Euskotren ligako Donostiako estropada bertan behera geratu da

Itsasoa nola zegoen ikusita, entrenatzaileek aho batez erabaki dute ezin zela estropada jokatu, eta arraunlarien segurtasuna bermatu behar zela. San Juan uretara sartu da azkenean, baina, gero, batzorde teknikoak bertan behera utzi du estropada.

Euskotren ligako ontzietako ordezkari eta entrenatzaileak bilduta. GORKA RUBIO / FOKU
Euskotren ligako ontzietako ordezkari eta entrenatzaileak bilduta. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko uztailaren 25a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da jokatu Kontxako badian Euskotren ligan jokatzekoa zen estropada. Soka luzea ekarriko duen erabakia izango da, eta galdera asko sortuko dituena. Izan ere, hasiera batean Traineruen Kluben Elkarteak adierazi du jokatu egingo zela. Ondoren, ordezkariek bilera egin dute, eta, bertan zeudela, entrenatzaileekin batera erabaki dute ez lehiatzea. Bazirudien bertan behera geratuko zela. Baina San Juan eta Donostiarra taldeetako ontziak arrapalan geratu dira. Bi klub horiek batzorde teknikoaren behin betiko erabakiaren zain geratu dira. 17:50ean jakinarazi behar zuen azkenean estropada bertan behera geratuko zen edo ez. Bazirudien bi ontzi horiek lehiatu egingo zirela, eta erlojuaren aurkakoa izango zela. San Juango arraunlariak itsas eremuan ere sartu dira, baina bueltatu egin dira gero. Azkenerako, batzorde teknikoak bertan behera utzi du estropada «ontziak bertaratu ez direlako».

Eguraldi iragarpena txarra zen gaur arratsalderako Donostian. Itsas eremua hala joan da okertuz: olatu ugari eta haize handia zebilen. Arraunlariak badiara iritsi direnerako jabetu dira horretaz. Hala adierazi dio BERRIAri Naroa Leonetek, Tolosaldea taldeko arraunlariak. «Espero baino okerragoak ziren». Dena den, Borja Rodrigo TKEko buruak ETBri adierazia zion «oraingoz» jokatu egingo zela. 15:45ak ziren. «Orain, horixe da erabakia. Baina ordezkarien bilera 16:00etan da, eta estropadak 17:15ean hasiko dira. Ikusiko dugu zer gertatzen den hemendik ordura bitarte». 

Ordezkarien bilera normal egin da, eta kaleak ere zozketatu dituzte. Baina, bitartean, Euskotren ligako ontzietako entrenatzaileek erabaki dute estropada ez jokatzea. Ibon Urbieta Donostiarra taldeko entrenatzailea ez da bileran izan, baina esan du beraiek ez zirela aterako. Zigor Gazpio Orioko ordezkariak nabarmendu du erabakia «aho batez» hartu dutela. «Zaila da arrapalatatik ateratzea ere, eta arraunlarien ziurtasuna lehenetsi dute zortzi entrenatzaileek. Emandako batasun irudi hori nabarmendu nahiko nuke. Arraunlarien segurtasuna bermatu nahi izan dugu». 

Bazirudien ontzi guztiek etxerako bidea hartuko zutela. Arraunlariak ere arrapalan zeuden, kaleko arropa janzten. Baina orduan hasi dira nahasten gauzak. Izan ere, San Juan eta Donostiarra taldeetako arraunlariak eta ontziak itxaroten geratu dira, batzorde teknikoaren behin betiko erabakiaren zain. 17:50erako ziren ematekoak. Zabaldu denez, bi ontziak prest ziren erlojuaren aurka lehiatzeko. San Juango arraunlariak ere uretaratu dira. Hala egingo zutela aurreratu du lehenago Maialen Arrazola arraunlariak. Metro batzuk egin eta gero, atzera egin dute, azaldu dutenez epailerik ez zegoelako. Epaileek, ordea, ukatu egin dute hori, eta bertan zeudela esan dute. Azkenerako, Donostiarra taldeko ontzia ez da uretaratu. 18:00ak pasatxo zirela eman du batzorde teknikoak estropada bertan behera uzteko erabakia. 

San Juanekin haserre

Zapore gazi-gozoa utzi dio gertatutakoak Inge Ugarte Hibaikako patroiari. Hasteko, kontatu du Donostiara iritsi direnean zer egoera ikusi duten: «Haize ufadek zailtzen zuten egoera, olatuek baino gehiago. Ufada horiek, gainera, gero eta gogorragoak ziren. Beraz, hasieratik garbi genuen ez zela jokatu. Ezin zen gure segurtasuna eta osasuna arriskuan jarri». Entrenatzaileen batzarrean erabakia aho batez hartu izanari balioa eman dio Ugartek: «Bilera hori kale zozketa egiten zen bitartean egin da, eta TKEk erabaki bat jakinarazi aurretik halako zerbait adostea sekulako aurrerapausoa izan da. Txalogarria da egin dutena». Esan du gerora hitza bete ez duena San Juan izan dela: «Kirol legea eta errespetu guztia galdu dute, eta uretara ateratzea erabaki dute. Pena da azken irudia hori izatea, eta ez gure segurtasunari begira eman den aurrerapausoa». 

Ane Sanchez Arraun Lagunak taldeko arraunlaria ere kexu azaldu da sare sozialetan: «Pena da behingoz denak ados egon eta gero talde batek hitza horrela haustea, baita hori ikusita antolakuntzak gizonezkoen estropadaren formatua azken unean aldatzea ere. Beste behin ere argi geratu da interes ekonomikoak eta irudia arraunlarion segurtasunaren gainetik jartzen direla». Halaber, ondorengoa erantsi du: «Gaur ausart izatea ez zen itsaso zakarrean estropada jokatzea, baizik eta euren interesak gure segurtasunaren gainetik jartzen dituztenei aurre egitea. Baita behar denean norabide berean arraun egiteko gai garela erakustea ere». BERRIA San Juango aurraunlariekin jarri da harremanetan, baina ez dute gaiaz ezer esan nahi izan. 

Egoera oso nahasia izan da, tentsio handikoa. Eusko Label ligako estropada jokatzen ari zela hitz egin du ETBn berriz gaiaz Rodrigok. «Guk hasieran ez dugu estropada bertan behera utzi, uste genuelako baldintzak egokiak zirela. Kale zozketa ere egin da. Baina gero ikusi da zein zailtasun zeuden hasteko. Teknikoki ere zaila zen egoera, eta erlojuaren aurka jokatzea ere aztertu dugu. Baina, azkenerako, egoera ikusita, eta jada aurreikusitako hasiera ordutik ordu erdi igarota zegoela, teknikoki bertan behera uztea erabaki dugu». Entrenatzaileen erabakia ulertzen duen galdetuta, hauxe esan du. «Ulertu eta errespetatu, bai; beste gauza bat da ados egotea. Ez dut horren inguruko iritzirik emango. Guk erabaki bat hartu dugu baldintzen inguruan, eztabaidatu zitekeen jokatzeko moduaren inguruan»

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA