Espainiako Vuelta

Evenepoelek arantza atera du Belaguan irabazita

Atzoko etapan 27 minutu galdu eta gero, hasieratik ibili da ihesaldia osatu nahian. Sailkapen nagusiko goialdean ez da aldaketarik izan.

Remco Evenepoel garaipena ospatzen. JESUS DIGES / EFE
ainara arratibel gascon
2023ko irailaren 9a
20:09
Entzun

Kirolak zerbait badu, zera da: egun batean beltza dena, hurrengoan zuria dela. Herenegun txirrindularitza zale guztien ahotan zegoen Remco Evenepoelek (Quick Steep) izandako deskalabrua. 27 minutu galdu zituen Tourmaleteko gainean, eta agur esan zion Espainiako Vuelta irabazteko aukerari. «Barkamena eskatu nahi diet taldekideei eta zaleei, baina gaur hustuta nengoen», esan zuen. Iluntzean, ordea, ondorengo mezua idatzi zuen bere sare sozialetan: «Otsoek ez dute sekula amore ematen».

Eta flandriarra otsoen pare aritu da gaur, Vuelta Euskal Herrira iritsi den egunean, Zuberoan sartu eta etapa Nafarroan amaituta, Larra Belaguan. Txapeldun handia dela berretsi du, eta garaipena lortu du. Hasieratik aritu da ihesaldiaren bila. 40. kilometroan lortu du helburua. Ondoren, eguneko lehen mendatean ihes egin du Romain Bardetekin (DSM). Ihesaldiaren erritmoa ezarri du Erritmo horrek, indarrez hustu du Bardet. Frantziarrak etapa bikaina egin du. Baina, 3,7 kilometro falta zirenean, amore eman behar izan du. Evenepoelentzat garaipena Belaguan, eta neurri batean herenegungo etapak utzitako zauria goxatu zuen.

Thomas de Gendten (Lotto) urrutiko eraso ahaleginaren ostean, helmugarako 144 kilometro falta zirela, Nelson Oliveirarekin (Movistar) alde egiten ahalegindu da Evenepoel. Baina bederatzi kilometro aurrerago harrapatu egin dite. Baina Evenepoel ez zegoen amore emateko prest, eta ekinean jarraitu du, azkenean ihesaldia osatu arte. Etapako 40. kilometroan izan zen. 24 txirrindulari zeuden bertan. Harekin batera ziren, besteak beste, Romain Bardet (DSM), Damiano Caruso (Bahrain) eta Lennard Kämna (Bora); baita, Jonathan Castroviejo ere (Ineos).

Eguneko lehen mendatea zuten aurretik, Hourcere (11,1 km eta %8,7ko pendiza). Igoera aurrera joan ahala, iheslarien multzoak txirrindulariak galdu ditu. Aurrekoen eta tropel nagusiaren arteko abantaila 4.30 bueltan egonkortu da. Hura kontrolatzen Jumbo-Visma, sailkapen nagusiko lehen hiru txirrindulariaren taldea: Sepp Kussena, Primoz Roglicena eta Jonas Vingegaardena. Baina ikusi da ez zutela asmorik ihesaldia bertan behera uzteko. Evenepoelek esana zuen etapa aurretik, sailkapen nagusiarenean ez bazen ere, datorren igandean Madrilgo podiumean egon nahi zuela. Mendiko elastikoa du begiz jota orain. Horren seinale, Hourcere gainetik lehen postuan igaro da, eta hamabost puntu eskuratu ditu. Beheraka, ihes egin zuten Evenepoelek eta Bardetek, eta lehen tartea ireki dute: 35 segundokoa.

Bi txirrindulariek ibilbide gogorra zuten aurretik. Eguneko hurrengo zailtasuna Larraine zen (14,9 eta %8ko pendiza), Euskal Herrian. Hara iristerako 35 segundoko alde hori 1.05ra igo da, eta tropelarekikoa 4.23ra
Igoera polita egin dute, eta Evenepoel mendiko sailkapeneko lehen tokian jarri da. Faboritoen tropelean Juan Ayuso (UAE) izan da soka tenkatzen saiatu dena. Baina ez zuen lortu. Evenepoelek eta Bardetek aldea handitzen jarraitu dute. Gainean 5.45ekoa zen. Tartean zen Michael Storer (FDJ) 2.05era.

Aurpegiak eta pedalkada erritmoa ikusita, Evenepoel hobeto zegoen. Ez du eraso gogorrik jo, askotan egin izan duen moduan. Kasu honetan, erritmoa apur bat areagotu du, eta Bardetek sufritu egin zuen flandriarraren gurpilari eusteko. Uneoro haren atzetik zihoan, eta hortzak ondo estutuz. 6.26ko errentarekin, eta 20 kilometro zirela, gutxik egiten zuten zalantza etapa garailea bien artean erabakiko zela. Jendea zain zegoen noiz utziko zuen atzean Evenepoelek Bardet. 3,7 kilometro falta zirenean izan da. Estutu txiki bat nahikoa izan du. Bardet indarrez hustuta zegoen, eta Quick Stepekoak bere legea ezarri du. Lehena izan zen helmugan. 3,7 kilometrotan 1.12ko errenta atera zion Bardeti. Faboritoen artean ez zen alderik izan. 8.22ra iritsi ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.