Pilota

Ez dago tokirik pilotari denentzat Iruñeko sanferminetako ferian

Uztailaren 5etik 14ra bitarte jokatuko dute torneoa. Laso, Jaka, Dario eta Gabirondo dira berritasunak A serieko binakakoan. Elordi, Peña II.a eta Zabala B seriean ariko dira.

Iruñeko sanferminetako feria jokatuko duten pilotariak, antolatzaile eta babesleekin, gaur, Iruñeko aurkezpenean. UXUE REY
Iruñeko sanferminetako feria jokatuko duten pilotariak, antolatzaile eta babesleekin, gaur, Iruñeko aurkezpenean. UXUE REY
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 30a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pilotari on asko daude, baina toki gutxi guztiak kabitu daitezen. Oso gutxik daukate ziurtatuta tokia. Hori dela eta, ohikoa bilakatu da txapelketa bat edo torneo bat aurkezten duten aldiro albiste izatea zein pilotarik lortu duten tokia eta zeintzuek ez.

Gaur aurkeztu dute Iruñeko sanferminetako pilota feria, eta hartan ere galdera horrexek piztu du arretarik handiena, ea zein pilotari ariko diren binaka maila nagusian, A seriean, eta zeintzuk koska bat beherago, B seriean. Izan ere, bigarren urtez jarraian, pilotariek bi mailetan jokatuko dute. Uztailaren 5etik 14a jokatuko dute feria, eta guztira hamar jaialdi izango dira. 

Zortzi bikotek jokatuko dute maila bakoitzean, enpresa bakoitzetik lauk. Hala ere, zortzi horietatik lau bakarrik ariko dira seguru ligaxkan. A serieko A multzoan, bi bikote hauek ariko dira ziur: batetik, iazko txapeldunak, Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta, eta, bestetik, Jokin Altuna eta Julen Martija. B multzoan, berriz, bi bikote hauek jokatuko dute seguru: Unai Lasok eta Martxel Iztuetak, eta Erik Jakak eta Jon Mariezkurrenak. 

Multzo bakoitzean beste bikote bat ariko da, eta, bi horiek zein izango diren argitzeko, bi atariko jokatuko dituzte uztailaren 7an, Labriten, 22:15ean (ETB1). Baikoren atarikoan, Iñaki Artola eta Ander Imaz Iker Larrazabalen eta Jon Ander Albisuren aurka ariko dira. Partida hori irabazten duen bikotea A multzoan ariko da, Peio Etxeberria eta Zabaletarekin eta Altuna III.a eta Martijarekin batera. Asperen atarikoan, berriz, Dario Gomezek eta Beñat Rezustak Joseba Ezkurdiaren eta Arkaitz Gabirondoren kontra jokatuko dute. Irabazten duen bikotea B multzoan ariko da Laso eta Iztuetarekin eta Jaka eta Mariezkurrena II.arekin batera.

Iazko ekitaldiaren aldean, bada aldaketarik pilotarien artean. Laso, Jaka, Dario eta Gabirondo ariko dira Jon Ander Peñaren, Mikel Urrutikoetxearen, Aitor Elordiren eta Iñigo Bikuñaren ordez. Laso min hartuta zegoen iaz, eta Jakak, Dariok eta Gabirondok B Serieko torneoa jokatu zuten —Jaka txapeldun izan zen Gorka Ugartemendiarekin batera—. Dariok eta Gabirondok lehen aldiz jokatuko dute maila nagusian sanferminetan. Are, Gazteluko (Gipuzkoa) atzelaria lehen aldiz ariko da Lehen Mailako lehiaketa batean. Peña II.ak, Elordik eta Bikuñak, aldiz, kontrako bidea egin dute aurten, eta A Serietik B Seriera igaro. Urrutikoetxeak, berriz, erretiroa hartu zuen iaz.

Gabirondoren ilusioa

Pozarren mintzatu da Gabirondo. «Esperantza txiki bat banuen, baina gaur bertan jakin dut A seriean jokatuko nuela. Ezusteko oso polita izan da. Niretzat amets bat da hemen egotea. Badakit maila handia dagoela, baina sekulako ilusioa eta gogoa dut. Bikotekide ederra jarri didate, Joseba eredu baitut. Gainera, nafarra da, eta jendeak animatu egingo gaitu. Atariko ikaragarri zaila jokatuko dugu, baina bete-betean ariko gara».

«Esperantza txiki bat banuen, baina gaur bertan jakin dut A seriean jokatuko nuela. Ezusteko oso polita izan da. Niretzat amets bat da hemen egotea»

ARKAITZ GABIRONDO Aspeko pilotaria

B seriean ere lau bikotek daukate ziurtatuta torneoa jokatzea: A multzoan, Javier Zabalak eta Andoni Gaskuek eta Beñat Apezetxeak eta Xabier Erostarbek —Mastersean bezala, Zabala B seriean ariko da berriro—; eta, B multzoan, Peña II.ak eta Ugartemendiak, eta Beñat Zubizarretak eta Iosu Eskirozek. Uztailaren 5ean argituko da zer beste bikote ariko den multzo bakoitzean; Elgetan (Gipuzkoa) jokatuko dituzten bi atarikoak, 17:15ean hasita. Baikokoan, Beñat Senar eta Ekain Lizeaga Unai Amianoren eta Unax Landaren aurka ariko dira. Partida hori irabazten duen bikotea A multzoan ariko da, Zabala eta Gaskuerekin eta Apezetxea II.a eta Erostarberekin batera. Asperen atarikoan, berriz, Elordik eta Joseba Aldabek Iker Salaberriaren eta Bikuñaren kontra jokatuko dute. Irabazten duen bikotea B multzoan ariko da, Peña II.a eta Ugartemendiarekin eta Zubizarreta IV.a eta Eskirozekin batera.

Uztailaren 7tik 14ra jokatuko dute Iruñean. Lehen lau jaialdiak gauez jokatuko dituzte, 22:15ean hasita: uztailaren 7an, 8an, 9an eta 10ean. 11n, berriz, 17:15ean eta 22:15ean jokatuko dituzte partidak. 12ko azken jardunaldiko partidak eta 14ko bi finalak, berriz, arratsaldez jokatuko dituzte, 17:15ean (ETB1). Tartean, uztailaren 13an, Olioaren Desafioa jokatuko dute Aspek eta Baikok, 22:15ean (ETB1). Hiru partida jokatuko dituzte: lehena, lau eta erdian; bigarrena, binaka, eta, azkena, buruz buru.

Final guztiak Nafarroa Arenan jokatuko dituzte, bai binakakoak bai uztailaren 7ko lau eta erdikoa. Azken hori goizez jokatuko dute, 11:00etan hasita (ETB1). Ostiralean jakingo da zein bi pilotari ariko diren finalean, finalerdiak jokatuko baitituzte Donostiako Atano III.a frontoian, 21:15ean hasita (ETB1). Altuna III.ak eta Zabalak jokatuko dute Asperen finalerdia, eta Lasok eta Peña II.ak Baikorena. Iaz, Peña II.ak jantzi zuen txapela, finalean Zabalari nagusituta.

Laso «gogotsu» dago. «Bigarren urtez jokatuko dut sanferminetako feria, eta horrek ilusio handia pizten dit. Gainera, Martxelekin ariko naiz; oso ondo moldatzen gara elkarrekin, kantxan eta kantxatik kanpo. Ea bi finalak jokatu ditzakedan: uztailaren 7an, lau eta erdikoa, eta 14an, binakakoa. Zaila izango da, baina gogor saiatuko naiz». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA