Selekzioa

Euskal selekzioa kirol guztietan modu ofizialean lehiatzeko eskatzeko giza kate jendetsua egin dute Hendaia eta Irun artean

«Hau da gure herria, hau da gure selekzioa, hauek dira gure koloreak. Geu gara, euskaldunak», aldarrikatu dute Etorbideko zubian. Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzionalei eskatu diete bultza dezatela «ofizialtasuna lortzeko jauzi bat».

Euskal selekzioa. MAIALEN ANDRES / FOKU
Euskal selekzioaren aldeko giza katea, Hendaia eta Irun arteko Etorbideko zubian. MAIALEN ANDRES / EFE
Julen Etxeberria.
HENDAIA-IRUN
2026ko uztailaren 14a
17:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezer ez zen ausaz aukeratua, ez eguna, ezta tokia ere. Uztailaren 14a da gaur, Frantziako festa nazionalaren eguna. Munduko Futbol Kopan ere egun garrantzitsua da: Frantziako eta Espainiako selekzioek elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan. Eta hori baliatu dute Zazpi Baietz, Gu ere bai! eta Gure Esku mugimenduek euskal selekzioaren aldeko ekintza bat egiteko. Euskal Herria, gure selekzioa, gure koloreak lelopean, ehunka lagunek euskal selekzioaren aldeko giza kate bat egin dute Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Etorbideko zubian. Eguna bezala, tokia ere apropos aukeratua zen, leku sinbolikoa baita Hendaia eta Irun arteko zubi hori. Batetik, 1936ko irailaren 4an milaka herritarrek zubi hori gurutzatu zuten Hendaiarantz, faxisten erasoalditik ihesi. Bestetik, zubi horrek lotzen ditu Hego eta Ipar Euskal Herria.

112 metroko luzera du Etorbideko zubiak, baina txiki geratu da, jendetza bildu baita euskal selekzioaren ofizialtasunari babesa emateko. Selekzioaren elastikoek berdez tindatu dute zubia, baita haren inguruak ere.

17:00etan zen hastekoa giza katea, baina dezente lehenago ere bazebilen jendea Etorbideko zubiaren inguruan. Erraza zen asmatzea zeintzuk zihoazen giza katera, gehienek euskal selekzioaren elastiko berdea baitzeramaten soinean. Bertaratutakoen artean ziren Mikel Labaka euskal futbol selekzioko bigarren entrenatzailea eta Gaizka Garitano futbol entrenatzailea. Elkarrekin zeuden, norbanako gisa. Hori dela eta, nahiago izan dute adierazpenik ez egin.

EH Bilduk eta EAJk ordezkaritza zabalak izan dituzte. «Nazio bat garela eta gure selekzioa nahi dugula aldarrikatzeko etorri gara hona. Herri bat gara, eta zubi honek batu egiten du herri hau, ez banandu, batzuek hori nahi duten arren», adierazi du Maddalen Iriartek, EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak. Markel Olano EAJko legebiltzarkideak, berriz, «mezu argia» helarazi nahi izan du: «Euskaldunok badugu esnatzeko garaia, begiak ireki eta konturatzeko gure nazioa defenditu behar dugula, baita gure selekzio propioa ere».

17:00etan hasi da jendea zabaltzen. Konturatu orduko, Santiago zubia ere zeharkatu dute. Azkenerako, bira eman diote inguruari. «Ofizialtasuna!» entzun da etengabe. Kattalin Arabolazak eta Beñat Gaztelumendik bertso bana kantatu ondoren hartu dute hitza deitzaileek. Hiruren artean irakurri dute agiria: Irati Alvarez Gure Esku-ko ordezkariak, Eñaut Etxeberria Gu ere bai! egitasmokoak eta Joan Irastorza Zazpi Baietz-ekoak. 

Hirurek aldarrikapen indartsua egin dute. «Euskal herritarrak gara. Euskal Herria da gure nazioa, eta nazio horrek, Aturritik Ebroraino, zazpi lurralde ditu, baita berezko hizkuntza eta kultura ere. Herri burujabea izan nahi dugu: burujabetza osoa, euskal herritarroi eragiten diguten alderdi guztiez erabakitzeko. Ez baikara beste inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere; bagara, eta munduko beste edozein herriren pare egon nahi dugu. Horregatik, munduan geuk ordezkatzen dugu geure burua, ez beste inork. Bagarelako».

Horregatik azpimarratu dute kirol arloan euskal selekzioa dela nazioartean ordezkatzen dituen «selekzio nazional bakarra». «Egunotan gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari da, eta aukera hori aprobetxatu nahi dugu munduari mezu bat bidaltzeko: hau da gure herria, hau da gure selekzioa, hauek dira gure koloreak. Geu gara, euskaldunak. Eta euskal herritarrei dei egin nahi diegu: kalera atera ditzagun gure koloreak eta ordezkatzen gaituzten ikurrak. Ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik nor garen, zer garen aitortzeko».

Salatu dute euskal selekzioak ez duela aukerarik izan Munduko Kopa jokatzeko. «Ez diote uzten, ez diote ofizialtasuna aitortzen». Horregatik, «Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzionalei» ere dei egin diete. «Bakoitzak bere esparrutik edo ahalmen eta eskumenetatik, bultza dezala euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko jauzi bat; jauzi bat, gure selekzioa normal lehia dadin nazioarteko txapelketetan, munduko gainerako herrietako beste edozein selekzio bezala». Bide batez, txalotu egin dute Euskadiko Futbol Federazioa «ofizialtasunaren alde egiten ari den lana».

Argi esan dute «kirol guztietan» nahi dutela euskal selekzioa ofizial izatea, bai gizonezkoen bai emakumezkoen kategorietan. «Izan gaitezen ausartak, izan dezagun anbizioa, aprobetxa dezagun edozein aukera eta egin dezagun jauzi bat. Eta egin dezagun jauzi hori herritarrekin batera, milaka eta milaka herritarrek sentitzen dutelako taupada hau eta prest daudelako ofizialtasunaren bidea sustatzeko».

Giza katea egin duten tokiari erreparatuta, nabarmendu dute «Bidasoaren bi aldeetan herri bera» dagoela. «Kirola maite eta grinaz bizi duena eta, historikoki, kirola gizartea kohesionatzeko eta komunitatea egiteko erabili duena. Gustuko dugu kirola, gustuko ditugu kirolaren balioak, eta berretsi nahi dugu jarraituko dugula, kirolaren bidez, herria egiten: herri libre bat egiten».

Horregatik guztiagatik, sendo esan dute hori dela euren «sentimendua» eta hori dela euren «hautu politikoa». «Ez gara beste inor baino gehiago, ezta gutxiago ere. Beraz, kalera, gure koloreekin. Kalera, gure konpromisoarekin. Kalera, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzera eta gauzatzera. Gure aniztasunetik. Bagare, bagera, bagire, bagara. Eta deliberatu dugu aurrerantzean ere izatea». Ozen oihukatu dute amaieran: «Gora euskal selekzioa! Gora Euskal Herria!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA