Euskal selekzioak «laster» zazpi lurraldeak ordezkatzea espero du EHPK-k

Euskal selekioaz harro sentitu arren, Euskal Herriko kirolariak zatitzea «eskubide zanpaketa» bat dela adierazi du Euskal Herriko Pilota Konfederazioak, «ez soluzioa».

AEBetako eta Mexikoko pilotariak, gaur goizean jokatu duten partidan. MIGUEL TOÑA / EFE
AEBetako eta Mexikoko pilotariak, gaur goizean jokatu duten partidan. MIGUEL TOÑA / EFE
jon ordonez garmendia
2025eko ekainaren 1a
17:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur goizean hasi da Euskal Pilotako Nazioen Liga. Hasiera ekitaldia bihar egingo badute ere, lehen partida AEBek eta Mexikok jokatu dute, eta AEBek irabazi dute. Arreta handiena, baina, biharko egunak piztu du, orduan jokatuko baitu euskal selekzioak lehen aldiz Nazioarteko Pilota Federazioaren txapelketa batean ofizialki. 20:30ean egingo dute hasiera ekitaldia, eta jarraian jokatuko ditu euskal selekzioak estreinako partidak: 21:15ean, emakumezkoetan, Frantziaren aurka lehiatuko da, eta 22:15ean, gizonezkoetan, aurkari beraren aurka.

Euskal Herriko Pilota Konfederazioa Gernikan izan da gaur goizean, txapelketako lehen partidetan —aipatutakoaz gain, Mexiko-Frantzia jokatu dute emakumezkoetan eta Filipinak-Frantzia gizonezkoetan—. Ongietorria eman dio euskal selekzioari, baina azpimarratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako selekzioa dela, eta gaur-gaurkoz Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako pilotariek ezin dutela euskal selekzioan jokatu. «Lortutakoarekin pozik eta harro sentitu arren, ezin gara guztiz aseak sentitu. Horregatik, gaur hemen aldarrikatzen eta eskatzen ari garena ez da inongo inposaketa, gure anai-arreben borondatea onartzea baizik, garbi baitugu zatiketa ez dela soluzioa, eskubide zanpaketa baizik.

EHPK-k gogoratu du ofizialtasunaren bidea duela 35 urte hasi zutela, Kuban, eta eskerrak eman dizkio Xabier Cauzabon Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko lehendakariari euskal selekzioarekiko jarrera «irekia» izan duelako, eta modu horretan aukera eman diolako euskal selekzio horri ofizialki lehiatzeko. Azkenik, gaineratu du espero duela Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeak osatutako «benetako selekzioa» ofiziala izatea «laster».

Ander Bilbao euskal selekzioaren hautatzaileak sei pilotari deitu ditu: Aritz Erkiaga, Eñaut Urreisti, Imanol Lopez, Unai Lekerikabeaskoa, Helena Barrenetxea, Elaia Gogenola, Maialen Aldazabal eta Maia Goikoetxea. Hau da txapelketako egutegia:

Ekainak 2: 18:30. Espainia-Mexiko (E). 20:30. Inaugurazio ekitaldia. 21:15. Euskal selekzioa-Frantzia (E). 22:15. Euskal selekzioa-Frantzia (G).
Ekainak 3: 19:00. Espainia-AEBak (G). 20:00. Espainia-Frantzia (E). 21:00. Euskal selekzioa-Mexiko (E).
Ekainak 4: 18:00. Espainia-Mexiko (G). 19:00. Euskal selekzioa-Espainia (E). 20:00. Euskal selekzioa-Filipinak (G).
Ekainak 5: 21:00. Finalerdiak (G).
Ekainak 6: 12:00. Hirugarren eta laugarren posturako partida (G). 21:00. Finala (E). 22:00. Finala (G).

ETB1ek zuzenean emango ditu ekainaren 2ko, 5eko eta 6ko jardunaldiak, eta ETB4k ekainaren 4koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.