Frantziako Tourra

Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari berriak ezingo du Tourraren inguruko erabakirik hartu

Gasteizko gobernuko Etika Publikoaren Batzordeak ebatzi du Gorka Iturriagaren ahalmena mugatu behar dela, haren emaztea lasterketarako kontrataturiko enpresetako baten jabea delako.

2023ko Tourra Bilbotik aterako dela iragartzeko agerraldia, iazko martxoan. GORKA ITURRIAGA
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 19a
18:06
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari berriak, Gorka Iturriagak, ezingo du erabakirik hartu datorren urtean Bilbon hasiko den Frantziako Tourraren inguruan, haren emaztea lasterketaren komunikazioa kudeatzeko kontrataturiko bi enpresatako baten jabea delako. Jaurlaritzak berak hartu du erabakia, «faboritismo susmorik» izan ez dadin.

Gorka Iturriaga / Irekia

Kirol zuzendariak emaztearen enpresari eragingo dion erabaki bat hartu behar izanez gero, Iturriagak «uko egin beharko dio, edo bere erantzukizuna hierarkian gainetik daukanaren esku utzi beharko du, edo loturarik ez duen beste kargudun baten esku». Eusko Jaurlaritzako Etika Publikoaren Batzordeak hartu zuen erabakia, irailaren 1ean, eta gaur zabaldu du SER kateak.

Bingen Zupiria Kultura sailburuak egin zion galdera etika batzordeari, zabaldu dutenez. Iturriagari zuzendari izatea eskaini ziotenean, hark adierazi zuen Bilbao Ekintza elkarteak bere emaztearen enpresa kontratatua zuela lasterketaren irteeraren inguruko komunikazioan lan egiteko. Batzordeak ebatzi du hori ez dela oztopo Iturriaga Kirol zuzendari izendatzeko, baldin eta ekitaldiaren inguruko erabakirik ez badu hartzen. Erantzun hori jasota, Iturriaga izendatzea erabaki zuten.

Jaurlaritzak azaldu duenez, gobernuak ez zuen parte hartu enpresa hori kontratatzeko prozesuan, «Bilbao Ekintza Tourrarekin sinaturiko kontratua gauzatzeko tresna gisa izendatzeaz harago». Gaineratu dute Iturriagak ez duela parte hartzerik emaztearen enpresan.

12 milioiko gastua

Iazko martxoan jakinarazi zuten 2023. urteko Tourra Euskal Herritik irtengo zela, eta aurtengo urtarrilean eman dute ibilbidearen berri: lehenengo etapa Bilbon hasi eta bukatuko da, uztailaren 1ean. Bigarrengoak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu, eta 200 kilometro inguruko ibilbidea izango du, eta hirugarrengoa Zornotza (Bizkaia) eta Baionaren artekoa izango da.

Euskal erakundeek 12 milioi euro gastatuko dituzte guztira Tourraren hasiera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin dadin.

Duela lau urte igaro zen azken aldiz Frantziako Tourra Euskal Herritik, azken-aurreko etapa, erlojupekoa, Ezpeletan (Lapurdi) amaitu baitzen. Azken aldiz, berriz, 1992an irten zen Euskal Herritik, Donostiatik. Urte hartan, Miguel Indurainek irabazi zuen Tourra, hark irabazitakoetan bigarrena.

Komunikazioaz arduratzekoa da Iturriagaren emaztearen enpresa. 2023ko lasterketaren antolatzaileek erakutsi dute beharko dutela Euskal Herria ezagutzen duen baten bat, horren inguruko informazioa zabaltzeko, aurten jada eman baitute zeresana, hemen jokatuko diren etapen berri ematean.

Irailaren 7ko Gobernu Kontseiluan izendatu zuten Iturriaga Kultura eta Hizkuntza Politika saileko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari, Jon Redondo Lertxundiren kargu uztea onartu ostean. Soin Hezkuntzan lizentziaduna da, eta Ikasketa Aurreratuetan diplomaduna. Euskal Herriko Unibertsitatean dabil irakasle, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. Azken bi urteotan, Arabako Campuseko Kultura eta Kirol zuzendaria izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.