Euskal selekzioko pilotariak nagusitu dira Mendozan (Argentina), Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioaren Munduko Txapelketan. Modalitate guztietan irabazi dute dominaren bat. Guztira, zortzi eskuratu dituzte: urrezkoak lau, zilarrezkoak hiru, eta brontzezko bat.
Emakumezkoak aritu dira ondoen, lau modalitateetatik hirutan izan baitira txapeldun: nazioarteko jokoan, llargues modalitatean eta lau paretetan; one wall modalitatean, berriz, galdu egin zuten finala Herbehereen aurka. Gizonezkoetan, euskal selekzioa txapeldun izan da one wall modalitatean, txapeldunorde nazioarteko jokoan eta lau paretetan, eta hirugarren llargues modalitatean.
Munduko Txapelketa hau oso garrantzitsua izan da Euskadiko Federazioarentzat, bai kirol ikuspegitik, baita instituzio ikuspegitik ere: nazioartean lehiatu da, eta, hartara, bere presentzia sendotu du nazioartean.
Buruz buruko ligaxka
Buruz burukoan, berriz, Iker Larrazabalek, Jokin Altunak eta Dario Gomezek lehen partida irabazi dute final-laurdenetako ligaxkan, hurrenez hurren, Iñaki Artolari, Unai Lasori eta Erik Jakari nagusituta.
Asteburuan hiru partida jokatuko dituzte: ostiralean, Altuna III.a eta Dario ariko dira Gernika-Lumon (Bizkaia); larunbatean, Jon Ander Peña eta Javier Zabala, Iruñean; eta, igandean, Jaka eta Laso, Gasteizen.