Pilota

Euskal selekzioak gaur jokatuko du lehen aldiz Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean

Euskal selekzioa Frantziakoaren aurka arituko da zesta-puntako Nazioen Ligan, Gernika-Lumon: emakumezkoek 21:15ean jokatuko dute, eta gizonezkoek, 22:15ean. Aurretik, inaugurazio ekitaldia izango da.

Euskal selekzioko kideak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Euskal selekzioko kideak, aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko ekainaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaurko eguna historikoa izango da Euskal Herriarentzat eta euskal kirolarentzat. Gaur arituko baita lehen aldiz euskal selekzioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean: zesta-puntako Nazioen Ligaren lehen ekitaldian. Nekez izan zezakeen estreinaldi hoberik euskal selekzioak, etxean jokatuko baitu aurreneko txapelketa, Gernika-Lumon (Bizkaia). 

Abenduaren 28an Nazioarteko Federazioak Euskadikoa eskubide osoko kide gisa onartu izanaren emaitza da. Ahalegin bat baino gehiago egin zen aurretik Nazioarteko Federazioak Euskadikoa onartu eta euskal selekzioak ofizialtasuna lor zezan, baina ahalegin horiek antzuak izan. Abenduaren 28an, ordea, Nazioarteko Federazioak Euskadikoa onartzearen alde bozkatu zuen, eta aspaldiko ametsa, nahia eta desioa egia bilakatu zen.

Erabaki historikoa izan zen, baina ez denen gustukoa. Espainiako eta Kubako federazioek berehala aurkeztu zuten helegitea Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS), Lausanan (Suitza). Zera inpugnatu zuten: estatutuen erreformaren legezkotasuna, bozketaren balioa eta Euskadiko Federazioa Nazioartekoan onartzearen erabakia. Beraz, TASen dago gaia, eta ezin daiteke jakin noiz emango duen epaia. Hori egin bitartean, halere, euskal selekzioak Nazioarteko Federazioak antolatutako txapelketak jokatuko ditu.

Txapelketa atzo hasi zen, baina euskal selekzioak gaur jokatuko du lehen aldiz. Bi mailatan arituko da, eta, bietan Frantziaren aurka jokatuko du: gaur, emakumezkoek 21:15ean jokatuko dute, eta gizonezkoek, jarraian, 22:15ean. Zortzi pilotari hauek osatuko dute euskal selekzioa: Aritz Erkiagak, Imanol Lopezek, Eñaut Urreistik, Unai Lekerikak, Elaia Gojenolak, Helena Barrenetxeak, Maia Goikoetxeak eta Maialen Aldazabalek. Frantziako selekzioan, berriz, bost euskal puntista daude: Ludovic Ladutxe, Jon Tanburindegi, Thibault Basque, Oihana Sorozabal eta Xana Gonzalez.

Espainiako eta Mexikoko selekzioetako emakumezkoek jokatuko dute gaurko jardunaldiko lehen partida, 18:30ean hasita. Euskal Herriko hiru emakumezko arituko dira Espainiarekin Nazioen Ligan: Erika Mugartegi eta Arai eta Lur Lejardi. Gizonezkoetan, berriz, lauk jokatuko dute: Gorka Mugartegik, Erik Mendizabalek, Ruben Bailok eta Cosme Agirrek.

Txapelketa atzo hasi izanagatik ere, gaur egingo dute inaugurazio ekitaldia, 20:30ean. Nazioen Ligan arituko diren sei selekzioek hartuko dute parte horretan: euskal selekzioak, Espainiak, Frantziak, AEBek, Mexikok eta Filipinek. Historikoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.