Ez da kasualitatea

Ezinean ari da Athletic denboraldia hasi zenetik, eta Espainiako Kopako porrota azken kolpea izan da. Jarraitzaileek pazientzia galdu dute Kuko Zigandarekin.

Athleticeko jokalariak, lur jota Formenterak gola sartu berritan, herenegun, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Galtzea gogorra da. Askoz gutxiago den talde baten kontra kale egiteak sekulako mina egiten du. Baina gogorrena da aurkari apal baten kontra galtzea eta inor ez harritzea. Edozein egunetan gerta zitekeela pentsatzea, alegia. Athleticeko jarraitzaileak sentipen hori izan zuten Formenteraren kontra. Espainiako Kopako porrotak jota utzi du Kuko Zigandaren proiektua. Eta, bide batez, zaleen jomugan daude Josu Urrutia presidentea eta haren lantaldearen ekarpena zein futbolarien joko maila.

ZIGANDA, KINKA LARRIAN

Sei urte egon da aukeraren zain Ziganda. Marcelo Bielsa izan zen Urrutiaren lehen aukera. Ondoren, Ernesto Valverdek hartu zuen taldearen ardura. Batak zein besteak arrastoa utzi zuten. Ez da erraza goi mailako entrenatzaile biren lana hobetzea, baina euren parean edo goitik egon daitekeela sinetsita hartu du lehen taldearen ardura Zigandak. Athletic B-rekin lan bikaina egin ostean, Urrutiaren apustua izan da.

Ez da asmatzen ari, eta txarrena da denbora amaitzen ari zaiola. Lau hilabete daramatza taldea zuzentzen, eta emaitzak txarrak dira. Espainiako Ligan, jaitsierara begira dago taldea, hamaseigarren baita. Europa ligan, berriz, larri ibili da, baina, azken bi partidak irabazi ondoren, arnasa hartu du. Halere, datorren ostegunean Ukrainan Zoriaren aurka punturik lortu ezean, agur esango du. Azkenik, Athleticen zaleek horrenbeste estimatzen duten Kopan ere kanpoan dago jada.

Emaitzak jokoaren isla dira. Zuri-gorrien egoera ez baita kasualitatea. Athletic eman dezakeena baino gutxiago ari da eskaintzen. Inork ez daki taldeak nola jokatu gura duen. Erasoan ez du argitasunik, eta defentsan ez dago sasoi hasierako talde sendoaren berririk. Partidaz partida pitzadura gehiago ditu. Zer egin gura duen erraz atzematen zaion talde ahula da, eta horren guztiaren erantzule nagusia entrenatzailea da. Hark funtzionarazi behar du taldea. Zaleek argi dute Ziganda dela Athleticen ibilbide txarraren arduradun nagusia. Lezaman haren kontrako pankartak agertu dira, eta kalean asko dira aldaketa eskatzen dutenak. Real Madrilen eta Zoriaren kontrako norgehiagokak erabakigarriak izango diraZigandaren etorkizunari begira.

URRUTIA, HURRENGOA

Entrenatzailearekin batera jokalariak daude jomugan, eta, bolada txarrak jarraitzen badu, bazkideek buelta erdia emango dute zelaian daudenei begiratzeari utzi eta besaulkian daudenak kritikatzeko. Arduradun nagusiari eskatuko dizkiote kontuak: Urrutiari. Sei denboraldi arrakastatsuren ostean, bere agintaldiko boladarik latzena ari da bizitzen presidentea. Aurrez ere izan ditu bolada eskasak, baina bere agintaldian inoiz ez da argi gorria piztuta egon. Noiz arte babestuko du Ziganda? Zer ikusi beharko du hura aldatzeko pausoa emateko? Orain arte pazientzia handia erakutsi du. Entrenatzaile batentzat ez dago Urrutia baino presidente aproposagorik. Bere teknikaria babesteko beste inon beste inork hartuko ez duen zama eramateko gai dela erakutsi du. Gainera, ez dirudi betiko kargura lotuta egoteko premia duen presidentea denik. Era berean, ez da ahaztu behar presidentearen eta entrenatzailearen artean harreman estua dagoela. Horrek guztiak Zigandari egiten dio mesede, baina, taldeak norabidez aldatu ezean, erabaki mingarriak hartu beharko ditu presidenteak. Urte askoan jokalari izan zenez, hark jakingo du inork baino hobeto noiz amaituko zaion teknikariari egoera iraultzeko indarra. Hori bai, argi dagoena da Athleticek ezin duela horrela jarraitu. Gauzak aldatu egin behar dira. Zigandaren eskutik bada, denentzat mesede.

JOKALARIAK, BURUMAKUR

Zuzendaritzak eta teknikariek zer hobetu badute, baina jokalariak ere ezin dira salbatu. Onereko zein txarrerako, eurak dira protagonista nagusiak. Bistan da ez direla neurria ematen ari. Burumakur ikusten zaie, konfiantza barik. Batzuek, gainera, taldekideei keinu zatarrak eginez pasatzen dute partida osoa. Euren ezinaren isla baino ez da. Gehienak euren mailatik urrun daude, baina horrek ez du esan gura ahalegintzen ez direnik. Daukaten dena ematen ari dira, naiz eta egiten dutena presaka eta txarto egin. Akaso, azken lau denboraldiotan lortutako emaitzen preso dira. Izan ere, beti ezin da Adurizen eta Raul Garciaren eraginkortasunaren menpe egon. Beste batzuek hartu behar dituzte ardurak. Laporte, Williams eta enparauak taldearen zama eramateko gai direla erakutsi behar dute. Oraingoz ez dute lortu. Bestalde, ez da ahaztu behar muga asko dituen talde batean nabaritu egiten dela funtsezko futbolarien falta: De Marcos, BeƱat eta Muniain taldearen bizkarrezurra izan dira. Zuloak betetzeko harrobiko jokalari asko igo dituzte azken denboraldiotan, eta, txukun ari diren arren, gehienek ez dute hobetu aurretik zegoena.

ZALEAK, GOGORREGIAK

Taldearen ibilbidea ona ez denean normala da zaleak minduta egotea. Baina hori ezin da txistu eginez eta giro txarra sortuz azaleratu. Jokalariak sufritzen ari dira, eta babesa behar dute. San Mamesen entzuten diren txistuak ez diote inori mesede egiten. Kexak partida amaierarako utzi behar dira. Bestela, taldeari lagundu beharrean aurkaria hauspotuz ariko dira. Ezin da klubak hartutako bide ezberdinaz harro egon soilik irabazten denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.