Euskal selekzioak parte hartuko du Munduko Wallball Txapelketan

Zazpi euskal kirolari arituko dira txapelketan; etzi hasiko da. Euskal Herriko ordezkaritzaz gain, Leeuwarden izango dira Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico.

Euskal selekzioa munduko Wallball txapelketaren aurkezpenean, gaur, Abadiñon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskal selekzioa munduko Wallball txapelketaren aurkezpenean, gaur, Abadiñon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
nerea intxausti
2025eko abuztuaren 25a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal pilota selekzioa Leeuwardenera (Herbehereak) bidean da, Munduko Wallball Txapelketan parte hartzeko. Gaur iragarri dute, Abadiñon (Bizkaia) egindako prentsaurrekoan. Lehiaketa etzi hasi eta larunbatean amaituko da. 

Wallball modalitateko lehiaketa bateratu bat egingo duten lehen aldia da. Txapelketa Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioak antolatu du, eta zazpi herrialdek hartuko dute parte: Euskal Herriak, Argentinak, Belgikak, Erresuma Batuak, Valentziak, Herbehereek eta Puerto Ricok. Wallball-a horma bakarreko pilota joko bat da, txaparik gabea, eta banaka nahiz bikoteka jokatzen da. 21 tantora jokatzen da, bi jokora, irabazi arte. Gomazko pilota batekin jokatzen da.

Zazpi euskal kirolari arituko dira txapelketan: emakumezkoetan, Olatz Arrizabalaga Munduate (Lea Ibarra klubekoa), Miren Larrarte Maioz (Behar Zana klubekoa) eta Laia Salsamendi Silva (Uharte klubekoa); eta gizonezkoetan, Lur Ziarrusta Intxaurtza (Txumulutxueta klubekoa), Mikel Aurrekoetxea Amuriza (Lemoa klubekoa), Egoitz Amantegi Zubillaga (Tonobolo klubekoa) eta Mikel Beldarrain Emaldi (Txumulutxueta klubekoa). Teknikari lanetan, Patricia Espinar Labian eta Ekhi Ziarrusta Intxaurtza ariko dira.

Euskadiko Pilota Federazioak adierazi duenez, «euskal ordezkaritzak ilusioz eta konpromisoz» egingo dio aurre «nazioarteko erronka» honi: «Txapelketa hau euskal pilotaren nazioarteko proiekzioa indartzeko eta gure jokoaren balioak munduan zabaltzeko aukera izango delakoan gaude». 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.