Euskal pilotak beste mugarri bat ezarriko du asteburuan: lehen aldiz jokatuko du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako munduko txapelketa bat. Hain zuzen, 23 urtez azpiko Munduko Trinket Txapelketan ariko da euskal selekzioa, Venado Tuerton, Argentinan. Euskadiko Federazioa Nazioartekoaren kide denetik euskal selekzioak jokatuko duen bigarren txapelketa da. Gernika-Lumon (Bizkaia) jokatutako zesta-puntako Nazioen Liga izan zen lehena, ekain hasieran. Venato Tuertokoan, berriz, lehen aldiz ariko dira munduko txapelketa batean.
Bederatzi selekzio ariko dira, hilaren 20ra bitartean: Argentina, Bolivia, Espainia, euskal selekzioa, Frantzia, Mexiko, Peru, Txile eta Uruguai. 146 pilotari ariko dira, eta guztira 102 partida jokatuko dituzte. Lau modalitatetan lehiatuko dira: gomazko pilotan, xarean, larruzko paletan, eta esku huska —banaka eta binaka—.
Euskadiko Federazioak 21 pilotariko deialdia egin du. Euskal Herriko pilotari gehiagok jokatuko dute txapelketa, zesta-puntako Nazioen Ligan gertatu bezala Espainiako eta Frantziako selekzioetako pilotari gehienak euskal herritarrak baitira.