Jon Redondo. Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria

«Eutsi egin behar dugu, kolpeari nola edo hala aurre egin»

Hilabete eskas darama Redondok karguan; nahikoa jabetzeko jendea «oso kezkatuta» dagoela. «Normala» dela dio, egoera oso zaila delako. Diru gutxiago izango du, baina «hobeto» kudeatzen saiatuko da.

Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Gasteizen du bulegoa Jon Redondok (Orio, Gipuzkoa, 1979). Hara egiten du egunero autoz joan-etorriko bidaia jaioterritik. Gipuzkoako elkarte, klub edo erakundeekin bildu behar duenean, ordea, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen ordezkaritza baliatu ohi du. Han ere bulegoa du, bista bikainekoa, Kontxako badia ikusten baitu parez pare. Oroitzapen ahaztezinak ekartzen dizkio bistak, Kontxako bi bandera irabazitakoa baita Oriorekin: 2000n eta 2007an. Hain zuzen ere, azken bandera hori irabazi ondoren utzi zuen estatxa. Ordurako hiru hilabete zeramatzan herrian alkate lanetan. Lau urte egin zituen herriko lema eramaten. Hilabete eskas darama orain Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzakoa eramaten. Tinko eutsi beharko dio. Itsaso zakarra dago. Gogor ari da jotzen krisi izeneko ekaitza.

Hilabete eskas daramazu karguan. Zer moduzkoa izan da hasiera?

Abenduan jada Patxi Mutiloarekin bildu nintzen [Jaurlaritzako Kirol zuzendari ohia], eta mahai gainean zituen gaien berri eman zidan. Dena oso ondo joan zen.

Zein izan duzu lehen egitekoa?

Jendearekin hitz egiten ari naiz, egoera, errealitatea nolakoa zen neureganatzeko. Zain gaude jakiteko zenbateko aurrekontua izango dugun.

Jaurlaritzak jada iragarri du %11,5 murriztuko duela aurrekontu osoa.

Jaurlaritzak hiru lehentasun ditu: ongizatea, enplegua eta hezkuntza. Eta horien atzetik gatoz besteak. Egoera ekonomikoa den bezalakoa da, eta denok izan behar dugu argi lehentasunak zeintzuk diren. Horiek ez ukitzea izango da asmoa. Beraz, beste arloetan ziur gehiago nabarituko dela krisia. Orain ikusi behar dugu zein baliabide ditugun eta horiekin nola egokitzen garen errealitatera. Espero dugu hilabete honen erdialdean jada aurrekontuaren berri izatea.

Jendea kezkatuta dago?

Bai, egoera zaila delako.

Murrizketak saiheste aldera, non aurreztu daitekeen aztertu duzue?

Horretan ari gara. Federazioen kasuan argi dugu Euskal Kirol Federazioen Batasuna indartu behar dugula eta hark eskaini beharko dizkiela zerbitzuak federazioei. Bikoiztasunak saihestu behar ditugu.

Federazioek nola hartu dute proposamena?

Aurrekontuaren berri izan arte ezin dugu ezer zehatzik proposatu. Hala ere, federazio, elkarte, klub zein kirolariekin izan ditugun bileretan argi geratu da haiek ere bereganatu dutela oso egoera ekonomiko zailean gaudela. Lehen, agian bai, pentsatzen zuten hau urte pare bateko krisi bat zela eta pasatuko zela. Orain, ordea, oso barneratua dute krisi hau geratzeko etorri dela. Aterako gara, bai, eta ziur Espainiako Estatua baino lehenago, hobeto gaudelako. Baina kostako da. Eta, horretarako, argi dugu non aurrez daitekeen gehien: antolakuntzan eta kudeaketan. Kirolariek laguntza jasotzen jarrai dezatela da gure helburua.

Agian gehiegi gastatu da?

Helburua ez da errudunak topatzea. Egunerokotasunean bizi gara. Inork ez zuen aurreikusi urtero sobran zegoen diru bat gordetzea badaezpada. Baina agian krisi honek hori egiteko lagun diezaguke. Nik beti diot pertsonak oso memoria txikia duela. Orain gogoratzen gara egin ez genuenaz, baina egoera ona denean berehala ahazten gara gauza txarrez. Nik ikusten dudan onena da jendeak barneratu duela egoera oso zaila dela. Familia guztiek dute inor langabezian, hilabete amaierara iristen ez den inor... Eta hori gertatzen denean alde batean geratzen dira gauza asko. Eta jendea horretaz jabetu da. Argi dagoena da diru gutxiago izango dugula eta izango dugun diru gutxi hori hobeto kudeatu beharko dugula. Egoera oparoetan, ez duzu begiratzen nola gastatzen duzun dirua. Dirua dago, ekintzak egiten dituzu eta kito. Baina dirurik ez dagoenean begiratu behar duzu prozedura guztia. Hor badaukagu non aurreztu. Hori bai, mirariak Lourdesen, eta garai batean.

Hain da larria egoera?

Bai, eta klub indartsuenen egoera ez bada oso ona, pentsa nolakoa den kirol gutxitu bateko klub batena edo emakumezkoen klub batena. Horien egoera askoz larriagoa da, babesleak lortzeko zailtasun gehiago dituztelako. Beraz, gehiago sufritzen dute krisia. Lehentasunak finkatu behar ditugu, eta laguntza gehien behar duenari eman laguntza.

Klub indartsuak aipatu dituzu. Haiekin lotuta doa kirol azpiegituren gaia. Athleticekin hasita, Jaurlaritzak zein jarrera du San Mames berriaren eraikuntzaz? Diru publikotik 55 milioi euro inguru bideratu dira hura eraikitzeko.

San Mamesekin gertatzen dena da ez daukala zentzua orain hastea bueltak ematen ea egin izan ez balitz, ea egoera honetan egin zitekeen... Egina dago eta kito. «Pasatako urak errotan ez du indarrik», dio esaerak. Eta hori egin behar dugu: aurreko gobernuak hartutako konpromisoak bete, eta eztabaidak alde batean utzi.

Egungo egoeran, konpromiso horiek betetzea arazo bat da?

Konpromiso horiek egongo ez balira, diru gehiago legoke, baina konpromisoak bete egin behar dira. Gu ez gara hutsetik hasi, ondare bat dugu. Egia da egoera honetan proiektu hori agian beste modu batera egingo zela, baina hartzen diren erabakiak egoera baten baitan hartzen dira.

Realak Anoeta berritzeko asmoa du, eta horretarako pausoak ematen ari dira bai hura bai Donostiako Udala.

Ofizialki Reala ez da gurekin harremanetan jarri. Maitasunez landuko dugu gaia, baina egia da egoera ekonomikoa den bezalakoa dela eta denok egokitu behar dugula errealitate honetara. Ikusiko dugu nola planteatzen den gaia. Dakidanez, Realak erakunde guztien parte hartzea nahi du. Ikusiko da, eta hitz egingo dugu.

Konparazioak saihetsezinak izango dira: zergatik dago dirua San Mamesentzat eta ez Anoetarentzat?

Normalean, konparatzen duenak beti egiten du zerbait txarra bilatzeko. Athleticek San Mames zaharra du, ehun urteko estadioa, eta Realak Anoeta, askoz berriagoa. Banandu egin behar dira bata eta bestea. San Mames Barria proiektua amaitzear dago, eta orain Realak beste proiektu bat dakar. Eta aztertuko da, baina konparaziorik gabe, horrek liskarrak besterik ez dakarrelako.

Klub profesionalen finantzaketa publikoaren gaia ere mahai gainean dago. Bizkaiko Aldundiak, adibidez, ez die diru laguntzarik emango Athletici, Bilbo Basketi eta Euskalteli. Hori egiteko asmoa duzue?

Nik bi ikuspegi ikusten ditut: kirolekoa eta ekonomikoa. Kirolekoan, babes gutxi duten kiroletan zentratu behar dugu. Horien miseriak askoz handiagoak dira, eta guk hor egon behar dugu, behar gehien duten kiroletan. Eta gero, badago beste ikuspuntu bat, ekonomikoa. Klub batzuek eragina dute lurralde historiko bakoitzeko barne produktu gordinean [BPG]; Baskoniak adibidez dio Arabako BPGaren %2 dela. Eta hori ere aintzat hartu behar da. Bi alor horiek bereizi behar dira, eta biei eman laguntza.

Klub profesionalen autofinantzaketa bultzatu beharra dago?

Bai. Klub baten iraupenerako funtsezkoa da diru pribatua publikoaren gainetik egotea. Diru publikoarekin bakarrik irauten duten proiektuek oso zaila dute bizirik irautea krisi garaian. Hor, hala ere, salbuespenak daude, emakumezkoen kirola, adibidez. Hor askoz zailagoa da diru pribatua erakartzea, oihartzun askoz txikiagoa baitute. Hor guk jarri behar dugu diru gehiago.

Euskaltel txirrindularitza taldeak diru arazoak izan berri ditu.

Euskaltelekin gertatzen dena da ez dela talde normal bat, euskaldunen ispilu bat baizik. Gure herria, ohitura eta izen ona eramaten ditu atzerrira, eta horrek sentipen kutsu bat ematen dio. Baina errealitatera egokitu beharra duzu, eta errealitatea da UCI World Tourrean egoteko hainbat aldaketa egin behar dituzula, adibidez, atzerritarrak fitxatzea. Eta hor ziklo baten amaiera egon da. Hala ere, antolaketa berri horretatik haratago doa talde horrekiko jendeak duen sentimendua. Tranpolin bikaina da gure herria eta gure izen ona saltzeko.

Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa ere «tranpolin» bikainak dira Euskal Herria saltzeko. Biak desagertzear egon dira. Hor politika aldaketa bat egongo da?

Betiko galdera da. Zuk Espainiako Vuelta ekarriko zenuke? Nik nazioarteko lasterketa onenak ekarriko nituzke, izan Giroa, Tourra edo Vuelta. Baina egingo ez duguna da etxekoei kalte egin kanpokoak ekartzeko. Itzulia eta Klasikoa UCIko proba onenetakoak dira, eta guk babestu egin behar ditugu, babestu eta indartu. Hori eginda dirua geratzen dela? Bada, ekarriko dugu zerbait.

Edo etxeko proba apalagoak ere babestu.

Guk argi duguna da etxekoa indartu behar dugula, eta etxean bi lasterketa garrantzitsuenak Itzulia eta Klasikoa dira. Ez da denentzako dirua izango, baina, behintzat, saiatu behar dugu onenak babesten eta indartzen.

Aurreko Jaurlaritzak ahalegin berezia egin zuen Espainiako Vuelta Euskal Herrira etor zedin. «Espainia aldarrikatzeko» asmoa ikusi zuten askok horren atzean.

Egon zitekeen asmo hori, baina nik ez nioke garrantzi handirik emango. Niretzat zentzurik ez daukana da kanpokoa ekartzeak kostu bat izatea eta horri aurre egiteko etxekoari kentzea. Horrek egiten dit min, ez besteak. Ni nazioarteko proba garrantzitsuenak ekartzearen aldekoa naiz, baina hori bai, inoiz ez hori etxekoaren bizkar eginez. Gure pentsaeraren aurkakoa da hori.

Zoritxarrez, txirrindularitza eta dopina elkarrekin doaz sarri. Dopinaren aurkako borrokan zer-nolako politika egingo duzue?Dirurik gabe, zailagoa da kontrolak areagotzea.

Egia da kontrolak garestiak direla, baina nik uste dut ez dela diru kontua, borondate kontua baizik. Mezua zehatza da: iruzur egiten duenak ez du tokirik. Mesedez, iruzurgileak etxera joan daitezela. Azkenean, iruzurgileen arazoa da haien erruz kirol osoa jartzen dela zalantzan. Txirrindularitzaren adibidea hor dago. Jendeak pentsa dezake: hau orokorra da?, edo batzuk bakarrik dira dopatzen direnak? Eta hor kirolak berak sinesgarritasuna galtzeko arriskua dago. Guk kontroletan gastatuko dugun dirua inbertsio gisa hartuko dugu. Kontrol horiek, gainera, ez dira hara-hona egingo. Oso zehatzak izango dira. Hemen denok ezagutzen dugu elkar, eta gutxi gorabehera badakigu non dagoen arriskua. Kasu horretan kontrolak taxuz egin behar dira. Adibidez, gaur-gaurkoz gernu analisiak bakarrik egiteak ez du zentzurik. EPOa atzemateko analisiak egin behar dira, nahiz eta analisi normal baten kostua halako bi izan. Hor badago pentsaera bat ez duena begi onez ikusten kontrol asko egitea, hori eginez positibo asko atera daitezkeelako. Guk horren bila joan behar dugu, zalantzarik gabe, berdin dit estatistika guztiak haustea. Ezin dena da egin Espainiako Estatuak egiten duena: burua zulo batean sartu, gaia hari ez balegokio bezala. Ez, serioak izan behar dugu, eta kontrolak egin behar diren bezala egin. Positibo asko ateratzen direla? Bada atera dira, eta kito. Kontroletan, behintzat, diru gehiago erabiltzen saiatuko gara.

Dopinaz hitz eginda, eta zu arraunlari ohia izanda, ezin da bazter batean utzi Estroboauzia.

Arraunarentzat osasungarria da epaia lehenbailehen ateratzea, bestela zurrumurruen zurrunbiloan sartzen gara.

Afizionatuen arteko kirolean ere gora egin du positiboen kopuruak.

Bai, kezkagarria da, eta agerian uzten du maila horretan errazagoa dela dopin produktuak eskuratzea. Kontzientziazio lan bat egin behar dugu, horrek izan ditzakeen kalteez ohartarazteko. Gauza ez da bai ala bai irabaztea, bide zuzena erabiliz irabaztea baizik. Arriskutsua da arlo horretan zorrotzak ez izatea, jendeak pentsa dezakeelako dopatzea ez dagoela gaizki. Gure mezuak hau izan behar du: tranpa egiten baduzu, etxera alde egin ezazu. Eredu izan behar dugu, eta erakutsi ez garela tontakeriatan ibiltzen.

Dopinak zipriztindu egiten du kirol afizionatuak duen hazkundea.

Horretan guk abantaila dugu, herri kirolzalea baikara. Gainera, azken urteetan ekintza fisikoarekin eta osasunarekin harremana duen kirolak gorakada handia izan du. Jendeak kirola egiten du ikusten duelako bere bizitzarako osasungarria dela. Guk ere horri heldu behar diogu. Lortu behar dugu hemendik 2020ra Euskal Herria izan dadila erreferente bat horretan. Gaia badago, eta kirolzaleak gara. Astebururo ikus daiteke hori. Jendeari gustatzen zaio kirola egitea. Eta hori ere saldu behar dugu, eta hemen ditugun bi arazori aurre egiteko erabili: gazteen gizentasuna eta gaixotasun kronikoen handitzea. Bi arazo horiei aurre egiteko modurik onena da osasuntsu bizitzea, eta kirola egitea funtsezkoa da.

Zein mezu helarazi nahiko zenieke federazio, klub eta kirolariei?

Eutsi egin behar dugula, kolpeari nola edo hala aurre egin. Urte gogorrak izango dira, hau batez ere, eta denon artean pasatu behar dugu. Urte hau pasata etorkizun oparoa izango dugula uste dut. Hori federazio eta klubei dagokienez. Kirola egiten dutenei, berriz, Ibone Belaustegigoitiaren eredua jarriko nieke [Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen lehen euskal emakumea, 1948an, Londresen]. 82 urte ditu, eta taupada markagailu bat, eta ur tranpolinean aritzen da egunero. Badakit denok ditugula arazoak, baina, mesedez, har ezazue ordu erdi bat eta korri egin, edo ibili, baina burua lasaitu. Hobeto biziko zarete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.