Euskal selekzioa lehen aldiz ari da Munduko Euskal Pilota Txapelketa nagusi batean, eta ondo ari ere. Pilotariak arrastoa uzten ari dira, eta zer maila duten erakusten. Atzo jokatutako zortzi partidetatik bost irabazi zituen euskal selekzioak, eta finalerako sailkatu eskuz eta zesta-puntan. Oraintxe, lau final ditu ziurtatuak: eskuz, buruz burukoan eta binakakoan arituko da, eta zesta-puntan, binakakoan —bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan—.
Hain zuen, binakako zesta-puntan bihar jokatuko dituzte finalak: gizonezkoek AEBen aurka jokatuko dute, eta emakumezkoek Espainiaren kontra. 21:00etan lehiatuko dira emakumezkoak, eta 22:00etan gizonezkoak.
Eskuz banaka, Gaizka Carregalek arazorik gabe garaitu zuen atzo Mexikoko ordezkaria: 10-4 eta 10-3. Lehen setean hasi eta buka izan zen nagusi. Bigarrenean, berriz, atzetik aurrera egin zuen. 0-3 aurreratu zen Hernandez mexikarra, baina garaiz esnatu zen Carregal, eta jarraian hamar tanto egin. Hala, ligaxkan bigarren garaipena lortuta, finalerako sailkatu zen. Euskal selekzioa Espainiaren aurka ariko da finalean.
Binaka, berriz, erakustaldia egin zuten Beñat Azketak eta Oier Elorzek, eta nagusitasun osoz irabazi zioten Frantziari: 10-0 eta 10-2. Ez zuten aurkaririk izan, eta markagailua frontoian ikusitakoaren isla izan zen. Finalerako konfiantza hartzeko balio izan zion euskal selekzioari. Binaka bezala, euskal selekzioa Espainiaren aurka ariko da finalean.
Bestalde, zesta-puntan, binakako finalerako sailkatu dira emakumezkoak eta gizonezkoak. Uruguain jokatu zuten atzo Xabier Barandikak eta Unai Lekerikabeaskoak, Colonia del Sacramentoko 54 metroko pilotalekuan, eta 15-6 eta 15-6 hartu zuten mendean Frantzia. Emakumezkoetan, berriz, Maite Ortiz de Mendibilek eta Eneritz Lizardik galdu egin zuten azken partida, Espainiaren kontra, 6-15 eta 13-15. Hala ere, ligaxka amaituta, finalerako sailkatzea lortu zuten.