Euskotren ligako hirugarren estropada dute gaur Pasaian

2014ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
San Miguel ligako estropadaren aurretik, Euskotren ligakoa izango da Pasai San Pedron (18:00, ETB1). Emakumezkoek ere gizonezkoen eremu berean egin beharko dute arraun, baina ibilbide motzagoan. Hiru luze egin beharko dituzte, eta bi ziaboga eman. Ezohiko lanak horientzat ere.

Ligako hirugarren estropada izango da. Joan zen asteburuan jokatu zituzten aurreneko biak, ligara sailkatzeko bi jardunaldiekin batera. Bi eguneko jardunaren ondoren zehaztu zen zein lau ontzi ariko diren ligan, eta, gaurtik aurrera, laurak bakarrik izango dira lehiaketa horretan: San Juan, Hibaika, Zumaia eta Meira.

Hibaikarentzat egun historikoa izan zen aurreko larunbatekoa, lehen aldiz irabazi zuelako Euskotren ligako estropada bat. Ez zen ezustea izan, talde indartsuenetakoa delako. Hurrengo egunean, San Juanek hartu zion lekukoa, eta pasaitarrek irabazteak ere ez zuen inor harritu. Horiek ere indartsuenetakoak dira, eta ez da harritzekoa izango indartsuenak izatea.

Aste honetan bertan, asteazkenean, San Juanek irabazi egin zion Hibaikari Gipuzkoako Txapelketan. Hasi eta buka nagusitu zitzaion, eta, hori kontuan edukita, San Juan jo behar da faboritotzat. Beste bi taldeek, Zumaiak eta Meirak, aukera txikiagoa dute. Zumaiarren kasuan, badira datuak aukera horiek zehazteko, ia beti ibili delako San Juanen eta Hibaikaren atzetik. Meirari dagokionez, joan zen asteko erreferentziak baino ez daude, eta nahikoa aparte ibili zen aurreneko postuetatik. Gauzak orain arte bezala joanda, San Juan eta Hibaika dira gaurko faboritoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.