Euskal Herria, gure selekzioa, gure koloreak lelopean, euskal selekzioaren aldeko giza kate bat egingo dute Zazpi Baietz, Gu Ere Bai eta Gure Esku mugimenduek datorren asteartean; 12:00etan izango da, Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Etorbideko zubian. Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari den honetan, gogora ekarriko dute Euskal Herriak ez duela halakoetan lehiatzerik, baina baduela eskubidea: «Gure selekzioa, emakumezkoena zein gizonezkoena, kirol guztietan modu ofizialean lehia dadin nahi dugu. Nazioa gara, gurea euskal selekzioa da, eta horiek dira gure koloreak», adierazi dute, ohar bidez.
Hiru taldeek Euskal Herriko selekzioaren aldeko hainbat jarduera sustatu dituzte azken asteotan; besteak beste, herri argazkiak egitera eta zabaltzera deitu dute, baita euskal selekzioarekiko atxikimendua adieraztera eta haren elastikoak janztera ere: «Kalera atera gaitezen gure koloreak jantzita, harro. Ez gara inor baino gehiago, ezta gutxiago ere».
Uztailaren 14a, gainera, Errepublikaren eguna da Frantzian, eta Munduko Futbol Txapelketan egun garrantzitsua izango da: Frantziak finalerdietako partida jokatuko du; eta haren aurkari Espainia izan daiteke, gaur Belgikari irabazten badio. Hiru deitzaileek, ordea, argi adierazi nahi dute Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko borrokak kirol eremuan ere isla duela: «Euskal Herrikoak gara, herri burujabea nahi dugu, eta horrek kirol arloan esan nahi du gure selekzioak munduko gainerako selekzioekin normaltasunez txapelketa ofizialetan lehiatzeko aukera izan behar duela».
Leku «sinbolikoa» hautatu dute horretarako: Irun eta Hendaia arteko Etorbideko zubia. «Mugaz gaindi, hemen herri bat dago, Euskal Herria, zazpi lurraldez osatutakoa, berezko hizkuntza eta kultura dituena. Eta herri honek bere selekzioa nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzen ikusi nahi du». Hala, astearteko giza katean parte hartzera deitu dituzte herritarrak, eta eragile sozialei, politiko eta instituzionalei ere eskatu diete «ofizialtasunaren bidean jauzi ausarta egiteko».