Bikain ari da euskal selekzioa Munduko Euskal Pilota Txapelketan, Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton (Uruguai). Txapelketako lehen bost jardunaldiak jokatu eta gero, euskal selekzioak ziurtatu egin du gutxienez zazpi final jokatzea. Hau da, gutxienez zazpi domina irabaziko ditu. Guztira zenbat irabaziko dituen, eta urrezkoak, zilarrezkoak edo brontzezkoak izango diren bakarrik falta da argitzeko.
Euskal selekzioak gaur jokatuko ditu lehen bi finalak, Colonia del Sacramenton, Euskal Herriko 21:00etan hasita (ETB1). 54 metroko frontoiko binakakoan ariko da, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Emakumezkoetan, euskal selekzioak Espainiaren aurka jokatuko du. Itxuraz, Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea berrituarrak ariko dira euskal selekzioarekin, eta Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markinarrak Espainiarekin. Final hori bukatu ondoren, berriz, gizonezkoen finala jokatuko dute: euskal selekzioa AEBen aurka. Itxuraz, Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrak ariko dira euskal selekzioarekin, eta Johan eta Gorka Sorozabal miarriztarrak AEBekin.
Bi final horiez gain, euskal selekzioak gutxienez beste bost jokatuko ditu, 36 metroko frontoiko sei finaletatik bosterako sailkatu baita jada. Esku huskako bi finalak jokatuko ditu, banaka eta binaka, eta bietan Espainia izango du aurkari. Zesta-puntan, berriz, emakumezkoetan eta gizonezkoetan ariko da finalean: emakumezkoetan Espainiaren aurka jokatuko dute, eta, gizonezkoetan, Frantziaren kontra. Azkenik, pilota egokituan ere urrezko domina irabazteko lehiatuko da euskal selekzioa. Frantzia izango du aurkari. Ostiralean jokatuko dituzte esku huskako eta zesta-puntako finalak, Euskal Herriko 17:00etatik aurrera. Pilota egokitukoa, berriz, larunbatean jokatuko dute, 19:00etan.