Txirrindularitza

Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharma Espainiako Vueltan izango dira

Burgos BH eta Caja Rural lasterketatik kanpo geratu dira. Euskaltelentzat hirugarren parte hartzea izango da, eta Kern Pharmarentzat, bigarrena.

Euskaltel-Euskadi Espainiako Vuelta
2022ko Vuletan, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari bat Galdakaon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ainara Arratibel Gascon
2024ko otsailaren 16a
11:56
Entzun

Txirrindularitza denboraldia abian da, eta World Tourreko lasterketak ari dira pixkanaka argitzen zein talde gonbidatuko dituzten. Atzo, Euskal Herriko Itzulia izan zen; gaur, berriz, Espainiako Vuelta. Berri onak eta txarrak utzi ditu jakinarazpenak euskal taldeentzat. Izan ere, Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharma taldeak Lisboako irteera arrastoan izango dira. Caja Rural, aldiz, ez. Euskaltel Euskadi berriz martxan jarri zenetik, 2018tik, hirugarrenez arituko da. Kern Pharma, berriz, bigarrenez. World Tourreko taldea izanik, Movistar ere bertan izango da. Horrenbestez, Euskal Herriko hiru talde izango dira tropelean.

Euskaltel-Euskadik 2022. urtean jaso zuen azkenekoz Espainiako Vueltan izateko gonbidapena. Orduan, zortzi urte zeramatzan lasterketan parte hartu gabe, eta poz handiz hartu zuten albistea. Orain, poztasun berarekin hartu dute albistea bi urteren ondoren, eta «eguneroko lanaren saria» dela adierazi dute sare sozialetan. Antolakuntzari eskerrak emateaz gain, errepidean «mailarik onena» emango duela berretsi du talde laranjak. 2022ko aldian Mikel Bizkarra izan zen Euskaltel Euskadiko txirrindularirik onena sailkapen nagusian. 28. postuan amaitu zuen, Remco Eveneppoel liderrarengandik 1.20.34ra. Txirrindulari hauek osatu zuten taldea: Xabier Mikel Azparrenek, Ibai Azurmendik, Mikel Bizkarrak, Joan Bouk, Carlos Canalek, Gotzon Martinek, Mikel Iturriak eta Luis Angel Matek. Jorge Azanza zuzendaria «oso pozik» mintzatu da. «Kirol ikuspegitik gonbidapen hau dena da guretzat. Azken urteetan taldea hazten ari da, eta gonbidapen hau beste bultzada bat izango da bide horretan jarraitzeko». Txirrindulariak «gogo biziz» daudela berretsi du. «Ordura arte, gure onena ematea izango da helburua, eta lasterketan dugu taldea erakustea eta, aurreko aldietan bezala, etaparen bat irabazten ahalegintzea. Errepidean lasterketa on bat eginez eskertu nahi dugu gonbidapena».

Kern Pharmak 2022an egin zuen debuta lasterketan. Beraz, Orkoiengo taldearen bigarren aldia izango da udako lasterketa garrantzitsuenetako batean. «Harrotasuna» helarazi dute sare sozialetan, eta argi utzi dituzte asmoak: «Distira egiteko, dena emango dugu». Hala baieztatu du ondoren Juanjo Oroz zuzendariak. «Iazko kolpearen ondoren saria da guretzat bertan egotea. Izugarri pozten naiz taldea guztiarengatik. Pizgarri handia da denboraldi osoari begira».  Iaz kanpoan geratzea «ikasgaia» izan zela nabarmendu du. «Talde moduan elkarrekin hazi behar genuela jabetu ginen, eta hala egin dugu. Aurrerapauso bat eman dugu ildo horretan». Beste datu bat ere azpimarratu nahi izan du. «Oraingoz 36 lehiaketa egun ditugu ziurtatuta World Tour mailako probetan; guretzat kopuru oso ona eta garrantzitsua da». Berehala erantsi du zer helbururekin joango diren Vueltara. «Txirrindulari aproposak ditugu ihesaldietan sartzeko, eta hori izango da gure helburua. Ikusgaitasuna lortu, eta, ihesaldietan sartuz, etaparen bat irabazteko borrokan sartzea. Handia litzateke».

Txandakako sistema

Hala, eta ofiziala ez den arren, txandakako sistema bat baliatzen da gonbidapenak egiteko; izan ere, 2023an kanpoan izan ziren bi taldek, Euskaltel-Euskadik eta Kern Pharmak, lasterketan parte hartuko dute. UCIko berrikuntzen ondoren, itzuli handietako gonbidapenek baldintza gehiago izango dituzte. Aurten, taldeek sailkapeneko lehen 50 postuetan egon behar zuten itzuli handi batean egoteko. 2025ean, lehenengo berrogeien artean egon beharko dute, eta 2026an, berriz, lehenengo 30 postuen artean dauden taldeak joan ahal izango dira itzuli handietara, gonbidapen bidez, eta hortik dator puntuak lortzeko borroka latza. Abuztuaren 17an hasiko da Espainiako Vuelta, Portugalen, Sepp Kuss estatubatuarra tituluaren defendatzailea izanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.