Pilota

«Herri oso bat» ordezkatuko du euskal pilota selekzioak Munduko Txapelketan

Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Gasteizen aurkeztu du Argentinan eta Uruguain lehiatuko den selekzioa: 41 pilotari ariko dira. Urriaren 15etik 24ra jokatuko dute txapelketa, eta euskal selekzioa lehen aldiz ariko da Munduko Txapelketa nagusi batean.

Euskal selekzioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal selekzioko pilotariak, hautatzaileak eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioko, erakundeetako eta EAJko eta EH Bilduko ordezkariak, elkarrekin, selekzioaren aurkezpenaren amaieran, gaur, Gasteizko Foru plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
Gasteiz
2026ko urriaren 1a
20:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal kirola beste mugarri historiko bat ezartzear dago. Lehen aldiz, euskal pilota selekzioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako Munduko Txapelketa batean ariko da. Euskadiko Euskal Pilota Federazioak erronka hori izan du begiz joa 2024ko abenduaren 28an Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko eskubide osoko kide gisa onartu zutenetik. Iristear dago horrenbeste desiratutako une hori. Euskal selekzioa beste hamalau herrialdetako selekzioekin lehiatuko da urriaren 15etik 24ra Argentinan eta Uruguain; zehazki, Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton.

Erronka handia da, eta horren pareko aurkezpena egin dute gaur. Orain arte, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Abadiñon (Bizkaia) duen egoitzan aurkeztu izan ditu nazioarteko txapelketetan aritu diren euskal selekzioak. Gaur, ordea, erronkaren garrantziaren jakitun, aurkezpen handi eta jendetsua egin du Gasteizko Foru plazan. Hantxe izan dira Munduko Txapelketan ariko diren 41 pilotariak. Pilotari horiek hamahiru modalitatetan lehiatuko dira, ezkerparetan, trinketan eta frontball-ean. Haiekin batera egon dira euskal selekzioaren hautatzaileak, bederatzi guztira. Aulkietan eserita, berriz, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko, erakundeetako eta EAJ eta EH Bildu alderdietako ordezkariak egon dira. Ekitaldiak aurrera egin ahala jende dezente gerturatu da Foru plazara. 

Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea oso eskertuta azaldu da euskal pilota selekzioak ofizialtasuna lortzeko lan egin duten guztiekin, izan erakusleihotik, izan itzalpetik. «Aspaldiko nahia bete eta gero, Munduko Txapelketan parte hartzea beste pauso bat da. Herri oso bat ordezkatuko dugu, eta hori ardura izugarria da, baina ilusioa are eta handiagoa da. Zaila izango da dominak lortzea, baina oso ondo prestatu gara, eta modalitate batzuetan urrea irabaziko dugu, ziur».

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak Mitxelenak esandakoari eutsi dio, eta azpimarratu euskal selekzioko kideek «herri oso baten ilusioa» eramango dutela Munduko Txapelketara eta «herri oso baten harrotasuna» izango dutela. «Gure ordezkariak izango zarete munduaren aurrean. Ez zoazte bakarrik, eta ez duzue bakarrik jokatuko; Euskadi osoak jokatuko du zuekin. Pribilegiatuak zarete, euskal selekzioarekin munduko txapelketa batean lehen aldiz jokatuko duten pilotariak izango baitzarete». Munduko Txapelketan ofizialki lehiatuko den lehen selekzioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariek osatuko dute.

Pilotariak, ilusioz gainezka 

Lehen aldiz, pilota egokitua jokatuko dute Munduko Txapelketan, 36 metroko frontoian eta trinketan. Lau pilotari ariko dira modalitate horretan euskal selekzioarekin. Beñat Lizaso da horietako bat. «Duela lau urte erakustaldia egin genuen Miarritzen, eta Espainiarekin aritu nintzen. Oraingoan, berriz, modalitate ofiziala izango da, eta euskal selekzioarekin jokatuko dut. Oso zoriontsu naiz. 2008tik jokatzen dut pilota egokituan, baina Munduko Txapelketa bat jokatzea gauza handia da, eta are gehiago gure selekzioarekin jokatzea. Gogotsu gaude etxera dominen bat ekartzeko», azaldu du.

Eneritz Lizardi, berriz, bigarrenez ariko da, zesta-puntan. Duela lau urte, Miarritzen (Lapurdi) munduko txapeldun izan zen Maria Ortiz de Mendibilekin batera. Espainiarekin aritu ziren orduan, baina, oraingoan, euskal selekzioarekin jokatuko dute. «Txapelketa bereziagoa izango da hau, seguru. Ametsa beteko dugu: euskal selekzioak horrelako txapelketa garrantzitsu batean parte hartzea. Oso pozik nago tokia lortu dudalako, eta oso harro nago Euskal Herria eta euskal selekzioa ordezkatuko ditudalako; sekulakoa izango da. Denontzat izango da esperientzia berria, baina egun politak biziko ditugu, gertakari historiko baten parte izango baikara», adierazi du.

Ekitaldi bukaeran, argazki ofiziala atera dute bertaratutako guztiek, eta, horretarako, Bengoetxeak Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sinatutako ikurrina bat eman dio Mitxelenari. Ikurrina astinduz eta besoak altxatuz amaitu dute aurkezpena. Hurrengo geltokia: Munduko Txapelketa Argentinan eta Uruguain, txapelketa historikoa.

EUSKAL SELEKZIOA

  • 54 metroko frontoia. Zesta-punta: Eñaut Urreisti, Ion Ibarluzea, Unai Lekerika, Xabi Barandika, Elaia Gogenola, Eneritz Lizardi, Maia Goikoetxea eta Maite Ortiz de Mendibil. 
  • 36 metroko frontoia. Zesta-punta: Aritz Erkiaga, Ortzi Aldazabal, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal. Eskuz: Beñat Azketa, Beñat Garmendia, Ekhi Irribarria, Eñaut Lizeaga, Gaizka Carregal eta Oier Elorz. Paleta larruz: Ander Landeta, Ibai Perez, Iñaki Urrutia eta Markel Sierra. Pala motza: Jagoba Madariaga, Esteban Gaubeka, Iker Gordon eta Imanol Ibañez. Pilota egokitua: Beñat Lizaso, Sergio Rodriguez, German Luis Elkoro eta Edorta de Anta.
  • 30 metroko frontoia. Paleta gomaz: Julen Loidi, Unai Sagarzazu, Amaia Irazustabarrena eta Nagore Martin. Frontball: Julen Alberdi, Mikel Aurrekoetxea, Miren Larrarte eta Olatz Arrizabalaga.
  • Trinketa. Xare: Oier Iturbe, Xuban Lopetegi eta Markel Mugika. Pilota egokitua: Lizaso, Rodriguez, Elkoro eta De Anta.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA