zitzaion. Bultzaka, Oezilek penaltiz sartu zuen 1-2koa, 92. minutuan, baina beranduegi zen erreskaterako. Euroarekin, baina Eurokoparik gabe geratu da Alemania.
Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Alemania-Italia finalerdia. ALEMANIA 1. ITALIA 2
Euroarekin, kopa ahaztu
Italiak astindu handia eman dio Alemaniari Eurokopako bigarren finalerdian, eta Espainia izango du aurkari etzi, finaleanBalotellik sartu ditu italiarren bi golak, eta berandu iritsi da Oezilen gola, 92. minutuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu