Izar handirik ez du, baina talde indartsua da Slovan Bratislava. Hori erakutsi du azken urteetan. Eslovakiako Liga eta Kopa bi aldiz irabazi ditu azken hiru urteetan, eta denboraldi honetan ez dute partidarik galdu Pasienskyn, bere estadioan. Gainera, Erroma Europa Ligako ligaxkatik at utzi zuen, Apoelen aurka Txapeldunen Ligarako kanporaketa galdu ondoren.
Bi hilabete daramatzate lehian Vladimir Weissen aginduetara, uztailaren 15ean hasi baitzuten Eslovakiako Liga. Athleticek baino askoz ere denbora gehiago daramate, eta hori nabarmentzen da berdegunean, jokalariek ezagutzen baitituzte Weissen sistemak. Hori falta zaio Athletici, jokalariek oraindik Marcelo Bielsaren sistema ongi barneratu gabe dutelako. Slovanek jadanik zortzi partida jokatu ditu ligan, eta horietatik lau irabazi ditu. Egun bigarren postuan dago, nahiz eta joan den astera arte sailkapeneko lehen postuan zegoen. Azken hiru asteetan, ez dute garaipenik lortu, eta hori nabaritu dute, lehen postua galdu dutelako. Denbora horretan bi berdinketa eta partida bat galdu ostean, Trnavaren atzetik jarri dira sailkapenean, nahiz eta puntu eskas bateko desabantaila duten. Horregatik, garaipen bat behar dute berriz ere denboraldi hasierako bolada onera itzultzeko.
Hala ere, orain arteko denboraldiak une on eta txarrak eman dizkie. Lehena txarra izan zen, Txapeldunen Ligarako atariko kanporaketa galdu ondoren. Sailkatzea ia ezinezkotzat baldin bazuten ere, ez sailkatzea kolpe handia izan zen taldearentzat. Bertan ezin izan zuten Apoel menderatu. Kanpoan geratu ondoren, Europa Ligarako kanporaketara joan ziren. Bertan nahi ez zuten arerioa tokatu zitzaien zozketan: Erroma. Hala ere, Weissen jokalariek jakin zuten Apoelen aurkako kolpea ahaztu eta ezustekoa ematen, eta Eslovakian 1-0 irabazi ondoren, eta Italian 1-1 berdindutalortu zuten Europa Ligako ligaxkara sailkatzea. Hori izan zen denboraldian jaso duten berririk onena.
Aurrelarien gol sena
Slovanen arriskua batez ere aurrealdean dago, Filip Sebo eta Juraj Halenarrekin. Sebok joan den denboraldian 26 gol sartu zituen bere taldeari Liga eta Kopa irabazten laguntzeko. Aurten, ordea, gol gutxiago sartu dituen arren —bi bakarrik daramatza—, ezin zaio bakarrik utzi, beti arrisku handia sortzen baitu. 27 urteko aurrelaria da, Eslovakiako selekzioarekin jokatzen du, eta talde askotan aritutakoa da —Kolonia, Glasgow Rangers, Inter Bratislava eta Austria Viena, besteak beste—. «Jokalari indartsua da, buruz ondo ibiltzen da, inteligentzi handikoa eta teknikoki ona, haien jokalaririk onena da», esan du Vladimir Weiss Espanyoleko jokalariak eta Slovaneko entrenatzailearen semeak. Harekin batera, beste eslovakiar bat da arriskuetako bat: Halenar. Joan den sasoian zenbaki kaxkarragoak izan zituen, hiru gol soilik sartu baitzituen —lesionaturik egon zen denbora luzez—, baina aurten indartsu itzuli da. Dagoeneko lau gol sartu ditu, eta egun hura da arriskua sor dezakeen jokalarietako bat Sebonekin batera.
Athleticek Pasiensky estadioan jokatuko du, UEFAk han jokatzeko baimena eman ondoren. Estadio zaharra eta txikia da: 12.000-13.000 zalerentzako tokia du. Gainera, harmailaren eta berdegunearen artean, atletismoko pista bat dago. Hori mesedegarri izango dute zuri-gorriek, harmailak urrutiago egongo direlako. Hala ere, Slovanen jarraitzaileek giro beroa jarriko dute estadioan. Bi dira helburuak: euren taldea animatzea, eta arerio eta epaileari presioa egitea. Ikusteko dago lortuko duten.
Ez da hain samurra
Ligaxkako talderik apalena dirudi, baina uste baino indartsuagoa da Slovan. Denboraldi honetan oraindik ez du galdu Pasiensky estadioan. Erromari irabazi egin zion han, eta gero kanporatu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu