Evenepoel geldiezina izan da erlojuaren aurka

Flandriarrak bigarren etapa garaipena kateatu du Tourrean; gaur 28 segundo atera dizkio Pogacarri, eta 1.04 Skjelmoseri. Sendotu egin da sailkapen nagusiko bigarren postuan, baina lidergoa urrun du, 4.32ra. Lipowitz erretiratu egin da, erori egin baita.

Remco Evenepoel Thonon-les-Bainseko helmugara iristen, gaurko erlojupekoan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Remco Evenepoel Thonon-les-Bainseko helmugara iristen, gaurko erlojupekoan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 21a
18:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau kilo galdu zituen Tourraren aurretik Remco Evenepoelek (Red Bull), mendateetan sendoago aritu ahal izateko. Bada, baskulako galerak irabaziak ekarri dizkio aldapan gora, eta era berean, ez dio kalterik egin erlojupekoetarako. Argal, baina ez makal. Hala erakutsi du gaur, aurtengo Tourreko bigarren eta azken erlojupekoan. Bartzelonan ez bezala, txirrindulariak bakarka aritu dira, 26 kilometroko ibilbidean. Eta Evenepoel izan da denetan azkarrena, alde handiz gainera, 32.19ko denbora eginda. Tadej Pogacar (UAE) izan du gertuen, maillot horia soinean zeramala, baina esloveniarra harengandik 28 segundora geratu da helmugan. Mattias Skjelmose (Lidl) izan da hirugarren, 1.04ra.

Hiru heren desberdin zituen Evian eta Thonon-les-Bains lotu dituen ibilbideak. Hasi berritan, Larringes igo dute, 9,7 kilometro luze den eta %4,3ko pendiza duen mendatea; ondoren, maldan behera jardun dira; eta, bukatzeko, azken bederatzi kilometroak ordekan egin dituzte. Hasiera aldapatsua izanagatik, erlojupekoetarako bizikleta erabili beharra zegoen. Aerodinamika ezin bazter utzi, batik bat azken zati etzanean. Hots, aukerako saioa zen Evenepoelentzat. Erlojuaren aurka ez du parekorik gaur egun. Horren erakusgarri da soinean daraman ortzadar maillota. Baita gaur egin duen erakustaldia ere. Bigarren garaipena du jarraian, igandean ere nagusitu baitzen, Plateau de Soilaisonen.

Horiek horrela, flandriarrak gertuago du Parisko podiuma. Sendo dago bigarren postuan, Paul Seixasi (Decathlon) eta Isaac del Torori (UAE) astindua eman ondoren: 1.16 atera dio frantziarrari, eta 1.21 Del Torori –laugarren izan da gaur Seixas eta bosgarren Del Toro–. Red Bull taldeak albiste oso txar bat ere izan du, erretiratu egin baita nagusiko bosgarrena, Florian Lipowitz alegia, bihurgune batean erorita. Pogacar larri samar ibili da toki berean, baina onik iritsi da helmugara. Evenepoel aurretik izan du azken bi etapetan; dena den, lasai egoteko moduan da, 4.32ra baitu sailkapen orokorrean. Hirugarren Del Toro dago, 6.51ra, eta laugarren Seixas, 7.11ra.

Faboritoen txanda iritsi aurretik, ia ziurtzat jotzen zen Filippo Gannak (Ineos) egingo zuela saiorik onena. Apal aritu da, ordea, eta ezin izan du Joshua Tarling taldekidearen denbora hobetu. Bruno Armirailek (Visma), berriz, aurrea hartu dio Ineoseko bikoteari, eta Mattia Cattaneo (Red Bull) are azkarragoa izan da. Thymen Arensmanek, irteerara berandu iritsi izan ez balitz, aurrea hartuko zion Cattaneori, eta berriz ere Ineos taldeko ziklista bat eseriko zen ziklistarik azkarrenaren aulkian. Alabaina, hamar segundotik gora galdu ditu abiatzerako, eta bost segundo falta izan zaizkio Cattaneo aurreratzeko.

Nagusi hasieratik

Skjelmosek aise gainditu du Red Bull taldeko italiarra. Saio bikaina osatu du. Evenepoel eta Pogacar are hobeak izan dira, ordea. Eta bi onenen artean, Evenepoelek hasieratik ekarri du lehia bere aldera. Lehen mugarrian sei segundo atera dizkio Pogacarri, eta bigarrenean, hamalau. Hots, esloveniarra baino hobea izan da maldan gora. Orduko 37 kilometroko abiaduran igo du Larringes. Behin igoera finituta, 15 segundoren aldea zegoen bien artean, eta flandriarrak are gehiago handitu du tartea helmugara bidean. Seixas eta Del Toro oso paretsu ibili dira; Juan Ayuso (Lidl), berriz, hamabosgarren izan da, 2.22ra. Eta euskal ziklistei dagokienez, Xabier Mikel Azparrenek (Pinarello) egin du saiorik onena: 32. amaitu du, 3.36ra.

Alpeetan barneratu aurretik, nahiko etapa leuna jokatuko dute bihar, Chambery eta Voiron artean. Lau mendate igoko dituzte, denak ere lehen 60 kilometroetan, eta Pres izango da gogorrena, hirugarren mailakoa –laugarren mailakoak dira beste hirurak–. Lehen begiratuan, egokia dirudi esprinterrentzat, baina haien taldekideek zailtasun handiak izango dituzte lasterketa kontrolatzeko, nekearen ondorioz. Gainera, Tim Merlier jada etxean denez, Soudal taldea ez da agertuko tropelaren buruan. Baliteke ihesaldia amaieraraino iristeko aukera izatea, eta etapa ehiztariak adi ibiliko dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA