Euskotren ligako lehen estropada jokatuko dute gaur

Camargon emango zaio hasiera (19:30), eta A multzoko ontziak ariko dira: Galizia, Zumaia eta Orio

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Euskotren liga gaur hasiko da, Camargon (Espainia). San Miguel ligakoek lanak bukatu eta berehala jokatuko da txanda bakarra, eremu berean (19:30, ETB1). Lehian izango dira Galizia, Zumaia eta Orio. A multzoa osatzen dute hirurek, eta B multzoa beste traineru hauek: Getaria-Tolosak, San Juanek, Bizkaiak eta Hondarribiak. Bigarren multzokoek bihar jokatuko dute estropada, Bilbon.

Hainbat buruhauste izan eta gero, azkenean traineruak bi multzotan banatzea erabaki zuen Traineru Kluben Elkarteak, ligaren antolatzaileak. Zenbat parte hartzaile izango ziren ez da zehaztu azken unera arte, Galiziak ez baitzuen oso argi zer egin. Arraun elkarteek edo selekzioek lehiatu behar zuten ere ez da zehaztu azkenera arte, eta kluben aldeko apustua egin da. Multzo bakoitzak hiru estropada jokatuko ditu, eta, lan horiek bukatu ondoren, multzoko lehen sailkatuek Zarauzko estropadan jokatuko dute kanporaketa edo finala, aurtengo garailea zein den erabakitzeko. Duela bi urte, lehen aldian, Galizia izan zen onena, eta, iaz, berdinduta amaitu zuten galiziarrek eta Gipuzkoak.

Gaur, bi dira faboritoak: Galizia eta Zumaia. Ikusteko dago galiziarrek nolako taldea daukaten, selekzioa ez delako, aurreko urteetan ez bezala. Baina liga irabazteko faboritoetako bat da orain ere, iraganeko erreferentzietan oinarrituz gero. Zumaiak ere talde ona du, eta goian behar luke. Itxuraz, Orio da hiruretan ahulena. Joan zen astean, Zumaiakatzean laga zuen Gipuzkoako Ligako lehen estropadan. Bi luze eta ziaboga bakarrera jokatuko dute estropada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.