Ez du inor epel utzi

Athleticeko zenbait jokalari, entrenatzaile eta lehendari ohik Marcelo Bielsaren ekarpena aztertu dute BERRIArentzat. Argi dago entrenatzaile argentinarra ez dela oharkabean pasatu.

Julen Etxeberria.
2013ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Marcelo Bielsa iragana da jada Athleticen. Hamar egun besterik ez dira falta entrenatzaile argentinarraren eta talde zuri-gorriaren arteko harremana historia izan dadin. Ia bi urteko aroa izan da, eta bi zati oso ezberdin izan ditu. Lehen sasoia historikoa izan zen. Athleticek Espainiako Kopako eta Europako Ligako final bana jokatu zituen, eta Bielsak amaigabeko laudorioak jaso zituen. Bigarren denboraldia, ordea, oso bestelakoa izan da. Lezamako obrak zirela-eta Bielsak eta zuzendaritzak izandako ika-mika, Llorente eta Javi Martinezen auzia... Gaizki hasi zen sasoia, eta egunen joan-etorriak ez zuen egoera hobetu.

Zuzendaritzak ez du nahi berriz ere horrelakorik gertatzerik, eta jada hartu du lehen erabakia: ez dio berritzeko eskaintzarik egin Bielsari. Ezusterik ezean, Ernesto Valverdek ordezkatuko du. Valverderi kostako zaio Bielsaren arrastoa urratzea, espero zen bezala, argentinarra ez baita oharkabean pasatu Bilbotik. Bere lanak ez du inor epel utzi.

GALDERAK

1. Zer balorazio egiten duzu zuzendaritzak Marcelo Bielsari kontratua luzatzeko ez eskaini izanaz?

2. Zer balorazio egiten duzu Bielsaren lanaz?

3. Zertan asmatu du?

4. Eta zertan huts egin?

5. Nola izan behar luke haren ordezkoak? Gustuko duzu Ernesto Valverde?

JOSE MARIA ARRATE Athleticeko presidente ohia

«Bielsak bere estiloaren eta lan egiteko eraren arrastoa utziko du Athleticen»

1. «Arinkeria litzateke zuzendaritzaren erabakiaz iritzia ematea, ez ditudalako gaiaren inguruko guztiak ezagutzen. Faktore asko hartu behar dira kontuan kontratu bat berritu edo ez erabakitzean, eta nik ez ditut ezagutzen».

2. «Lehen sasoia bikaina izan zen, baina bigarrena erdipurdikoa. Azken denboraldi honetan, halere, hainbat jokalari garrantzitsuren falta izan du, eta horrek izan du eraginik. Hutsuneak hutsune, Bielsak bere estiloaren eta lan egiteko eraren arrastoa utziko du. Nortasun eta kalitate handiko entrenatzailea da. Nire balorazioa, halere, kanpotik egindakoa da».

3. «Bielsarekin Athleticek joko polita egin du, alaia, bat-batekoa, loturarik gabekoa».

4. «Ez naiz gai Bielsaren hutsak aztertzeko. Horretarako, klubaren egon beharko nuke, eta haren inguruko datu guztien berri izan. Arriskutsua da benetako ezagutzarik gabe hitz egitea».

5. «Athletic ezagutu behar du, eta eskarmentuduna izan. Gustuko dut Valverde: Athletic ezagutzen du, eskarmentua du, eta lan ona egin du talde guztietan. Entrenatzaile aproposa litzateke».

JAVIER IRURETA Athleticeko entrenatzaile ohia

«Ez da kasualitatea Bielsa inoiz egon ez izana bi urte baino gehiago jarraian talde berean»

1. «Ez nago klubaren barruan, beraz, ez ditut ezagutzen erabakiaren inguruko argibideak. Horrelako erabakietan ez da bakarrik kontuan hartzen entrenatzaileak lan ona egin duen. Giroa, klubeko kideen arteko harremanak... faktore asko hartzen dira kontuan. Ziur klubak horiek hartu dituela aintzat erabakia hartzerakoan».

2. «Lehen sasoia oso ona izan zen, baina bigarrenenean taldearen jardunak behera egin du nabarmen. Gol asko jaso ditu, eta hori zama handia da. Jokalari garrantzitsu batzuen ekarpena falta izan zaio, eta gainera, kirolaz kanpoko gorabehera bat baino gehiago izan ditu».

3. «Bielsarekin, taldea beti izan da protagonista zelaian».

4. «Malgutasuna falta izan zaio. Bielsaren jokatzeko era baliagarria da, baina intentsitate handia eskatzen du, eta jokalariak akituta geratzen dira. Ez da kasualitatea Bielsak inoiz egon ez izana talde berean hiru urte jarraian. Duenari zuku guztia ateratzen dio».

5. «Gustuko dut Valverde. Sestaon eta Athleticen nire aginduetara izan nuen, eta pertsona bikaina da. Entrenatzaile oso baliagarria da, egon den talde guztietan egin du lan ona. Uste dut bere estilo alaia ere oso baliagarria dela Athleticentzat. Hala ere, uste dut ere Bielsak egindako ekarpen batzuei ere eutsi behar zaiela».

JAVIER CLEMENTE Athleticeko entrenatzaile ohia

«Bielsak ez du asmatu taldea kudeatzen, eta ez du ondo ulertu Athletic zer den»

1. «Nire iritziz, ez zen ona Bielsak jarraitzea. Beraz, zuzendaritza eta biok ados gaude».

2. «Ez zait gustatu. Ez du asmatu taldea kudeatzen. Arazo asko egon dira. Ez du ondo ulertu zer den Athletic».

3. «Arlo teknikoari dagokionez, lan ona egin du, batez ere lehen sasoian».

4. «Ez zait gustatu arlo taktikoan eta fisikoan egin duen lana. Lehen sasoiaren amaieran, adibidez, taldea akituta, indarrik gabe iritsi zen azken txanpara. Galdu zituen bi finaletan ikusi zen taldeak ezin zuela gehiago. Horregatik jaso zituen taldeak astindu bana. Ez du asmatu taldea kudeatzen».

5. «Zuzendaritzak aukeratzen duena onartuko dut. Baina bai, gustatzen zait Valverde».

ENDIKA GUARROTXENA Athleticeko jokalari ohia

«Gauza onak egin ditu Bielsak, eta ziur naiz arrastoa utziko duela»

1. «Zuzendaritzak hartutako erabakiaren inguruan hitz egiteko argibide guztien berri izan behar da, eta nik ez ditut ezagutzen. Beraz, nire iritzia kanpotik egindakoa da. Hori bai, zuzendaritzak erabaki zailena hartu du. Azken partidetan San Mamesen egon den giroa kontuan hartuta, errazena izango zen Bielsari beste urtebete eskaintzea. Baina zuzendaritzak izango ditu bere arrazoiak, pisuzkoak ziurrenik».

2. «Bi zati oso ezberdin izan ditu Bielsaren aroak. Lehen denboraldia ikusgarria izan zen. Bigarren sasoia, ordea, eskasa izan da. Azken horretan izan du zerikusirik taldearen inguruan izan diren eztabaidak. Sasoia jada ez zen ondo hasi: Lezamako obrak zirela-eta Bielsak eta zuzendaritzak izandako ika-mika, Fernando Llorente eta Javi Martinezen auzia... Horrela hasita zaila da emaitza onak lortzea. Giroa ere ez da aproposa izan futbolean jokatzeko. Hala ere, sasoi honetan ere Athleticek partida onak jokatu ditu. Gakoa izan da ez duela izan lehen sasoiaren eraginkortasuna. Zorte pixka batekin ziur naiz denboraldi hobea izango zela bigarren hau».

3. «Bielsaren jokatzeko erari esker, Athletic protagonista izan da zelaian, ausart jokatu du beti. Eta hori eskertzekoa da. Gainera, zintzo, argi jokatu du beti garaipena lortzeko helburuan. Gauza onak egin ditu, eta ziur naiz arrastoa utziko duela. Jendea harekin gogoratuko da, baita jokalariak ere. Zerbait ikasiko zuten, eta ziur ikasi zuten hori baliagarria izango zaiela etorkizunean».

4. «Ez nituen ulertu Bielsak hartutako zenbait erabaki, eta sarri esan dut gustatuko litzaidakeela berarekin horretaz hitz egitea. Adibidez, zergatik muturrerainoko apustu hori buruz buruko zaintzak egiteko».

5. «Taldeak kalitatea du, eta baita partidetan agintzeko ahalmena ere. Horri jarraipena eman dakiokeen entrenatzaile bat litzateke aproposena. Valverde? Gustuko dut, bai, pertsona zein entrenatzaile gisa. Oso egokia da. Etorriko den entrenatzaileak guztien babesa beharko du. Athletic indartsua izan dadin guztiok egin behar dugu bultza aurrera».

RAFA ALKORTA Athleticeko jokalari ohia

«Entrenatzaile zaila da Bielsa, oso erradikala eta nortasun konplexukoa»

1. «Erabat ados nago. Urrutia jokalaria izan da, eta badaki nola jokatzen duten jokalariek horrenbeste arreta bereganatzen duen entrenatzaile bat dutenean. Taldeak freskotasuna behar zuela ulertu du, eta ni ados nago».

2. «Ongi bat izango litzateke nire nota Bielsarentzat. Oreka falta izan zaio taldeari. Iaz bi final jokatu zituen taldeak, baina ligan, bai lehen sasoian bai bigarrengoan taldeak ez du maila eman. Lehen denboraldian ez zuen jakin taldearen sasoia kudeatzen, eta jokalariak akituta iritsi ziren azken txanpara. Bigarren sasoian, berriz, malgutasuna falta izan zaio. Jokalariak ez zeuden prest bere jokatzeko erari eusteko, eta hala ere, bereari eutsi dio. Nolanahi ere, nabarmentzekoa izan da taldeak erasoan egindako lana. Beti presionatu du aurkaria, irabazten joanda ere».

3. «Gustuko dut Bielsak jokoari ematen dion intentsitatea, baina uste dut ere horrek asko nekatzen duela jokalaria. Ondo kudeatu behar dira indarrak, eta txandakatzeak egin, jokalari asko erabili. Jokalari gutxi erabilita ezinezkoa da bere jokatzeko erari eustea».

4. «Ez zait gustatu taldeak defentsan egin duen lana. Partidak kaotikoak izan dira. Defentsa batentzat oso zaila da 90 minutu luzez banakako zaintzak egitea, eta Bielsak horren alde egin du beti. Eta zelaitik kanpo? Entrenatzaile zaila da, oso erradikala eta nortasun konplexukoa. Horrek ere izan du ondoriorik jokalarien jardunean. Erre egin ditu. Ez da kasualitatea ez irautea denbora luzez talde berean».

5. «Entrenatzaile normal bat, eta jokoari dagokionez, defentsako eta erasoko lanari garrantzi bera ematen dion teknikari bat. Gaur-gaurkoz, goian dauden taldeak orekatuak dira. Zaila da ikusten goian gol asko sartu eta gol asko jasotzen dituen talde bat. Valverde edo Zigandaren gisako entrenatzaile bat nahiko nuke. Entrenatzaile normalak dira, argiak, eta jokalari ohiak direnez, badakite noiz estutu eta noiz ez».

KOIKILI LERTXUNDI Athleticeko jokalari ohia

«Bielsari jokalariekiko gertutasuna falta izan zaio; robotak sentitzen ginen»

1. «Ez da ezustekoa. Zale askok Bielsak jarraitzea nahi zuten, baina klubaren barruan egon denak badaki nolakoa den harekin lan egitea. Egunerokoa oso gogorra da. Jokalariek gustura egon behar dute entrenatzailearekin, eta nik uste dut asko ez zeudela gustura. Zuzendaritza horretaz ohartu da, eta horregatik hartu du erabakia. Horregatik, eta agian Bielsak zelaiaz kanpo ere boterea nahi zuelako ere bai. Behin baino gehiagotan jarri du ataka larrian presidentea, eta zuzendaritza ez zegoen prest hori gehiagotan gerta zedin. Oso bestelakoa da klubaren barruan dagoenak ikusten duena eta kanpoan dagoenak ikusten duena. Oreka bat egon behar da, eta Bielsarekin desoreka handia egon da horretan, alegia, barruan eta kanpoan eman duen irudian. Nik barrutik bizi izan dut, eta horregatik uste dut zuzendaritzak asmatu egin duela».

2. «Emaitzak kontuan hartuta, oso denboraldi ezberdinak izan dira. Lehen sasoia oso ona izan zen, eta bigarrena nahiko kaskarra».

3. «Haren lan egiteko era berrikuntza handia izan da. Oso metodologia zehatza du, dena aztertzen du, eta ondorioak ere oso ondo pentsatutakoak dira. Eta horrek guztiak bidea egiten dizu norgehiagokak prestatzerakoan. Irakasle zientifiko gisa egin duen ekarpena adierazgarria izan da».

4. «Urtebeterako, entrenatzaile aproposa da, baina oso zaila da jokalariek luzaroan haren entrenatzeko erari eustea. Athleticen, haren estilo zorrotzarekin, emaitza onak lortu zituen lehen sasoian, baina bigarrengoan jokalari asko nahiko erreta zeuden, batez ere psikologikoki, eta horren ondorioz, taldeak behera egin du. Jokalariak ez gaude ohituta gauzak horrenbeste aztertzera, eta oso gogorra da eramaten. Entrenamenduetan, adibidez, batzuetan robot bat zarelako sentsazioa duzu, eta horrek erre egiten du. Entrenatzaile batek giza harremanetarako gaitasuna izan behar du. Jokalariak gertutasuna sentitu behar du, maitatua zarela sentitu, eta Bielsa oso hotza da. Eta Athleticen ez gaude hoztasun horretara ohituta. Beti izan dugu harreman estua jokalari, entrenatzaile, agintari eta zaleen artean».

5. «Valverdek dohain asko ditu: argia da, eta gertukoa. Jokalariez arduratzen da, eta ez soilik bere metodologiaz. Horrelako entrenatzaile bat behar du taldeak, jokalariek euren liderrean konfiantza berreskura dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.