Pilota

Euskal selekzioak brontzezko domina irabazi du 'frontball'-ean

Miren Larrartek Venezuelako ordezkaria hartu du mendean: 10-5 eta 10-8. Euskal selekzioak bederatzi domina eskuratu ditu jada, eta ziurtatu egin du Munduko Txapelketan hamabi domina lortzea, hiru final jokatuko baititu gaur, azken jardunaldian.

Euskal selekzioa. JULEN ETXEBERRIA
Euskal selekzioko kideak, 'frontball'-ean irabazitako brontzezko domina ospatzen. JULEN ETXEBERRIA
Julen Etxeberria.
🌐 Buenos Aires (Berriemaile berezia)
2026ko urriaren 24a
14:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal selekzioak bederatzigarren domina irabazi du Munduko Euskal Pilota Txapelketan: brontzezkoa eskuratu du, frontball-ean. Miren Larrartek Julieta Rengel Venezuelako ordezkaria hartu du mendean brontzezko domina nork irabazi erabakitzeko partidan, Buenos Airesko Club Banco Provincian. Nagusitasunez irabazi dio, bi jokotan: 10-5 eta 10-8. Olatz Arrizabalagak ez du gaur jokatu, baina berea ere bada brontzezko domina.

Hala, euskal selekzioak ziurtatu egin du Munduko Txapelketan hamabi domina eskuratzea. Izan ere, beste hiru irabaziko ditu gaur, hiru final jokatuko baititu txapelketako azken jardunaldian. Gizonezkoen frontball-ean, Mexikoren aurka ariko da, 17:00etan. Julen Alberdik jokatuko du. 36 metroko frontoian, berriz, pilota egokituan Frantziaren aurka ariko da euskal selekzioa, 19:00etan. Ikusteko dago nortzuk jokatuko duten. Pala motzean, berriz, Espainia izango du aurkari, 21:00etan. Esteban Gaubeka eta Imanol Ibañez ariko dira. 

Gaur-gaurkoz, euskal selekzioak Espainia bakarrik du aurretik dominen sailkapenean: urrezko sei ditu Espainiak, eta lau euskal selekzioak. Gaur, Espainiak bost final jokatuko ditu, eta euskal selekzioak hiru. Gertatzen dena gertatzen dela, euskal selekzioa bikain aritu da, lehiatu den hamabost modalitateetatik hamabitan irabaziko baitu domina, eta beste batean brontzea nork eskuratzeko neurketa jokatu baitu.

Nazioarteko Federazioaren egoitza, Miarritzen

Bestalde, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak azken orduko aldaketa bat egin du, eta haren egoitza nagusia Miarritzen (Lapurdi) egongo da, eta ez Buenos Airesen, asteazkenean egindako urteko batzar orokorrean onartu zen bezala. Ezusteko bat izan zen batzar orokor horretan. Izan ere, aurretik zuzendaritza batzordeak onartu egin zuen egoitza Iruñetik Miarritzera lekualdatzea, eta batzar nagusian erabaki hori berresteko bozketa egin behar zen. Baina Espainiako Federazioaren abstentzioa tarteko, Buenos Airesen hautagaitza gailendu zitzaion Miarritzekoari, aldeko 43 boto lortuta, Miarritzekoak baino hiru gehiago. Hala ere, Pablo Lambardi Argentinako Pilota Konfederazioko presidente eta Nazioarteko Federazioko idazkari nagusiak gaur esan du «lanean» ari direla egoitza Miarritzen egon dadin. Horrela, egoitzak Euskal Herrian jarraituko du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA