Arraun Lagunak-en boladak ez du etenik Euskotren ligan. Gaur ere lehen postua eskuratu du Ondarroan (Bizkaia), eta ligako 11. bandera bereganatu du. Denbora hau egin du: 10.44,44. Tolosaldea izan da bigarren lekuan, hemezortzi segundora, eta Astillero geratu da hirugarren, hemeretzi segundora. Gaurkoan, itzulerako luzean geratu da erabakita estropada. Bost estropada baino ez dira geratzen liga amaitzeko, eta Lugañene-k ondo bideratua du liga, 88 puntu baititu, eta 17 punturen aldea ateratzen dio Tolosaldeari. Nagore Osoro Arraun Lagunak taldeko patroiak ibilbide luze eta oparoa dauka aurrean. Hainbat taldetan ibili da, baina lehen aldiz irabazi du herriko bandera. Gustura agertu da ETBko kameren aurrean: «Etxeko estropadan arantza atera dut, eta bueltan gustura etorri gara».
Estropada hasiera estua izan da. Arraun Lagunak lehen kaletik joan da, eta hasieratik sartu du branka aurretik. Astillerok eta Tolosaldeak ziaboga arte eutsi diote. Ziabogan 5.30eko denbora egin du Osorok gidatutako ontziak; Astillerok, segundo bat gehiago, eta Tolosaldeak, lau. Aipagarria izan da Espainiako ontziak egin duen lehen luzea, eta, iragan astean gertatu moduan, Euskotren ligan berriro emozioa egongo zela zirudien.
Ziabogaren ostean, baina, airean joan da Lugañene ontzia, eta gainontzeko ontziak atzean utzi ditu paladaz palada. Nagusitasunez irabazi du, sendo arraun eginez. Astillerok eta Tolosaldeak lehia ikusgarria izan dute azken unera arte, eta, biak kalez kanpo ibili badira ere, Astillerok arrisku gehiago hartu ditu, Gipuzkoako traineruak hurbilago baitzuen bere kalea. Hala ere, lehen txandan gertatu moduan, epaileak kontrolpean izan du egoera une oro, eta ez da aparteko ondoriorik izan.
Helmugan beste gonbidatu bat ere izan da: San Juan. Sufritzen aritu da estropada osoan zehar, baina azken unean aldea murriztu, eta estutu egin ditu bi aurkari zuzenak. Azkenerako, hala ere, zazpigarren postuan geratu dira, 22 segundora. Ez da arratsalde emankorra izan Gipuzkoako traineruarentzat, eta biharko estropadan horri buelta ematen saiatuko dira.
Hiru segundoko zigorra Hibaikari
Lehenengo txanda bitan zatitu da hasieratik. Hibaika eta Orioren artean egon da txanda irabazteko lehia, eta atzetik Zumaiak eta Donostiarrak jarraitu diete, sailkapenaren zuloan daudenak, hain zuzen. Hibaika lehen tokian sartu da helmugan. Madalen ontzia aurretik izan da Oriorekin izan duen borrokan. Azken unean, ordea, elkarren palak jo dituzte, eta Hibaika Orioren kalean zenez, epaileak hiru segundoko zigorra ezarri dio Errenteriako (Gipuzkoa) taldeari. Oriorentzat izan da, beraz, garaipena: 20.02.
Estropada osoan zehar elkarri mokoka aritu dira, eta, epaileak hasieran ababorrera joateko esan badio ere, Hibaikak San Nikolas ontziaren kalean aurrera jarraitu du. Haizeak Errenteriako taldeari eragin dio, eta une oro estropadaren buruan izan bada ere, ez du ontzia bere kalera eramatea lortu. Estropada amaieran, Inge Ugartek kirol legez hitz egin du egindako akatsari buruz: «Itsasoan horrelakoak gertatzen dira, baina taldeak egin duen estropada bikaina izango dut gogoan».
Txanponaren beste aldean Zumaia egon da. Saregileak ontzia azken postuan sailkatu da gaurkoan ere, eta etorkizunak ez du itxura onik Gipuzkoako traineruarentzat. Estropada hasieratik atzean geratu dira, eta ez dute horri buelta ematea lortu. Gainera, Donostiarra seigarren izan da. Joan den astean Lekeition laugarren postuan geratu ostean, Ibon Urbietak entrenatzen duen ontziak gertuago du kanporaketak jokatzeko helburua. Gaurkoaren ondoren zortzi punturen aldea ateratzen dio Zumaiari. Ondorioz, datozen estropadak ezin garrantzitsuagoak izango dira Zumaiarentzat, eta jo eta ke aritu beharko dute ezinbestean. Bihar Hondarribian (Gipuzkoa) jokatuko da estropada (11:10, ETB1).