Eskozia eta Euskal Herria lotuko ditu Tourraren 114. aldiak. Edinburgon lasterketa abiatzen denean, dena erabakitzeke egongo da oraindik. Txirrindulariak uztailaren 2an hasiko dira pedalei eragiten. Bada, hemeretzigarren etapan Euskal Herrira iristen direnean, ezer gutxi geratuko da argitzeko. Mendiko azken saioa izango da, eta bi egun geroago iritsiko dira Parisera, uztailaren 25ean. Pirinioak erabakigarriak izango dira, baita erlojupekoak ere, guztira 71 kilometro osatuko baitituzte bizikleta adardunaren gainean; 2012tik izan den kopururik handiena da. Horrek mesede egingo dio Remco Evenepoeli (Red Bull). Dena den, izerditu egin beharko du mendiko etapetan. Halako sei lehiatuko dituzte guztira, eta horietatik hiru mendate batean amaituko dira: Grand Colombierren, Les Saisiesen eta Porteten.
Antolatzaileek gaur aurkeztu dute ibilbidea, eta lehendik jakina zena baieztatu: 2023az geroztik lehen aldiz, Tourra Euskal Herritik igaroko da. Eta ez edonola. Izan ere, erabakigarria izan daiteke Hazparnen (Lapurdi) hasiko den etapa. Txirrindulariak Donibane Garazi eta Donazaharretik (Nafarroa Beherea) igaroko dira hasieran, eta Iratiko etxoletara igoko dira gero, Burdinkurutzeta mendate gogorretik. Bernard Hinaultek erritmo itogarria jarri zuen bertan 1986ko Tourrean, eta horiz jantzi zen Paueko (Okzitania) helmugan. Azkonarra-ren azken Tourra izan zen, eta lehia bizia eduki zuen Greg Lemond taldekidearekin. Iraganeko pasadizoak, dena den, berdin izango zaizkie gaur egungo txirrindulariei Burdinkurutzetan gora doazenean. Gero, Larraine eta Santa Grazi (Zuberoa) atzean utzi ondoren, Soudet igoko dute. Eta behin Euskal Herritik irtenda, Marie Blanque mendatea gainditu beharko dute. Helmuga Laruntzen (Okzitania) egongo da, Hazparnetik abiatu eta 160 kilometro geroago.
Mendiko azken etapa izango denez, oso litekeena da faboritoak indar betean aritzea. Bestela izango da lehen bi saioetan. Biek Ingalaterran izango dute amaiera, Carlisle eta Liverpool hirietan. Hirugarren etapa, berriz, Galesen lehiatuko da osorik. Eta orduan bai, erasoak izan litezke hautagaien artean, zortzi mendate labur igoko baitituzte; azkena, helmugatik hamahiru kilometrora. Biharamunean atseden hartuko dute, eta Frantziara bidaiatu. Eta zazpigarren etapan, faboritoek azterketa garrantzitsua izango dute: 38 kilometroko erlojupeko lau bat, Blois eta Chambord artean. Bi egun geroago maldan gora jardungo dute, Grand Colombierren amaituko den etapan. Nekatuta iritsiko dira mendate ezagun horretara, aurrez ere menditsua izango baita etaparen ibilbidea.
Berriz ere atseden hartu, eta Alpeetan barneratuko da Tourreko tropela. Hamargarren etapan, sei mendate igoko dituzte Annecy eta Sallanches artean; besteak beste, Brison, Bettex eta birritan igoko duten Domancy —azkenekoz, helmugatik bederatzi kilometrora—. Are saio gogorragoa osatu beharko dute hurrengo egunean, La Colombiere, Croix Fry, Pre eta Bisanne gainditu beharko baitituzte Les Saisiesera bidean. Bigarren asteak beste etapa menditsu bat ere izango du: hamalaugarrena, Montpellierren hasi eta Menden amaituko dena. Helmugara iristeko, Croix Neuveko igoera labur eta gogorra igaro beharko dute.
Azkenekoz atseden hartu ondoren, bakarkako beste erlojupeko bat lehiatuko dute. Aurrekoa bezala, nahiko luzea izango da, egungo estandarrei erreparatuta, bederen: 33 kilometro egingo dituzte Okzitaniako Tolosa inguruan. Oraingo honetan, baina, igoera labur bat aurkituko dute lanen erdiak igaro ostean. Eta azken egunetan, Pirinioen txanda iritsiko da. Etapa nagusia hemezortzigarrena izango da: Soulour, Tourmalet, Hourquette d’Ancizan eta Portet igoko dituzte 174 kilometroko ibilbidean. Denera 5.400 metroko desnibela pilatuko dute, eta helmuga Porteten, lasterketako mendaterik garaienean, egongo da. Biharamunean Euskal Herrian barneratuko da tropela, eta lasterketako azken saio menditsuari egingo dio aurre. Tourra bi egun geroago amaituko da, Parisen. Azken bi urteetan bezala, Montmartreko aldapa igoko dute. Ikuskizuna bermaturik dago.
Puy de Domek erabakiko du
Emakumezkoen lasterketari dagokionez, bederatzi egunez lehiatuko da, uztailaren 30etik abuztuaren 7ra. Ingalaterran ariko dira lehen hiru etapetan, Leedsetik abiatuta. Helmugak Manchesterren, Sheffielden eta Londresen egongo dira —Ingalaterrako hiriburuak taldekako erlojupeko bat hartuko du—. Gorabeheratsua izango da Sheffielden amaituko den etapa —2.800 metroko desnibela pilatuko dute—, eta bosgarren saioan ere klasiko itxurako ibilbidea osatuko dute, Magnanvillera bidean.
Azken hiru etapak, berriz, mendikoak izango dira. Zazpigarrena La Loge des Gardesen amaituko da, aurrez Point du Jour igota; zortzigarrenean sei mendate gaindituko dituzte, Clermont Ferrandera bidean; eta amaitzeko, bederatzi igoerari egin beharko diote aurre. Azkena, Puy de Dome izango da. Aurreko urteetan, txirrindulariek Planche des Belles Filles, Tourmalet, Alpe D’Huez, La Madeleine eta Mont Ventoux igo dituzte. Bada, datorren urtean, Puy de Domek jarraipena emango dio mendate mitikoen zerrendari.