Abel Barriola ez da ari egun onak izaten. Enpresen Ligak herenegun ezezkoa eman zion leitzarrak igandeko binakako finala atzeratzeko eginiko eskaerari, eta kostako zaio atsekabea gainetik kentzea. Atzo, «etsita» zegoela onartu zuen, eta egun batzuetako atsedena nahi duela orain. «Finala ezin jokatzea, eta astebeteko atzerapenik ez egotea, bizkarreko handia izan da. Pilota gure ogibidea izateaz gain, gure ilusioa da, eta finalean egotea lorpen handia da. Halako erabakiek hautsita uzten zaituzte». Egun hauek pasatuta erabakiko du buruz buruko txapelketa jokatuko duen, enpresarekin hitz egin ondoren.
Lau egun falta dira iganderako, eta ez du uste Bilbora ikustera joango denik. «Ez naiz finalera joango, oraingoz ez dut uste. Igual azken unean erabakiz aldatuko dut, baina oraingoz ez dut joateko asmorik». Ez jokatzea erabaki aurretik, enpresak esana zion ez zuela finala atzeratzerik izango, baina berak bazuen iritziz aldatuko zuen itxaropena. «Zentzu pixka bat eskatzen nuen, eta finala atzeratu zedila, pasatu den guztiarengatik. Azken finean, gizakiak gara, eta finalean egotea ilusio handia da pilotarientzat. Nik uste nuen hori interes ekonomikoen gainetik egongo zela, baina enpresak interes ekonomikoengatik arautzen dira».
Itxaropen horrek harridura ekarri du. «Ez dut ulertzen enpresaren erabakia», nabarmendu du, ondo ezagutzen baititu Enpresen Ligaren erabakiak eta arautegien interpretazioak. «Arautegia askotan urratu dute, eta nik uste nuen berriz ere urratuko zutela, baina eurek ez dute hala ulertu». Atzerapen eskaera, era berean, onargarria zela garbi du. «Atzerapena enpresen esku zegoen. Pilota jarraitzen duen edozeinek badaki plazaratu dituzten argudioak nahi dituztenean jar ditzaketela hankaz gora. Ia ez dago urterik arautegia urratu ez denik, eta arazoak egon direnean beti atzeratu izan dira finalak».
Barriolak astebete eskatu zuen bakarrik. Gihar bikiko zuntz- haustura ez da handia, eta 24an jokatuko zuela ziurta ez zezakeen arren, zazpi egunetan asko hobetuko zela sinetsita dago. Gai berean, ez da damutzen harturiko erabakiaz, ezta ere lesioa ez ezkutatu izanaz. «Nik uste astebetean asko egingo zuela hobera, orain arte pixkanaka egin duelako hobera. Nik nire aldetik dena egin dut, eta proba ez zen atera nik nahi nuen bezala, baina ni ez nintzensaiatu behar inor engainatzen, eta alde horretatik ondo harturiko erabakiaren lasaitasuna dut» .
Xalarekin hitz egin du dagoeneko, eta txapelketako bide luzean kide izan duenari ere eragin dio erabakiak. «Lankideak gara, eta lagunak, eta bera ere tristetuta dago». Beroizekin, berriz, herenegun hitz egin zuen. «Nire ordez jokatzen bazuen bere onena emateko esan nion, eta animoak eman nizkion».
Aurrera begira jarrita, eta, finala irabaziz gero, txapela zeinentzat beharko lukeen erabakitzeko auzia dago. Barriolak argi du. «Zoritxarrez, finala irabazi edo galdu, Xala eta Beroiz izango dira txapeldun edo txapeldunorde; ni ez naiz historian agertuko». Beste auzi bat sarrerena da, 150etik gora hitzartuta baitzituen bere gertukoentzat. «Lehenbizi niregatik nago penatuta, baita herriko zaleengatik, erabakia ez da albiste ona izan pilotarentzat». Barriolaren sarrerak Beroizi eman dizkiote, eta orain lau egun dauzka 190 bat banatzeko.
Aurrerago dago buruz buruko txapelketa, eta eskumuturreko ebakuntza egitearen erabakia. Iragan astean egon zen espezialistarenean, beste iritzi bat galdetzen. Manomanista asteartean aurkeztuko dute, baina azken egunetako zalapartak erabakia bigarren maila batean utzi du, eta Barriola enpresarekin bildu behar da. «Finala jokatu ondoren erabaki behar nuen. Azken egunetan hobeto ikusi dut neure burua, baina ez dakit jokatuko dudan, enpresarekin hitz egin behar dut».
Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala
«Ez dut ulertzen erabakia»
Abel Barriola «etsita» dago, binakako finala ezin jokatu duelako, eta aste batean lesioak hobekuntza nabarmena izango zuela uste duOraindik ez daki buruz burukoa jokatuko duen, eta enpresarekin hitz egin behar du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu