Euskadiko Atletismo Federazioko zuzendaritza batzordeak dimisioa eman du, diru arazoengatik

Azken urteetan gastuek gora egin dutela esan dute, eta ez dutela laguntza gehiago jaso. Hauteskunde prozesu bat abiatuko da, eta, hautagaitzarik aurkezten ez bada, ezohiko batzar batera deituko da, federazioa desegitea aztertzeko.

Landako atletismo pista, Durangon. BERRIA
Landako atletismo pista, Durangon. BERRIA
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urriaren 14a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Justu zebilen, eta egoerak itoarazi du: Euskadiko Atletismo Federazioko zuzendaritza batzordeak dimisioa eman du, «egiturazko arazo ekonomikoek» behartuta. Joan den ostiralean aurkeztu zuen dimisioa, ohiko batzar nagusian, eta ohar batean eman dute horren berri. Erakundearen egoera ekonomikoa «larria» dela adierazi dute, eta azpimarratu ez dutela aurrera egiteko nahikoa laguntza.

Zuzendaritza batzordeak maiatzean hasi zuen agintaldia, Mikel Garcia presidente zuela, Ibon Muñoz presidenteorde, Irene Cantabrana epaileen ordezkari, Juanjo de Campos kluben ordezkari, Amaia Andres entrenatzaileen ordezkari eta Alazne Etxebarria atleten ordezkari.

Azaldu dutenez, agintaldia hasitakoan Juanjo Anderez presidente ohiarekin elkartu ziren egoera ekonomikoa aztertzeko, eta konturatu ziren 2025eko aurrekontuak desorekatuak zirela, baita azken urteetako finantza kontuak ere. Horri aurre egiteko asmoz, zenbait neurri hartu zituzten, oharrean jaso dutenez: besteak beste, atleten kontzentrazioak bertan behera uztea eta txapelketa batzuetan parte ez hartzea.

Hala ere, ohartu dira «euskal atletismoko kolektiboek ondorio larriak pairatu gabe» bideraezina dela 2026rako neurri berriak ezartzea. Konponbidea bilatu nahian, hainbat bilera izan dituzte Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariarekin, baina, jakinarazi dutenez, ez diote balio izan: «Jaurlaritzaren diru laguntzak ez dira handitu, eta kostuek gora egin dute azken urteetan».

Oharrean aipatu dute txapelketetarako garraioak eta ostatuak garestitu egin direla, eta idazkaritzako langileen soldatek gora egin dutela: «Ez dira behar bezala erregularizatu». Federazioarentzat «sostengaezina» omen da egungo langile kostuei eustea, eta, beraz, «etengabe murriztu» dituzte euskal atletismoko jardueretara bideratutako gastuak. Ondorioz, federazioak «defizit ekonomiko nabarmena» du gaur egun. Azkenean, zuzendaritzak dimisioa ematea erabaki du.

Hurrengo asteetan zuzendaritza batzorde berri bat osatzeko hauteskunde prozesu bat abiatuko da. Hautagaitzarik aurkezten ez bada, ezohiko batzar batera deituko da, Euskadiko Atletismo Federazioa desegitea aztertzeko. Ordura arte, egungo zuzendaritza batzordeak segituko du jardunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.