Arraun ibilbidea hasi zuen toki berean amaitu nahi du Iker Eizmendik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1994), eta, hortaz, etxera bueltatu da, Getariara. Ondarroan, Orion eta Donostiarran egin du arrraun azken urteetan. Luze-zabal aritu da bere ibilbideaz, denboraldiaz, arraunaren egoeraz eta etorkizunaz.
Nola hartu zenuen Getariara itzultzeko erabakia?
Nekatuta nengoen, bai buruz eta bai fisikoki. Irabazi egin nahi nuelako aritu naiz kanpoan, baina gauzak aldatu dira: etxea, umea, lana... Arrauna uztea nuen buruan. Bertakoek animatzeko esan zidaten, eta, azkenean, ibilbidea hemen amaitzea erabaki dut, Getarian. Hemen hasi nintzen, eta kariño handia diet.
Lehen aldiz ariko zara Getariarekin maila nagusian.
Bai. Barruan ditudan helburu txikietako bat ere bada hori: Getariarekin maila nagusian jardutea, eta, ahal bada, Kontxako estropada jokatzea. Berezia litzateke; badut gogoa.
Traineruan ez dira aldaketa asko izan. Zer moduz dago taldea?
Uste nuen baino animotsuago eta anbiziotsuago dago. Arrauna lasaiago hartzeko asmoz etorri naiz hona, baina ikusi dut jendea gogor ari dela entrenatzen, oso serio. Ahal den ondoen aritzeko gogoz daude guztiak, eta txalupa uste nuen baino hobeto dabil. Esperantza dugu tartean behin goiko horiek izorratzeko; lanak eman nahi dizkiegu. Gainera, antzematen da Getariakoa lagunarte bat dela, kuadrilla bat, oinarri sendo bat. Urte askoan aritu dira elkarrekin, eta garrantzitsua da hori.
Arrauna uzteko asmoa zenuela aipatu duzu. Orain zer moduz ari zara?
Hortxe ari naiz. Buruz uztekotan zaudenean, ez da erraza berriro hastea. Bertan jardunagatik ere, konpromiso handia eskatzen du, eta denbora kendu. Besteak nola ari diren ikusita, norberak ezin du arinkeriaz hartu. Baina gogotsu nago, lehen ez bezala. Azkenean, hor goian ibiltzeak presioa dakar, eta ez da erraza hori kudeatzea... Orain arraunari gustua hartzen ari naiz berriro. Neuk ere aldaketa moduko bat egin dut: haien erara egokitzeko asmoarekin etorri naiz, eta, egia esan, oso gustura nago. Giro oso ona dugu.
Azken urteak neketsuak izan dira zuretzat?
Bai... Harantz eta honantz, espektatiba handiekin... Adibidez, Ondarroan ibili nintzen, eta handik Oriora egin nuen jauzi; urte hori oso gogorra izan zen. Espektatiba oso handiak genituen, jende oso ona zegoen ontzian, eta... oso gogorra izan zen ikustea gauzak ez zirela nahi bezala ateratzen. Taldean ere izan genituen gorabehera batzuk. Gero, Donostian aritzeko aukera sortu zitzaidan. Lehen urtea ona egin genuen, polita. Dudan egon nintzen segitu edo ez, baina jarraitzea erabaki nuen. Eta azken denboraldian kuota kontuekin eta... Etxekoak sartu behar dituzu, eta sartu behar zena nire postuan aritzen zen. Hori ere gogorra zen, bai harentzat eta bai niretzat.
Nola bizi izan zenuen?
Hark bazekien estropadarik garrantzitsuenetan agian kanpoan geratuko zela, baina, bitartean, ni Donostiara joan-etorrian ari nintzen, eta gero agian Castrora joan eta jokatu gabe bueltatzen nintzen. Nire helburua ez zen estropada garrantzitsuak jokatzea, baizik eta guztietan aritzea. Urte osoa entrenatzen arituta... Kuota kontuekin erreta bukatu nuen. Orain arte gogorra izan da bikotekidearentzat ere: hara-hona, denbora... Baina hark ere animatu ninduen Getarian jarraitzera, eta haren animoek asko balio izan didate; babesa sentitu dut. Lehengo urteko denboraldia gazi-gozoa izan zen niretzat, eta gustura utzi nahi nuen arrauna, bakean. Ez nuen kirolari amorrua hartuta bukatu nahi, behintzat.
Zer helburu ditu aurten taldeak? Eta zuk?
Lehengo urtean Getariako adineko batek zera esan zidan: «Iker, gozatu egiten duzunaz». Iltzatuta geratu zitzaidan. Horixe da nire helburua, gozatzea. Eta taldearena, ahalik ondoen aritu eta goiko taldeei tartean behin posturen bat jatea. Eta ea zorte pixka bat izan eta banderaren bat irabazten dugun. Ez da erraza, baina tira. Zerbait polita egin nahi dugu.
Eta gainerako ontziak nola ikusten dituzu?
Egiari zor, ligara begira, lehengo urtean baino ahulxeago ikusten ditut. Aurten harrobikoen kuota ere gehitu egin da, eta hori traba da batzuentzat. Aurretik egin behar da lana, eta talde batzuetan zaila da lan hori egitea. Segurura jotzen dute askok, eta denboraldi ona egin nahi izaten dute. Orduan, zaila da etxeko gazteei estropadak ematea. Hala, gazteak arrauna utziz doaz, eta gainerakoak ere zahartu egiten dira edo laga egiten dute. Gainera, gazteak sartu nahi direnean, uste baino gutxiago izaten dira, eta kolpera salto hori egitea ere... Jauzi handia da, ez da pixkanaka egindakoa. Alde horretatik, uste dut Getariak zortea duela: etxeko arraunlariak onak dira, onenak, eta herriko asko gaude.
Klubaren 50. urteurrena da. Nola dago arrauna Getarian?
Gazte asko dabiltza: neskak, mutilak... Baina gero zaila da horri jarraipena ematea. Udan dira estropadak, eta gaztetan oporretara joan nahi izaten duzu, lagunekin egon, parranda egin... eta normala da. Arraunak hori du zaila: data kontuengatik, gazte jendea animatzea. Diziplina handia behar da, eta asko gustatu behar zaizu. Getarian gustatu egiten da, baina gero salto hori egingo ote duten, ba ez dakit. Traineruari dagokionez, uste dut bloke honek segitzen badu Getariak urte politak egingo dituela.
Lehen estropada Madrilen jokatuko duzue. Zer iritzi duzu?
Ez du zentzurik Eusko Label liga Madrilen hasteak. Galiziarrak daude ligan, eta kantabriarrak ere bai igoko balira, baina Madrilen hastea... Gainera, gure mesederako balitz behintzat, baina ezta hori ere: guk joan behar dugu hara, gastuak ditugu... Zirku baten parekoa da. Zirku bat hartu, eta Madrilera eraman; eta arraunlariok zirkuko pailazo eta malabaristak dirudigu. Hemen hainbeste itsaso eta ibai izanda, Madrilera?
Afizioz egiten duzu arrauna; ogibidez, baina, txakolingilea zara.
Lan asko izaten dugu, baina nahiko ondo moldatzen naiz uztartzeko. Nire lana txakolindegikoa da: arraunetik ezin da bizi. Talde indartsuenetan, agian urte batzuetan bai, baina aurrera begirako ez. Hori ere falta da arraunean, jendea animatzeko pizgarriren bat. Talde handiek dirua dute, baina txikiek ez. Handietan beste lan baten moduan hartzen dute batzuek, baina txikietan ez da erraza. Denek gutxieneko bat izango balute... Laguntza apur bat emanez gero, jendeak ez luke beste taldeetara hain azkar alde egingo. Eta liga bera nolakoa den ere ez zait askorik gustatzen.
Zergatik?
Urtero talde bat jaisten da, edo asko jota bi. Herri txiki batek, bigarren edo hirugarren mailan baldin badago, urte asko behar ditu goraino iristeko. Eta ez da erraza gazte batzuek hainbeste urterako konpromisoa hartzea. Urteroko motibazioa falta dela iruditzen zait. Badakizu hamargarren eginda ere hurrengo urtean lehen mailan segituko duzula. Eta beste batzuetan, kontrakoa: ia-ia igo, baina hurrengo urtean bigarren mailan egon behar duzu berriro. Asko horrela izatearen alde daude, baina ez du lehengo grazia hori... Arrauna herri kirol bat da, eta uste dut aldaketa bat behar duela segitzeko. Gazteak motibatzeko edo jendeak ez alde egiteko.
eusko label liga
- ORIO
Joan direnak: Ibon Arruti eta Asier Carballeda.
Iritsi direnak: Jon Azpiroz, Martin Gonzalez, Ibai Gonzalez, Jon Mujika, Diego Perez eta Joseba Rodriguez.
- ZIERBENA
Joan direnak: Sebastian Acerbi, Urdax Antepara, Manuel Caneda, Javier Garcia, Raul Garcia, Iñigo Ibañez, Alexandru Tacu eta Julian Villanustre.
Iritsi direnak: Iñigo Alaña, Yannik Briones, Andoni Cela, Ismael Curro, Aiur Etxaniz, Aritz Fernandez, Manuel Gutierrez, Asier Llanas, Mikel Marcos, Oier Marquez, Franco Nicolas Repetto eta Fernando Ruiz.
- DONOSTIARRA
Joan direnak: Iker Eizmendi, Jose Maria Intxausti, Franco Nicolas Repetto eta Markel Zapiain.
Iritsi direnak: Peru Alkorta, Unax Aranburu, Asier Carballeda, Marcos Medina, Aitor Murgiondo, Ekaitz Otegi, Nicolas Rodriguez, Javier Sayans, Cosme Tarrio, Aratz Tejedor eta Jon Trecet.
- URDAIBAI
Joan direnak: Gentza Iraitz Zubiri, Yeray Cayon, David Duran, Iñigo Larrinaga, Carlos Mañas, Gorka Ortega, Diego Perez, Javier Sayans eta Eneko Bilbao.
Iritsi direnak: Urdax Antepara, Joseba Arenaza, Luken Blanco, Gotzon Duque, Markel Elortegi, Oier Guena, Jon Intxaurtieta, Mikel Oar-Arteta, Mikel Ojeda, Asier Ruiz de Alegria, Alexandru Tacu eta Asier Zurinaga.
- HONDARRIBIA
Joan direnak: Galder Ezponda, Joseba Azurmendi, Jokin Rodriguez eta Iñigo Jokin Sagarzazu.
Iritsi direnak: Julen Balerdi, Sergio Calavia, Iker Huarte, Xabier Irigarai, Eneko Larruskain, Ander Lazkanotegi, Julen Martinez, Imanol Olasagasti eta Beñat Santos.
- GETARIA
Joan direnak: Peru Alkorta, Julen Manterola, Aitor Murgiondo eta Nicolas Rodriguez.
Iritsi direnak: Iker Eizmendi, Iker Etxabe, Unai Etxeberria, Igor Gurutxarri eta Oier Larrañaga.
- ISUNTZA
Joan direnak: Osertz Aldai, Mikel Juanes eta Iñigo Menichetti.
Iritsi direnak: Manex Agirre, Paul Akarregi, Kerman Altube, Aimar Azpiri, Asier Garamendi, Hodei Garcia, Ekain Mintegia, Iban Rubio, Kai Simpson eta Aner Telleria.
- SAN JUAN
Joan direnak: Joseba Fernandez, Iñigo Arzallus, Anartz Beraza, Ibai Laboa, Iker Larre eta Joseba Rodriguez.
Iritsi direnak: Enaitz Alfonso, Gaizka Aranburu, Ion Arbona, Lander Etxabe, Aritz Etxezarreta, Unax Errondosoro, Mikel Andoni Henriquez, Asier Iparragirre, Eneko Jauregi, Unax Jimenez, Angel Obregon eta Hugo Ogallar.
- ONDARROA
Joan direnak: Endika Arregi, Jon Azpiroz, Jon Carrillo, Alberto Landa, Asier Llanas eta Ivan Lopez.
Iritsi direnak: Joseba Arevalo, Xabier Ferreira, Unai Gallastegi, Oier Lekuona eta Jon Urruzuno.
- ARES
Joan direnak: Alejandro Fernandez, Francisco Javier Mahia, Juan Carlos Martinez, Eloy Arvidas Meizoso, Sergio Perez, Jose Javier Reborido, Cosme Tarrio eta Bernando Maiz.
Iritsi direnak: Andoni Larruscain, Pablo Loureiro, Andres Peña, Adan Prados, Cesar Placido Resch, Cosme Sampedro, Juan Manuel Sixto eta Daniel Vazquez.
- SANTURTZI
Joan direnak: Alan Ahedo, Jagoba Garcia, Javier Gonzalez eta Miguel Sanchez.
Iritsi direnak: Asier Arego, Iñigo Carpintero, Koldobika Jaurrieta, Aner Landa, Iñigo Menichetti, Alex Paga eta Aitor Perez.
- CHAPELA
Joan direnak: Javier Dominguez, Daniel Garcia, Miguel Mendez, Gonzalo Moure, Alejandro Patiño, David Ponte eta Mauro Santiago.
Iritsi direnak: Borja Amigo, Hugo Boveda, Breixo Cardoso, Adrian Caride, David Martinez, Miguel Otero, Alexandre Perez eta Pedro Sousa.
(*): Udaren atarian argitaratuko dituzte aurtengo denboraldiko zerrenda ofizialak.