Euskaltel-Euskadiko manager kargua utzi du Igor Gonzalez de Galdeanok

«Beste erronka batzuk» behar dituela argituta, eskerrak eman eta atea irekita utzi duela jakinarazi du arabarrak

unai zubeldia
Donostia
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
«Beste erronka batzuk behar ditut, eta horregatik hartu dut erabakia». Igor Gonzalez de Galdeanok Frantziako Tourretik bueltan hitz horiekin jakinarazi zion Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidenteari manager karguan ez jarraitzea erabaki duela. Euskaltel-Euskadik atzo jakinarazi zuen albistea, eta, Euskadi Fundazioko batzordeak beste erabakiren bat hartzen ez badu, behintzat, 2011ko abenduaren 31ra arte jarraituko du Gonzalez de Galdeanok karguan. «Hau ez da amaiera bat. Nire kirol ibilbidean beste pauso bat da». Datorren denboraldian Madariaga bera izango da managerra, eta Gorka Gerrikagoitia kirol arloko zuzendari nagusia.

Madariagak gauza bakarra eskatu dio Galdeanori: «Sasoia amaitu bitartean karguan jarraitzeko. Kargua uzteko erabakia berea da, eta berak argitu beharko ditu zergatiak». Euskaltel-Euskadik denboraldia amaitu aurretik plazaratuko du taldearen organigrama berria. «Egungo egitura izango du oinarrian, eta etxeko entrenatzaileekin indartuko da taldea. Euskaltel-Euskadiren etorkizunerako apustua argia da, eta taldea goi mailan mantentzeko lanean jarraituko du».

Orain sei urte sartu zen Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiren egituran, idazkari tekniko karguarekin, 2005eko azaroaren 1ean. Zaila izan zen hurrengo sasoia, taldeak itxura eskasa eman zuelako Frantziako Tourrean. Galdeanok berak proposamena eginda, Julian Gorospe kirol zuzendari kargutik kendu zuen taldeak. 2007an Jon Odriozola Orbeatik lehen taldera igotzea erabaki zuen, eta Alvaro anaia izendatu zuten Orbeako zuzendari. Kirol arloan urte ona izan zen hura, Haimar Zubeldia eta Mikel Astarloza lehen hamarren artean sailkatu zirelako Tourrean, eta Amets Txurrukak lehiakortasunaren saria irabazi zuelako; Espainiako Vueltan, berriz, hirugarren izan zen Samuel Sanchez, hiru etapa irabazita.

2008an beste erabaki garrantzitsu bat hartu behar izan zuen. Samuel Sanchezek Olinpiar Jokoak irabazi berritan, Jon Odriozola kargutik kendu zuten. Ondorio zuzena eduki zuen erabaki hark, Gonzalez de Galdeano bera bihurtu zelako taldeko kirol zuzendari nagusi. Tarte horretan Euskaltel-Euskadiri hazten lagundu dio arabarrak, urrutira joan gabe sasoi honetan etapa bana irabazi duelako taldeak Tourrean eta Vueltan, eta bi etapa Giroan. Madariagak atzo adierazi zuen onartzen duela erabakia, baina «arduratuta» dagoela. Galdeanok, berriz, argitu zuen «konfiantza osoa» daukala taldean dauden entrenatzaileengan.

Egoitz Gartzia, Cofidisera

L'Equipe Frantziako kirol egunkariak atzo kaleratu zuenez, Egoitz Gartzia Cofidis taldean ariko da datorren denboraldian. 25 urte ditu, eta azken bi denboraldietan Caja Ruralen aritu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.