Zesta-punta

Euskal selekzioak Espainiakoari irabazi dio, eta Nazioen Ligako finala jokatuko du Frantziakoaren aurka

Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek 15-11 eta 15-9 hartu dituzte mendean Erik Mendizabal eta Gorka Mugartegi. Euskal selekzioko pilotariak ez dira distiratsu aritu, baina asmatu dute eusten.

Imanol Lopez eta Aritz Erkiaga. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Lopez eta Aritz Erkiaga, tanto bat ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko ekainaren 5a
23:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Historikoa izan zen astelehenean Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai pilotalekuan gertatu zena: euskal selekzioak lehen partida jokatu zuen Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean. Ederra izan zen estreinakoa, etxeko taldeak irabazi baitzituen bi neurketak.

Baliteke biharko eguna ere handia izatea, historikoa. Euskal selekzioak txapelketako bi finalak jokatuko ditu, eta txapeldun izateko aukera du bietan: emakumezkoetan, Espainiako selekzioa izango du aurkari; gizonezkoetan, berriz, Frantzia. Finalak 21:00etan hasiko dira, eta ETB1ek zuzenean emango ditu biak. Sekulakoa litzateke euskal selekzioaren lehen parte hartzean urrezko bi dominak kolkoratzea. 

Erkiagak eta Lopezek ez dute huts egin gaur. Faborito argiak dira txapeldun izateko, eta beste urrats bat egin dute helburu hori lortzeko bidean. 15-11 eta 15-9 irabazi diote Espainiako bikoteari, Erik Mendizabal mutrikuarrak eta Gorka Mugartegi markinarrak osatutakoari. 

Euskal selekzioko puntistek, halere, espero baino gehiago sufritu dute gailentzeko. Egitekoa bete dute. Ez dira distiratsu aritu. Erkiagak eta Lopezek, biek dute eskarmentu handia, baina gaur sumatu egin dute presioa hasieran: faborito dira, eta etxean ari dira jokatzen. Mendizabal eta Mugartegi, gainera, ondo aritu dira, eta estu hartu dituzte euskal selekzioko pilotariak, batez ere lehen setean. Hala ere, Erkiagak eta Lopezek asmatu dute eusten, eta irabazi egin dute horri esker.

Lehen setean sufritu dute gehien. Ondo hasi dira, lehen bi tantoak eginda. Baina ondo hasitakoa berehala okertu da. Hutsak egiten hasi dira, eta, konturatu orduko, aurrea hartu die Espainiako selekzioak: 3-5. Erkiagak desorekatu behar zuen lehia, baina ez da fin aritu hasieran. Zorionez, tantoak eta hutsak, bietatik egiten dituzte Mendizabalek eta Mugartegik. Oso estu zihoan partida: 10-9. Baina orduan azaldu da Erkiaga. Min egiten hasi da eta, horri esker, kolpea jo du euskal selekzioak, eta lehen seta irabazi.

Bigarren setak, ordea, berde kolorea izan du erabat. Espainia aurretik jarri da, baina etxekoek berehala eman diote buelta emaitzari, eta abiada handian iritsi dira hamabosgarren tantora. Mendizabalek minduta bukatu du partida.

Euskal selekzioak Frantziakoa izango du aurkari finalean. Ludovic Ladutxe getariarrak eta Thibault Basque bidartarrak 15-13 eta 15-13 irabazi diete gaur Johan eta Gorka Sorozabal miarriztarrei. Azken horiek AEBekin jokatzen dute. Euskal selekzioa eta Frantziakoa bigarrenez ariko dira elkarren aurka Nazioen Ligan. Astelehenean aritu ziren, eta etxekoek nagusitasunez irabazi zuten: Erkiagak eta Lopezek 15-6 eta 15-11 hartu zituzten mendean Jon Tanburindegi eta Basque bidartarrak. Bihar, Ladutxek eta Basquek jokatuko dute.

Berriro parez pare 

Emakumezkoen finala jokatuko dute bihar lehenbizi, eta, horretan, euskal selekzioa eta Espainiakoa ariko dira berriro elkarren aurka. Atzo jokatu zuten lehen aldiz elkarren kontra, ligaxkako azken partidan, eta Espainiako selekzioko bikotea nagusitu zen: Erika Mugartegik eta Arai Lejardik 15-5 eta 15-7 irabazi zieten Elaia Gogenolari eta Maia Goikoetxeari. 

Etxeko taldeko jokalariek azaldu zuten lekua ezin topatuta ibili zirela, baina, jarraian, azpimarratu zuten uste dutela finaleko partidak ez duela zerikusirik izango ligaxkakoarekin. Hobeto aritzea espero dute. Egiten badute, nor baino nor gehiago ariko dira, eta aukera izango dute txapeldun izateko. Atzo aritu ziren lau puntistek jokatuko dute berriro: Gogenolak eta Goikoetxeak euskal selekzioarekin, eta Mugartegik eta Lejardik Espainiakoarekin.  

Azken jardunaldia eguerdian hasiko da, eta AEBetako eta Espainiako selekzioetako gizonezkoek 12:00etan jokatuko dute hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.