Bitxia da askotan patuak zer-nolako ezusteak ematen dituen. Kasualitatea ere izan liteke zenbait kasutan. Zuek erabaki. Deitu nahi duzuen moduan, baina Alemaniak eta Greziak Eurokopako bigarren final-laurdena jokatuko dute gaur, eurogunean bi herrialdeak izaten ari diren protagonismoaren itzalean. Horren harira, bi herrialdeetako hedabideek bero-bero jarri dute neurketa aurreko giroa. Erraz legean, politika kontuak futbolarekin nahasi dituzte. Eta lortu dute nahi zuten oihartzuna. Europa guztia galdezka ari da orain alemaniarrek politikan erakutsi duten nagusitasun bera erakutsiko ote duten zelaian ere.
Historiara atzera begiratua botata saihestezina dela dirudi. Alemania aipatuta Grezia ez aipatzea saihetsezina da. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, historiak sarri elkartu eta urrundu ditu bi herrialdeak. Urruntze garaian daude orain. Alemaniak darama aginte makila euroguneko katramilan, eta hark ezarritako jokoa jarraitu besterik ez zaio gelditu Greziari.
Futbol zelaian ere, halako zerbait ikusiko dela iragarri dute hainbatek. Alemaniarren jokoa nagusituko dela diote. Greziarrak txotxongiloen antzera mugiaraziko dituztela. Alemaniarrak sentimendu eta erruki gabeak direla. Greziarrak, aldiz, nagiak eta zuzenezinak. Euroguneko eztabaida Eurokopara iritsi da.
Diziplina eta kaosa, potentzia eta porrota. Euroaren krisiak aurreiritziz josi du gaurko final-laurdena. Titular deigarriek sua piztu dute. Bild Alemaniako egunkaria, adibidez, probokazioetan erori zen greziarren jokoa aztertzeko garaian. Honela zioen egunkari horretako titular batek: «Zorrez gain, zer eskain dezakete greziarrek?». Europan gehien saltzen den egunkaria da,eta denbora asko darama greziarrei buruzko aurreiritziak sendotuzalemaniarren artean. Eta final-laurdenetako kontua ezin hobeto etorri zaio isekarekin jarraitzeko. Joan den ostiralean bertan, «Ez da salbatuko dituen erreskaterik izango» zioen titular bat publikatu zuen egunkari berak.
Greziako egunkariak ere ez dira isilik gelditu. Goal News egunkaria Angela Merkel kantzillerrari erreferentzia egitera ausartu zen: «Ekar diezagutela orain Merkel. Grezia ez dute inoiz botako eurotik». Partida bertatik bertara jarraituko du Alemaniako gobernuburuak, eta neurketari buruz ezer esan ez badu ere, Greziako zaleen oihuren bat edo beste entzun beharrean izango da.
Afera horri garrantzia kentzen bakarrak benetako protagonistak izan dira. Alemaniarren hautatzaileak, Joachim Loewek, adibidez, ez zuen politika kontuetan sartu nahi izan. «Angela Merkelek eta nik harreman ona dugu, eta akordio bat ere badugu. Berak ez du nire hamaikakoetan zer esanik izango, eta nik ere ez haren erabaki politikoetan». Gaurko neurketa baino ez du buruan, eta gainerako kontuek jokalariei ez eragiten ahalegindu da entrenatzailea. Thomas Muellerrek Loeweren ildo beretik jo zuen: «Politika ez da guri dagokigun zerbait, baina ez du esan nahi horri buruz hitz egitea debekatuta daukagunik».
Joan den asteartean Georgios Samarasek eta Kiriakos Papadopulosek baretu nahi izan zuten neurketaren inguruan sortutako tentsioa. Eurokopa eta egungo krisia gauza «erabat ezberdinak» direla esan zuten,ez dela biak nahastea komeni.
Hedabideen jokoan erorita
Ez diote denek Loewe, Muller, Papadopulos edo Samaresen ereduari jarraitu, halere. Mikhalis Sifakis greziarren atezaina komunikabideek hasitako jokoan erori zen. Final-laurdenetarako sailkapena lortu berritan, futbolaz haratagoko adierazpenak egin zituen. «Hainbeste kritikatu gaituzte, baina... lortu dugu! Errespetu gehiago nahi dugu. Hau guztia merezi ez duen herri zoragarri bat gara». Greziarentzat eta greziarrentzat errespetua eskatu zuen Fernando Santos hautatzaileak ere. «Greziak historia dakarkigu gogora. Hortik dator greziarrei guztiok diogun errespetua.».
Patua batzuentzat edo kasualitatea besteentzat. Berdin du. Gaur ez da horrelakorik izango. Gaur futbola nagusituko da.
Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: Final-laurdenak
Euroguneko katramilak
Europako krisi ekonomikoaren oihartzuna Eurokoparaino iritsi da. Hedabide askok politikarekin lotu dute Alemaniak eta Greziak gaur jokatuko duten bigarren final-laurdenetako neurketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu