Euskal talde nagusien zaleen taldeek eta euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko plataformek zenbait mobilizazio antolatu dituzte bihar arratsalderako, Munduko Kopako finala dela eta. Izan ere, Espainiak Argentinaren kontra jokatuko du finala, 21:00etan, eta bazterrak nahastu ditu Hego Euskal Herriko udalerri askotan partida ikusteko pantaila erraldoiak jartzeko hartu duten erabakiak. Hori dela eta, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean mobilizazio bana antolatu dute, 19:00etarako denak.
Bilbokoa Casillatik abiatuko da; Donostiakoa, Bulebarretik; Gasteizkoa, San Bizente aldapatik; eta Iruñekoa, Nabarreria kaletik.
Mobilizazioetan parte hartzera deitu dute zenbait eragile politikok: Ernaik, GKSk eta Jardun Koordinakundeak, besteak beste. Uste dute «espainolismoa» normalizatzen ari dela Euskal Herriko kaleetan, eta beharrezkoa ikusten dute joera horren kontrako mezua plazaratzea, baita euskal selekzioaren aldeko aldarriak kalera ateratzea ere.
Donostiako deialdia, esaterako, Bultzada Txuriurdinak egin du, Realeko animazio harmailak, eta argitaratu duten oharrean adierazi dute Euskal Herrian Munduko Kopako finala ikusteko pantailak jartzea «inposizioaren eta zapalkuntzaren normalizazioari bidea erraztea» dela. Uste dute futbola «aitzakia» dela «espainiar nazionalismoa indartzeko, nazionalismo erabat baztertzailea eta inposatzailea dena». Uste dute ikur batzuk, Espainiako bandera esaterako, estatu egituren ikur direla, eta horiek «herrien autodeterminazioa» ukatzen dutela.
Hala, eskatuko dute euskal selekzioa ofizial bihur dadila kirolean lehiatzeko, Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea izan dezala.